Salbuespenezko kultura

Koronabirusak hankaz gora jarri du kulturgintza 2020an. Gogor jo ditu bai sortzaileak bai zuzeneko arteen sektorea, eta bertan behera geratu ez diren ekitaldi urriek ere modu bakarra izan dute aurrera egiteko: osasun krisialdiaren unean uneko murrizketetara eta neurri aldakorretara egokitzea.

Inigo Astiz
2020ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Aurreikuspenen arabera joandako lehen bi hilabeteren ostean, bihurgunea kolpean hartu beharra suertatu zaio kulturgintza osoari aurten. Alorraren arabera, erabatekoa edo partziala izan da koronabirusaren osasun krisiak eragin duen etena, baina urte amaierarako zirrikitu guztietara heltzeraino gailendu da salbuespenezko logika, eta ikusteko dago oraindik ere norainoko soka utziko duen. Puntu batekin itxi beharrean, koma batekin bukatuko baita 2020a. Asfalto beltz leunean klarion zuriz marraztutako lerro zuzen baten irudiarekin hasi arren, martxoan ezarritako lehen itxialdiaz geroztik, agertu eta desagertu ibili den marra apurtu batekin soilik irudika daiteke urte hau, eta, hain zuzen ere, pandemiak kraskatutako lur horren unean uneko irregulartasunetara egokitzen asmatzeko borrokan joan dira kulturaren munduko ahalegin gehienak aurten.

ERORIKOA

«Aurreko krisialditik pixka bat egituratuta eta muskulu pixka bat eginda bageunden, ba, berriro jausi da dena». Martxoko itxialdia igarota, maiatzean, lehen irekiera partzial eta neurtuak hasi berritan, hitz horiekin egin zion egoeraren erretratua BERRIA egunkariari Aitor Bengoetxea Musika Bulegoa elkarteko lehendakariak. Osasun krisiari aurre egiteko ezarritako eten orokortuak erabat geldiarazi zuen ohiko kultur jarduna, eta erabat egokia da, horregatik, jausialdiaren metafora. Apirilean egindako ikerketa baten arabera, %82,6an kuantifikatu zuen murrizketa hori Eusko Jaurlaritzaren menpeko Kulturaren Euskal Behatokiak Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Baina jarraitu egin dute trabek lehen ikerketa hura egin eta gero ere, eta pentsatzekoa da, beraz, hasiera batean kalkulatutakoa baino handiagoa izan dela kaltea azkenerako. Eta antzekoa litzateke egoera datua Euskal Herri osora zabalduz gero ere, baldin eta okerragoa ez bada.

Erabateko itxialdiaren ostean ere, ordezkari politikoek hartutako osasun neurriek markatu dute kulturgintzaren agenda. Unean unean, eta, lurraldez lurralde, eserleku kopurua herenera edo erdira bakarrik betetzeko aukera izan dute zinema, musika zein antzerki aretoek, eta, gainera, tarteka, beren herrietako edo probintziako ekitaldiak ikusteko aukera soilik izan dute zaleek. Ondorioz, sortzaileen lan egutegiak elurte batek harrapatu balitu bezala joan dira zuritzen. Oasi gutxi batzuen salbuespenarekin, basamortua ikusi dute leihotik.

Desagertu egin dira tabernetako zirkuituak, adibidez. Udako musika jaialdi gehienak erori dira. Berdin herrietako festak ere. Profesionalizazioaren muturretik hasi eta herri giroko ekitaldietaraino luzatu da eragina, gainera. Pastoralak. Maskaradak. Dantzaldiak. Topaketak. Eta luzatu zerrenda nahi beste. Luzaro itxita egon ondoren, puntualki soilik zabaldu dituzte ateak normalean kontzertu programa egonkorrak eskaintzen dituzten aretoak. Eta ia hiru hilabetez itxita egon ostean, eta uda sasoia zabalik eman arren, nabarmen urritu dira Euskal Herriko museo nagusietako bisitari kopuruak ere; hainbeste, ezen iazko bisitarien laurdena bakarrik jasotzera heldu baita, esaterako, Bilboko Guggenheim museoa.

