Hego Euskal Herriko biztanleen bizitzan eragin handia duten erabakiak hartzen dituzte Espainiako Kongresuak eta Senatuak. Baina euskal herritarren ordezkaritza eta haien eragina beti izango da mugatua: Kongresuan, esaterako, han dauden 350 diputatuetatik 23 baino ez dira euskal herritarrek aukeratuak. Alderdi abertzaleek bereziki beti izan dute eztabaidagai Espainiako erakundeetan parte hartzea komenigarria ote den, eta, parte hartzekotan, zertarako; eta, era berean, nola egin diputatu kopuru mugatu horri ahalik eta etekinik handiena ateratzeko.
Espainian urte askoan nagusi izan den bipartidismoa zartatu izanak aukera berriak zabaldu dizkie Espainiaren menpeko nazioetako ordezkariei beren botoa erabakigarria izan dadin.2015eko abenduko hauteskundeen ostean, Espainiako lau talde nagusiak —PP, PSOE, Podemos eta C's— ez ziren gauza izan ados jartzeko, eta bozak berriz egin behar izan zituzten sei hilabete geroago. Horien emaitza oso antzekoa izan zen, eta, azkenik, EAJren botoa erabakigarria izan zen egoera desblokeatu eta Mariano Rajoy presidente izendatzeko. 2018ko ekainean ere, Rajoyren kontrako zentsura mozioan, Euskal Herriko eta Kataluniako diputatu abertzaleen botoak ezinbestekoak izan ziren hura kargugabetzeko. Itxura guztien arabera, apirilaren 28ko hauteskundeen ostean ere boto horiek erabakigarriak suertatu daitezke.
Euskal politikari gutxik ezagutzen dituzte Espainiako Gorteak Iñaki Anasagastik (Cumana, Venezuela, 1947) bezain ongi: 1986tik 2004ra Kongresuko diputatu izan zen —18 urte—, eta senatari 2004tik 2015era. Gogorarazi duenez, EAJk ere izan zuen XX. mendearen hasieran Espainiako Gorteetan parte hartzeari buruzko eztabaida, sektore batek ez baitzuen egoki ikusten, baina parte hartzearen aldekoak gailendu ziren: «Izan ere, geu gara, PSOErekin batera, Kongresuko kiderik beteranoena, 1917tik egon baikara han».
Anasagastiren ustez, begien bistakoak dira Espainiako Gorteetan egotearen aldeko arrazoiak: «Madrilen Euskadiri eragiten dioten legeak onartzen direnez, absurdoa da han ez egotea», esan du. «Gu ez bagaude, berdin-berdin onartuko dira; hain zuzen ere, horregatik ari da eskuin gogorra esaten igo egin behar dela periferikotzat jotzen dituzten alderdiak Kongresuan egoteko langa. [Jose Antonio] Agirre lehendakariak esan zuen behin gonbidatzen gaituzten leku guztietan egon behar dugula, suhiltzaileen biltzarra bada ere».
Nagua Alba (Madril, 1990) diputatu izan da azken legegintzaldian Elkarrekin Podemosen taldean. Hark ere ez du zalantzarik Espainiako Gorteetan eraginkor izatearen garrantziaz: «Gure eguneroko bizitzan eragin handia dute han hartzen diren erabakiek, onerako eta txarrerako. Garrantzitsua da han egotea, norberaren ikuspegitik herritarrentzat hoberena dena defendatzeko. Argi dago beste leku batzuetan ere hartzen direla erabakiak, eta guk apustu egiten dugu erabaki horiek gertuago har daitezen, baina, oraingoz, han egiten den lana garrantzitsua da».
