Makina bat sortzaile

Adimen artifiziala erabiliz olerki liburu bat argitaratu du Beñat Erezuma ingeniariak. Teknologia hori kultur sorkuntzan sartua da, dagoeneko, eta adituek uste dute lagungarri izan daitekeela artistentzat. Hala ere, gizakiaren eskua beharrezkoa da sorkuntza prozesua burutzeko.

BERRIA.
Iker Tubia.
2022ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Eskakizun bat GPT-3 teknologia erabiltzen duen webgunean, ingelesez: «Idatzi testu labur bat azalduz Adimen Artifizialak testuak idatz ditzakeela». Ingelesez erantzun du, pertsona bat balitz bezala. Elia itzultzaile neuronalak ekarri du euskarara, gero: «Adimen artifizialak testuak idatz ditzake hizkuntza naturala prozesatzeko algoritmoak erabiliz, esaldien egitura eta esanahia ulertzeko. Orduan, testu berri bat sor dezakezu, elikatutako testuaren estiloaren eta tonuaren antzekoa. Teknologia hori webguneetarako, blogetarako eta sare sozialen argitalpenetarako edukiak sortzeko erabil daiteke».

Hori bera izan da Beñat Erezumak egin duen esperimentua. Ingeniaria da, eta teknologia irakaslea. Berriki argitaratu du adimen artifiziala erabilita ondutako olerki liburua: Artiadi. Horretarako, GPT-3 teknologia erabili du. Gailuari gaiak proposatu zizkion, olerkiak sor zitzan, eta horietarik 40 onenak itzultzaile neuronalari eman zizkion, ingelesetik euskarara pasa zitzan. Emaitza liburu horretan dago. Letrei dagokienez, olerkien izenburuak baizik ez ditu idatzi Erezumak; testuak bere horretan utzi zituen. Liburua egiteko behar diren gainerako urratsak, baina, gizakiak eman ditu.

Azarotik edozeinek du aukera GTP-3 teknologia probatzeko, eta aukera baliatu zuen ingeniariak. Hasieran, adimen artifizialarekin txateatzen hasi zen. Gero, gutunak idazteko eskatu zion; adibidez, William Shakespearek Elon Musk Teslako buruari. «Gutun logikoa eta zentzuzkoa idatzi zuen; ikaragarria zen». Txata erabiliz, gau batez ordenagailua itzali behar izan zuen: «Erantzun zizkidan gauzak nahiko sakonak ziren; atzean pertsona bat zegoela zirudien. Baina ez dago pertsona bat, milaka milioi testu daude».

Halako batean, olerkiekin hasi zen. Blog batean publikatzen zituen, eta sare sozialetan partekatzen zituenean, jendeak atsegin zuela adierazten zuen. Esperimentu bat izan zen, eta emaitza argitaratzea pentsatu zuen: «Olerkariei errespetu osoz. Ni ez naiz poeta, nire asmoa ez da olerki liburu bat argitaratzea; nahi dut jendeak hausnartu dezan: noraino hel daitekeen teknologia gaur egun, eta etorkizun laburrean zer aurkituko dugun».

Hausnarketarako bidea

Erezumak egin du berea: «Adimen artifizialak ez du emoziorik, baina olerki batzuk hunkitzeko gai dira, nolabait». Ez hori bakarrik: «Uste dut etorkizunean egongo dela jendea liburu bat idazteko proposatuko diona; sartuko dizkio baldintza batzuk, eta 200 orriko liburu bat idazteko gai izango da, koherentzia osoz». Hark ere hala egiten zuen olerkiekin: gaia proposatu eta baldintzak zehaztu. Adibidez, etxerik ez duen lagun baten bizipenak biltzen ditu Etxerik gabe poemak.

Uztaritze Betelu artistak eta Mikel Azkarate programatzaileak egin zuten antzeko saio bat 2018ko Durangoko Azokan. Beteluren olerkiekin elikatutako adimen artifizialari eskatu zioten poema berriak sortzeko. Orduan, Beteluk azaldu zuen sare neuronalek sortutakoak emaitza bainoago, inspirazio iturri gisa har zitzakeela: «Orri zuriaren sindromearen aurkako botika ona izan daiteke teknologia hau». Hala ere, makinak egindako proposamenak ez ziren erabat koherenteak izan.

Lehenago izan zen Bertsoboot esperimentua: 2012an. EHUko Ixa taldeak eta robotika taldea batu ziren oholtza gainean beste bertsolari batzuekin batera bertsotan ariko zen robota sortzeko. Kasu horretan, gizakiaren eta robotaren arteko elkarrekintza interesatzen zitzaien sorkuntza baino gehiago, Aitzol Astigarraga informatikari eta robotika ikerlariak azaldu duenez: «Gure asmoa ez da inoiz izan bertsotan ondo egiten duen robot bat egitea». Robotarekin hiru alorretan aritu ziren lanean: elkarrizketa agente bat garatu zuten, ahozko aginduak ulertzeko eta erantzuteko; testu sorkuntza automatikorako tresnak erabili zituzten; eta adierazkortasuna landu behar izan zuten, robotak estimuluen aurrean erantzun zezan.