Azkar lurrundu zitzaizkien sortzaileei itxialdi ostean ohiko jarduerara azkar batean itzultzeko esperantzak.Berehala ikusi ahal izan zen salbuespena ez zela aste gutxi batzuetako kontua izango. Eta gordin irudikatu zuen etorkizuna Igor Elortza bertsolariak maiatzean BERRIAk kulturgintzari eskainitako mahai inguruan.«Ematen du honek denbora luzetxo baterako emango duela, eta darwinismo sozio-kultural-ekonomiko gogor bateko pare bat urte datozela».

LAGUNTZAK

Egoerari aurre egiten saiatzeko, larrialdiko hainbat laguntza bide zabaldu dituzte Euskal Herrian horretarako eskumena duten bateko zein besteko erakundeek. Lehen kolpeko itxiera konpentsatzeko diru partida batzuk abiatu zituen Parisek, esaterako, eta intermitentzia laguntzak eskuratzeko baldintzak ere malgutu zituen. Madrilek lanik gabe geratutako autonomoak laguntzeko partida orokorra soilik proposatu zien kulturgileei lehen kolpean, baina hainbat partida adostu ditu gerora: enpresa txikiei edo sortzaileei bideratutako zuzeneko diru laguntzak eta fiskalitatea arintzeko neurriak, kasu. Izan dira sektorez sektoreko laguntzak ere. Bizkaiko Foru Aldundiak herritarrak kultura erostera animatzeko hainbat bonu jarri ditu martxan, eta izan dira lekuan lekuko bestelako proposamenak. Edonola ere, Euskal Herrian, Eusko Jaurlaritza izan da alor horretan aktiboen aritu den erakundea.

Apirilean 2,5 milioi euroko laguntza partida bat adostu zuen Gasteizek Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko sektorearentzat. Hasiera batean, kultur formakuntzarako aurreikusita zegoen poltsa desbideratu zuen horretarako, eta autonomo profesional ziren sortzaileei, gehienez ere, 1.200 euroko laguntzak bideratzeko aukera zabaldu zuen proposamenak, betiere, sei hilabeteko mugarekin, eta soilik izandako galerak, aurrez, bestelako laguntza batzuekin konpentsatzerik izan ez bazuten. Bigarren kolpe batean, besteren kontu ari diren kulturako langileentzat ere zabaldu zieten laguntza horiek jasotzeko aukera, eta bi milioi euroko bigarren poltsa bat ere sortu zuten kulturako enpresa txikientzat.

Kulturgintza laguntzeko abiatutako saio horiek, ordea, ez dute beti asmatu kulturgintzan dabiltzanen errealitatera egokitzen, eta kexak ere izan dira horregatik. Lana galdu izanagatik konpentsazioa jasotzeko, lan kontratua altan izan behar zuten sortzaileek, esaterako, eta sektorearen arabera, egoera hori ez da ohikoena izaten. Hala bada, kultur sortzaile izan arren, kultur sortzaileak laguntzeko deialdietatik kanpo gelditu da hainbat jende. Batzuetan, baita autonomo izan, altan egon eta plazaz plaza aritu arren ere. Adibide bat: Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken hiru txapeldunek ezin izan zuten Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako lehen laguntza poltsan izenik eman, hasiera batean, dirua jaso ahal izateko ezarri zituzten epigrafeetan ez zeudelako. Egokitzapenak, xedapenak eta moldaketak egiten eta konpentsazio moduak bilatzen aritu dira erakundeak geroztik, eta adi jarraitu dute mugimendu horietako bakoitza kulturgileek.