Marian Beitialarrangoitia ere (Legazpi, Gipuzkoa, 1968) diputatu izan da azken agintaldian, EH Bildu koalizioaren ordezkari. «Azken hiru urte eta erdian aritmetika parlamentarioa hain zabalik eta zatikaturik egoteak erakutsi digu gauzak alda daitezkeela oso boto gutxiren arabera. Guk badakigu Espainian ez dagoela muskulu politikorik, ezta borondaterik ere, estatuaren demokratizazioari ekiteko, baina zerbait norabide egokian mugiaraztea lortuko bada, gutxi bada ere, hori izango da han ezker independentistaren presentzia indartsu baten bitartez».
EH Bildun hainbat tradizio politiko uztartzen dira, eta horietako batzuek historikoki oso jarrera desberdinak izan dituzte Espainiako Gorteetan parte hartzeari dagokionez: trantsizioaren garaitik legez kanporatzeen arora arte, ezker abertzalea aurkezten zen Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeetara, baina hautetsiek ez zuten modu normalizatuan parte hartzen erakunde haietan. Eusko Alkartasunak, berriz, aurkezteaz gain—1993an, Euskal Ezkerrarekin koalizioan—, normal parte hartu izan du Espainiako Gorteetan.
Beitialarrangoitiaren arabera, gaur egun EH Bilduk darabilen formula bi tradizio historiko horien «erdibidean» dago. «Pentsatzen dugu ez dela euskal herritarren interesak defendatzeko lehentasunezko jarduera lekua, baina, handik etor daitezkeen erasoen tamainarengatik, han ere tinko egon behar dugu. Oso jakitun gaude zer testuinguru politikotan bizi garen, eta horrek eraman gaitu bustitzera eta behar den mailan parte hartzera, baina argi dugu gure lehentasuna hemen dagoela, eta hemen egiten dugunak eramango gaituela aurrerapausoak ematera».
Euskal agenda
Azken urteotan indarra hartu du euskal agenda esapideak: euskal herritarren kezka, asmo etaeskakizunen zerrenda litzateke, Madrilen aurkeztu eta han erdietsi beharrekoa, normalean negoziazio baten ondorioz.
EAJk askotan erabili du kontzeptu hori, eta esan daiteke Espainiako botereguneekin duen harremanaren eredu ere bilakatu duela: unean uneko gobernuarekin negoziatu eta, beste zenbait arlotan eman beharreko sostenguaren truke, eskumenak, inbertsioak, azpiegiturak edo diru poltsak eskuratu. «Espainiako hedabideek hauteskunde hauek aurkezten dituzte Espainiako presidentea aukeratzeko bozak balira bezala», azaldu du Anasagastik, «baina ez da horrela: diputatuak aukeratzen dira. Eta diputatu guztien botoek berdin balio dute. Sekulako garrantzia du diputatu horiekin jokatzen asmatzeak».
Jakina, horrekin kritiko agertzen direnak ere badaude. Elkarrekin Podemoseko Nagua Alba, esaterako, «haserretu» egiten da entzuten duenean EAJk auzi horren inguruan darabilen diskurtsoa; «Gu Euskal Herrian aurkeztu ginen hauteskundeetara, Euskal Herrian lortu genituen botoak, eta Euskal Herriarentzat eta euskal herritarrentzat egiten dugu lan Madrilera joaten garenean. Ez guk bakarrik: berdin pentsatzen dut EH Bilduko diputatuez eta PSOE eta PPko euskal diputatuez ere; askotan ez naiz haiekin ados egongo, baina ez dut dudarik egiten beren ikuspuntutik ari direla euskal herritarren interesak defendatzen».
Albaren arabera, «[Espainiako] Estatu mailako talde handi baten parte izateak arazoak ekar litzake, baina abantaila handiak ere bai. Boto gehiago ditugu osoko bilkuretan, eta euskal herritarren eskakizunak defendatu behar ditugunean boto gehiago jar ditzakegu mahai gainean horiek lortzeko. Nik eztabaida handiak izan ditut nire alderdiko zuzendaritzarekin, baina euskal agendako gaiak agertu diren guztietan zuzendaritzaren erantzuna positiboa izan da beti, eta behar besteko garrantzia eman diote euskal agenda horri. EAJk ez du eskubiderik esateko eurak direla euskal diputatu bakarrak».