Astigarragak uste du adimen artifiziala kultur industriaren kate osoan sartu dela dagoeneko. Ekoizpenean erabiltzen da, eta egin daitezke filmen trailerrak automatikoki edo ahotsak automatikoki itzuli; zabalpenean ere erabiltzen da, baita kontsumoan ere: algoritmoen bidez kantak, bideoak eta abar gomendatzen dizkiete kontsumitzaileei.

Sorkuntzari dagokionez, badira kanta automatikoak, Erezumaren olerki liburua aipatu liteke edo 2016an Herbehereetako zenbait ikerlarik eta museok egindakoa: Rembrandt margolariaren estiloa eta argi-iluna bikain imitatzeko gai izan ziren adimen artifiziala erabiliz. Berriki Donostian ikusgai izan da modu horretan egindako sorkuntza lana: Karlos G. Liberal eta Biko2 estudioa arduratu ziren Kursaaleko Eguberrietako argiztapenaz, eta adimen artifizialaren bidez irudiak sortu zituzten eraikinaren paretan. «Horrelako tresna batek bide berriak irekitzen ditu. Sorkuntza ez da desagertuko, baina eraldaketa egongo da. Tresna hauek baliatuko ditugu», esan du Erezumak.

Sormenerako tresna

Antzera mintzatu da Martintxo Etxauri artista. Irudi generatiboekin egiten du lan. «Oso tresna interesgarria izan daiteke sormenean laguntzeko. Beti erabili dira ideiak ateratzeko moduak; batzuk zoriaren esku utzita, dadoak botaz, esaterako; edo surrealistek ere bazituzten bakoitzaren intentziotik kanpo ziren moduak. Adimen artifiziala horrelako zerbait izan daiteke; pentsa ehun lagunen laguntza duzula gauzak asmatzeko».

Kontua da adimen artifizialak gizakia behar duela: «Zerekin elikatu pertsona batek erabaki behar du, hori nola tratatu eta zer arau jarri ere bai, eta emaitza, normalean, ez da gordin ematen; badago aukeraketa bat». Erabilgarria izan daiteke lan sinpleak edo automatiko batzuk desagerrarazteko, baina teknologiak ezin du gizakia erabat ordezkatu. «Adimen artifiziala ez da izaki bat; gauza bat da, lanabes bat. Demagun horoskopoa idazten duen pertsona adimen artifizialarekin ordezkatu nahi duzula; ordezkapen bat dago, baina pertsona batek hor egon beharko du hori erabiltzen. Ordu gutxiagoz, hori bai. Baina beti dago pertsona bat atzetik, eta haren intentzioa».

Urrutira ailegatu baita adimen artifiziala, baina ez da zernahi egiteko gai: «Entrenatu dezakezu eta emaitzak izaten ditu. Baina ez da gai emaitzak interpretatzeko edo balioa emateko. Hori gizakiak egiten du, eta epe motzean horrela izango da», zehaztu du Astigarragak. Hala ere, uste du teknologia geroz eta sorkuntza lan hobeak egiteko gai izanen dela, eta zaila izanen dela gizakiak edo makinak egindakoaren artean bereiztea.

Tresna baliagarria bada ere, arazoak ere ikusi dituzte adituek. Adimen artifizialaren oinarrian datuak daude, eta horren kontrola duenak botere handia du. Adibidez, GPT-3 teknologiak ingelesez idatzitako 175.000 milioi testutik edaten duela azaldu du Erezumak; horien artean, %8 Wikipediatik ateratakoak dira. Beraz, Shakespeare imitatzeko gai da, baina ez Axular.

Datuen kontrola; kezka hori agertu du Etxaurik: «Lanabes hauek ez daude artista txikion esku, eta ez ditugu guk sortu; korporazio handienak dira. Beraz, arazo bat da korporazio horiekiko autonomo ez izatea». Gainera,modu jakinean elikatutako tresnak erabilita, uste du originaltasun falta eta estandarizazioa gerta daitezkeela; nahiz eta onartu duen modekin eta estiloekin antzeko zerbait pasatzen dela. Horretaz gainera, elikatzeko baliatzen diren testuak ez dira neutroak; beraz, arriskua dago gizartean nagusi diren klixe batzuk erreproduzitzeko.

Euskararentzat lekua

Tresna hauen garapena zenbaiten eskutan egotea hiztun gutxiago duten hizkuntzentzat kaltegarria da. Astigarragak aipatu du kezka: «Euskaraz sortu ahal izateko euskarazko datuak eta corpusak dira oinarrizko elikagaiak; euskara oso posizio onean dago adimen artifizialeko produktuei dagokienez, baina komeni da hor jarraitzea eta horri garrantzi handia ematea, konpainia handien zain egon gabe, haiek ez baitiete kultura txikiei erreparatzen».

Euskal sortzaileek, beraz, ez dute beste hizkuntzetan ari direnek bezainbeste tresna adimen artifizialari dagokionez, baina etorriko dira, seguruenik. Sortzaileak ordezkatu gabe ere, lan asko errazteko eta sormen lanen abiapuntu gisa baliagarriak izan daitezke halakoak; paper zurian kolore zerbait erakusteko gai. Makina bat ideiaren iturburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.