Larrialdi egoerak bultzatuta joan da kulturgintza antolatzen eta elkarteak osatzen ere, eta Reset plataforma izan daiteke horren adibide. Osasun krisia lehertu zenean, izen horren pean elkartzea erabaki zuten zuzeneko arteetako sei elkartek: Eskena Euskadiko Ekoizle Eszenikoen Elkarteak, Artekale Euskal Herriko Kale Arteen Elkarteak, EAB Euskal Aktoreen Batasunak, EZE Euskal Zirku Elkarteak, Musika Bulegoak eta ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak. Laguntza eskariak egin dituzte, nagusiki lehen unean, eta laguntza partidak martxan jartzerakoan egin beharrekotzat zituzten aldaketen berri ere eman dute puntualki. Izan dira tentsio uneak eta protestarako deiak ere, tartean.

PROTESTAK ETA GREBA

«Desagertu egingo gara, oihala beheratuko dugu eta sareetan zein hedabideetan ez dugu inongo ekimenik egingo, ez dugu zuzeneko edo grabatuko emanaldirik ez eskainiko ez partekatuko. Oihala beheratuko dugu eta gure ahotsa isilduko dugu, entzun gaitzazuen». Apirilaren 21 eta 22an, barra-barra zabaldu zen planto egiteko dei hori euskal kulturgintzaren munduan, eta mila sortzaile baino gehiagok egin zuten bat itzalaldi proposamenarekin. Bi egunez, sarera inongo kultur edukirik ez igotzeko eta ezelako kultur edukirik ez zabaltzeko konpromisoa hartu zuten. «Lehendik kulturgileen, sortzaileen zein artisten egoera nahiko prekarioa bazen, jazoera berri honek larrialdia areagotzea ekarri du». Unean uneko neurriez harago heltzen zen protesta martxan jarri zuen manifestuaren gezia, halere. «Paradigma, eredua, patroia da errotik eraldatu nahi duguna». Laguntza eskariez gainera, horregatik, batzorde tekniko iraunkor bat eratzeko proposamena ere egiten zuen testuak. 2020an, behintzat, gertatu ez den zerbait.

Greba hura ez da pandemian aktibatutako protesta bakarra izan, ordea. Jendetsuak izan dira AlertaGorriak eta bestelako plataformek Euskal Herriko hiriburuetan deitutako ekintzak ere, eta behin eta berriz mobilizatu dira zuzeneko emanaldietako teknikariak biltzen dituen Teknikariok sindikatuko kideak ere. Beltzez jantzita gehienetan, beren lanbidearen ikur diren kutxa eta tresnak garraiatzen.

Pandemiaren eragina 2020. urtearekin amaituko ez den bezala, kulturgileek bizi duten egoera salatzeko ekintzak ere ez dira abenduaren 31n amaituko.

MOLDAKETAK ETA ITXIERAK

Sonatuak izan dira pandemiak eragindako eroriko asko, baina izan dira unean uneko egoerara moldatzeko modua asmatu eta zortea alde izan duten ekitaldiak ere. Itxialdiak bete-betean harrapatu zizkion atzamarrak Bilboko Loraldia jaialdiari, esaterako: bi ekitaldi soilik eskaini ostean eman behar izan zuen itxitzat udaberrirako prestatutako 29 ekitaldiko programazioa, baina, bigarren bote batean izan arren, eta eserleku kopurua murriztuta izanagatik, udazkenean erreskatatu ahal izan zuten haren parte bat. Eta ez da halako kasu bakarra izan.

Donostiako Jazzaldiak, esaterako, goitik behera irauli zuen aurrez prestatuta zuen nazioarteko musikariz betetako egitaraua, eta Euskal Herriko jazz musikariekin eta agertoki kopurua erabat urrituta egokitu zuen bere eskaintza. Euskadiko Orkestrak ere emanaldi bat baino gehiago eskaintzen eta unean uneko zirrikituak baliatuz osatu ahal izan du denboraldia. Eta Durangoko Azokak salmahairik eta ia bisitaririk gabe egin du bere aurtengo edizioa, denda digital bat sortuz, eta streaming bidez zabaldu du 100 ekitalditik gorako programazioa. Pozik azaldu da, gainera, Gerediaga elkartea lortutako emaitzarekin, hurrengo urtean ohiko azokara itzultzeko asmo argia adierazi arren.

Zinemaldia izan da urteko salbuespen nagusietako bat. Cannesko jaialdia bertan behera utzi zuten udaberrian, eta kolpea eragin zuen horrek zinemagintzaren industrian, baina eutsi egin zion Veneziak, eta, Donostian ere, Zinemaldia Zinemaldiari zegokion sasoian antolatzeko apustua egin zuen Jose Luis Rebordinosek zuzendutako lan taldeak, eta baita filmak aretoetan proiektatzekoa ere. Ohi baino nabarmen distira gutxiagorekin eta kontrol neurri zorrotzagoekin, baina pandemia betean proiektoreak piztu ahal izan zituen edizioak, eta eredu horren defentsa egin zion Rebordinosek BERRIAri, jaialdia abiatu aurrean. «Uste dugu jaialdi bat topagune bat dela, jendea elkartzeko gune bat, zinemaz eztabaidatzeko, iritziak trukatzeko, gogoeta egiteko, negozioa egiteko... Eredu horren alde gaude, eta hori defendatzen jarraituko dugu».

Durangoko Plateruena kafe antzokiaren itxiera izan da euskal kulturgintzan oihartzun handiena izan duen erorikoetako bat. Aurrez ere zenbakiak kontrara itzuliak zituen proiektuak, baina, arduradunen hitzetan, koronabirusak eman die azken bultzada, eta ateak ixtera behartu ditu. Gune berean euskalgintzarekin eskutik joango den proiektu bat garatzeko lanetan dabiltza jadanik herriko eragileak Udalarekin, baina ziklo oso baten amaiera irudikatu du haren itxierak. Duela aste gutxi, Bilboko Kafe Antzokiak ere ateak itxita ospatu du 25 urteko ibilbidea, eta itxita jarraituko du, gainera, osasun neurriek beren ostalaritza jarduera bideragarri egiteko aukera zabaldu artean. Eta orokorra da argazkia. Urtearen zati handi bat itxita eman baitute Donostian DabaDabak, Gasteizen Jimmy Jazz-ek eta HellDoradok, Miarritzen (Lapurdi) Atabalek, eta Iruñean Zentral aretoak. Horiek, besteak beste.

ETA ORAINDIK

Bertsolari Txapelketa Nagusiarekin gertatutakoa izan daiteke oraindik ere gehiago etor daitekeela gogoratzeko oroitarazlea. Berez, hastekoa den urteko irailean egin behar zituzten lehen saioak, baina data berririk eman gabe atzeratu du zita Bertsozale Elkarteak. Horixe egin du aurten, besteak beste, Bizkaiko txapelketarekin eta Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako bertsolariak batzen dituen Xilaba txapelketarekin ere. Saio digital batzuk eta formula berriak probatzen ere saiatu da elkartea, baina agerikoa izan da kolpea ohiko bertso zirkuituetan. 1.100 saiotik gora zenbatu zituzten iaz elkartekoek, bertso saio, bertso bazkari, bertso afari eta bestelako guztiak ere kontuan hartuta; aurten, ordea, justuan heltzen da kopuru hori 430etik gora. Areago. Bertso eskolek ere zailtasunak izan dituzte normaltasunez jardun ahal izateko.

Horregatik guztiagatik erabaki dute 2021ean egitekoa zen Txapelketa Nagusia airean uztea, data berririk iragarri gabe. Ziurtasun handiagoen esperoan. Badaezpada. Eta balio dezake kasuak gogoan hartzeko 2020ko krisia nekez amaituko dela egutegiarekin. Puntu batekin beharrean, halaxe amaituko baita pandemia urte hau kulturan, ziurgabetasunari hurrengo urteetara hedatzen jarraitzeko modua utziko dion koma batekin,
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.