Anasagastik ez ditu ontzat jotzen kritika horiek: «Herritar arrunt bati eskatzen badiozu Elkarrekin Podemoseko diputatu baten izena esateko, seguru asko ezin izango du bakar bat ere esan. Jendeak ez ditu ezagutzen, talde handiago batean diluituta daudelako. Bakoitzak nahi duena esatea dauka, baina auzi honetan EAJk du sinesgarritasuna. EAJk 129 urteko historia du, Euskadin sortua da, eta haren interesak Euskadin hasi eta bukatzen dira, beste batzuenak ez bezala».
Beitialarrangoitiak, berriz, uste du jokatzeko modu hori ahituta dagoela, are gehiago kontuan hartuta Espainia aldetik datozen birzentralizatze haizeak. «Espainiako Estatuarekin harreman maltzurra dugu, tranpa bilakatu dena, menpekotasun harremana delako eta eramaten gaituelako behin eta berriro gauza bera negoziatzera.Ez da benetako aldebikotasunean oinarritutako egoera bat. Nekez sinets dezakegu orain arte egon ez den borondatea orain egongo dela, hain justu proposamenak kontrako norabidean egiten ari diren honetan».
PSE-EEko Odon Elorza ere (Donostia, 1955) Espainiako Kongresuko diputatua izan da, baina, besteak ez bezala, hautagai izango da berriro hurrengo hauteskundeetan.Hark ez du «haserre» hitza erabiltzen, Albak bezala, baina aitortzen du ez duela gogoko EAJren jokabide hori.
«Niri ez zait gustatzen salerosketa hori; adibidez, [Espainiako Gobernuaren] neurri sozialak babesteko EAJk transferentzien inguruko eskaerak egitea», esan du Elorzak. «Transferentzia horietako batzuk ez ziren hain garrantzitsuak, eta hurrengo hilabetean ere egin zitezkeen arazorik gabe, baina iruditzen zait okerra dela arlo sozialean hainbesteko sakontasuna duten neurriak baldintzatzea soilki eskumenak lortu izanaren domina paparrean jartzeagatik. Orobat, okerra iruditzen zait EH Bilduren jarrera, aurrekontuei ezezkoa emanda. Iruditzen zait EAJ eta EH Bildu planeta foralean itxita daudela, eta horrek ez diela uzten ikusten zein garrantzitsua den herritar guztientzat onuragarriak diren neurriak onartzea».
Elorzak dioenez, PSE-EEk ere badu «euskal agenda» bat, batez ere «arlo sozialeko gaiek» osatua, eta horietako batzuk zerrendatu ditu: azken eskumenak transferitzea «gizarte segurantzaren kudeaketa alde batera utzita, hori teknikoki konplikatuagoa delako, nahiz eta nik nahiko nukeen ahalik eta lasterren egitea», AHT abiadura handiko trena, Pasaiako portua (Gipuzkoa), espetxe politika eta abar.«Dena dela, kosta egingo da agenda hori betetzea, zerga politika berri batekin batera joan behar duelako, diru sarrerak handitu ahal izateko», ohartarazi du.
A-28aren ostean
Inork ez daki zer gertatuko den apirilaren 28ko hauteskundeetan, baina bi bloke nagusietan—PP, C's eta Vox alde batetik, eta PSOE eta Unidas Podemos bestetik— bat ez bazaio besteari gailentzen, eragiteko esparru interesgarria zabaldu ahal zaie gainerako indarrei. Hori, jakina, bi blokeen dinamika apurtzen duen itunik gertatzen ez bada.
«Hori da, hain zuzen, nire kezka nagusia», esan du Anasagastik, «alegia, PSOEk eta C's-ek ituna egitea. Nik, egia esateko, ez dut uste eskuina nagusituko denik, oso eskuin zatarra delako. Eta PSOE nagusitu arren, seguru asko beste batzuen botoa ere beharko dute presidentetzara iristeko. Pedro Sanchezek kosta ahala kosta eutsi nahi dio presidentetzari, eta ez du arazorik izango EAJren edo EH Bilduren botoak eskuratzeko, baina beldur naiz bere alderdiaren barrutik presio handia egingo ote dioten C's-ekin ituna egin dezan».
«Eskuina lotsa galduta dabil aspaldion», esan du Anasagastik. «Pentsatzen duena esaten du ahoan legarrik gabe, nahiz eta ezer berririk ez izan; orain esaten dituztenak nik beti entzun izan ditut Madrilen, baina orduan ahopean esaten zituzten. Eskuina han egon da beti. Horrek ez nau ezustean harrapatu. Nire beldurra lehen esandakoa da: PSOEk eta C's-ek ituna eginez gero, horrek ez ote duen kolokan jarriko kontzertu ekonomikoaren eta kupoaren gaia, esaterako».
Marian Beitialarrangoitiak, aldiz, uste du eskuinak agintea eskuratzea eta «garairik beltzenetara» bueltatzea badela aukeretako bat. Bestea, berriz, azken hilabeteetako egoera «oso irekiaren» antzeko bat suertatzea litzateke. «Bigarren kasu horretan, nik uste dut PSOEk badakiela lurralde auzian arazo oso handi baten aurrean dagoena, eta epaitegietatik ez baizik beste nonbaitetik ekin beharko diola horri. Ez dut uste proposamen demokratiko bat egiteko gaitasun politikorik duenik, baina, haiek ahul badaude eta independentistak indartsu bagaude, gaur egun dagoen inboluzio horretatik mugitu beharko da».
Nagua Albaren ustez, Andaluziaren moduko gobernu bat —PP eta C's-en artekoa, Voxen sostenguarekin— «oso kaltegarria eta arriskutsua» izango litzateke Euskal Herriarentzat, «eskubideetan atzerapauso nabarmenak» ekarriko lituzkeelako: «Beldurgarria iruditzen zait aukera hori». Beste aukera, berriz, Sanchezek aurkezturiko zentsura mozioan azaleratutakoa litzateke: «Bloke hori plurala da, oso indar desberdinak daude hor, baina aniztasun horrek beharrezko egingo luke elkarrizketa eta negoziazioa, eta hori positiboa iruditzen zait».
Albaren aburuz, bloke hori osatzeko baitezpadakoa da PSOEk hartuko duen jarrera, «agintaldi honetan bi PSOE ikusi baititugu: C's-ekin ituna egiten saiatu zena, eta zentsura mozioaren ondoren politika progresista batzuk aurrera atera zituena».
Elkarrekin Podemosek ere «eraginkorra» izan nahi du, eta Albak uste du hala izan direla Sanchez gobernuan egon den hilabeteetan, «hartu dituen politikak guk bultzatuta hartu dituelako». Apirilaren 28aren ostean eraginkortasun hori areagotu nahi dute; Pablo Iglesiasek, gainera, behin baino gehiagotan azaldu du boto kopuruek horretarako aukera emanez gero PSOErekin koalizio gobernua egitea onetsiko lukeela.
Elorzak, berriz, nahiago du hauteskundeen ostean sor litezkeen egoerez iritzirik ez eman, baina argi du PSE-EEko diputatuek «berme» izan behar dutela euskal agenda betetzen dela ziurtatzeko.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria
ZERTARAKO JOAN, ETA ZER EKARRI
Hego Euskal Herriko indar politiko nagusiak bat datoz garrantzitsua dela Espainiako Gorteetan lan egitea, baina helburuak eta eragiteko moduak oso desberdinak dira. Aukerak ugaldu egin daitezke hauteskundeen osteko egoera aurreikusten den bezain irekia baldin bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu