Alpinismoaren kintesentzia

Trango II Dorrean (6.320 m) bide berri bat zabaldu dute Iker eta Eneko Pou anaiek eta Fay Manners ingelesak: Waa Shakir (6b/M5/70?/2.200 m). Espedizioak iraun duen hilabete eta erdian, elurra izan dute ia egunero. Hala ere, beste bost bide zabaldu dituzte Trangoko orratz txikiagoetan. Horrekin eman diote amaiera Lau Elementuak proiektuari.

Iker Pou, Fay Manners eta Eneko Pou, Trango II-ko igoeran. POU ANAIAK.
ramon olasagasti
2023ko uztailaren 5a
00:00
Entzun

Lau dira berez naturako elementuak: ura, lurra, sua eta airea. Baina bosgarren bat ere badela esaten da, kintesentzia, lau elementuez haraindikoa, aurrekoak baino sotilagoa, energia modu bat. Kintesentzia hori bada, aldi berean, zerbaiten muina, mamia, funtsaren funtsa. Lau Elementuak proiektuari amaiera eman berri diote Eneko eta Iker Pou anaia gasteiztarrek berriki. 2017an ekin zioten asmoari: urte haren hastapenean, aireak Patagoniara eraman zituen, Guillamet orratzera zehazki; uraren bila Peruko Amazoniako Gocta ur jauzira joan ziren gero; sua Sao Tome eta Principe uharteko Cao Grande sumendi ikusgarrian aurkitu zuten, 2018an; eta, oraindik orain, lurrari Himalaian hartu diote neurria, Trangoko dorreetan (Pakistango Karakorum mendigunea). Naturako lau elementu horietako bakoitzean, ordea, hor egon da bosgarrena ere, alpinismoaren kintesentzia, poutarrak mugiarazten dituen energia hori: proiektu bakoitzean bide berriak irekitzeko, estilo garbia erabiltzeko eta erronka bakoitzean zailtasuna, konpromisoa eta dotorezia uztartzeko grina hori.

 

Ikusi gehiago:Airea, ura eta sua

Proiektuari ekin ziotenean, inork espero ez zuen ezusteko beste elementu batek erdiz erdi eragin du proiektuan: pandemiak. «Kosta zaigu asmoari bukaera ematea, egia esan. 2017an egin genituen lehen bi elementuak: airea eta ura. 2018an, sua egin genuen. 2019an, hara eta hona ibili ginen; agian, gure ibilbideko urterik onena izan zen hura: hamar bide ireki genituen Andeetan, Himalaian, Europako Mendietan, Alpeetan... baina ez genuen horma egoki bat topatu proiektuari amaiera emateko. Gero, pandemia etorri zen. Hortaz, aurten The North Faceren eskutik berriro Himalaiara itzultzeko aukera iritsi zitzaigunean, pentsatu genuen leku egokia izan zitekeela proiektuari itxiera polita emateko», azaldu du Eneko Pouk.

Lurra elementuaren agertokia Trangoko dorreak izan dira. Aurrez ere egonak ziren han Pou anaiak: duela hemezortzi urte Eternal flame bide entzutetsua eskalatu zuten, eta aldaera bat zabaldu zuten, gainera, Izenik Gabeko Dorrean (6.239 m.). Oraingoan, Dorre Handian (6.286 m.) bide bat zabaltzeko asmoa zuten, The North Face taldeko Andres Marin estatubatuarrarekin eta Fay Manners ingelesarekin batera.

Ohiko denboraldia baino hilabete eta erdi lehenago joan ziren, eta maiatzaren erdialdera iritsi ziren kanpaleku nagusira. Propio joan ziren hain goiz, izotz eskaladarako baldintzak aurkitzeko, baina azkenean ez zerurako eta ez lurrerako geratu dira. «Trango Handian, gure helburu nagusian, ez dugu aurkitu ez harkaitzerako eta ez izotzerako baldintzarik. Karakorumen, neguan, ikaragarrizko hotza egiten du, eta ez da izotzik sortzen. Izotza egiteko, elurrak urtu egin behar du, eta, urtzen ez denez, ez da izotzik eratzen. Elur asko izan dugu, elur-jausien arrisku handia... baina eskalatzeko baldintza egoki-egokirik ez dugu izan».

Lehen asteetan, elurra izan zuten erruz, egunero 20-30 zentimetro, eta atezuan ibili behar izan zuten une oro elur-jausien arriskua zela eta. Ondorioz, Trangoko mendigune horretako dorre txikiagoetan harkaitzezko lerro berriak eskalatzeko eta, bide batez, altuerara egokitzeko baliatu zuten aukera. «Lehen aste horietan hiru bide zabaldu genituen. Bide ez oso luzeak, baina oso politak», Enekoren hitzetan. Little Trango edo Trango Txikian (5.700 m.), Dommage pas de Fromage (6c/250 m.) ireki zuten, Andres Marin eta Fay Mannersekin batera, eta, ondoren, The Pretty, The Bad and The Ugly (7a/230 m.) eta The Primer Minister (6c/205 m.), bi horiek ere Fay Manners ingelesarekin.

Van den Bergen heriotza

Espedizioaren hastapeneko egun haietan jaso zuten Line van den Berg The North Face taldeko kidearen heriotzaren albistea. Suitzako Alpeetan elur jausi batek harrapatuta hil zen Van den Berg. «Oso kolpe gogorra izan zen, batez ere Fayrentzat, lagun mina baitzuen. Elkarrekin eskalatu zuten Phantom Direct bidea Grandes Jorassesen. Emakumezkoen lehen sokada izan zen hori lortzen, eta munduko aurrenetakoa ere bai. Aurrez elkarrekin eskalatua zuten Eigerreko iparra... Fayrekin asko hitz egin genuen kanpaleku nagusian gaiari buruz. Line oso feminista zen, eta uste dut Fayk halako ardura bat sentitu zuela bere barnean: 'nire kidea galdu dut, baina ni hementxe nago, eta neskak nor garela erakutsiko dut'. Uste dut pentsamolde hori izan zuela». Horregatik, Little Trangoko bidea hari eskaini zioten.

Trango Handian saiakera bat egin zuten, eta 6.000 metrora heldu ziren. Bertikalean, 250 metro geratzen zitzaizkien tontorrerako, baina ez zuten goia jotzeko aukerarik txikiena ere izan. Lepoa jokatzea zatekeen. «Harkaitzeko luzeak, zailtasun aldetik apartekorik ez zutenak, elurrez tapizatuta zeuden; ezin genuen geure burua inon aseguratu, arriskutsuegia zen gora jarraitzea, elur jausien arriskua ere handia zen, eta buelta hartzea erabaki genuen», azaldu du Enekok.

Iker Pou, Fay Manners eta Eneko Pou, Trango II-ko ahaleginean. Pou anaiak

Trango Handitik jaitsi berritan, eguraldiak ez zien su etenik txikiena ere eman. Elurra, elurra, elurra egunero. Hala ere, gorputzak endorfina eta adrenalina eske jarraitzen zuen, eta egun haietan beste bi bide berri zabaldu zituzten: Enekok eta Marinek, La Ilusión Alpina (6c/200 m.), eta Iker eta Mannersek, More Than an Addiction (6b/230 m.).

Trango Nagusiko asmoa baztertuta, Trango II-n (6.320 m.) saiatzea erabaki zuten. Hiru eguneko leiho bat eman zieten iragarpenek, baina eguraldia apetatsua izan ohi da Karakorumen, eta leihorik ez zen zabaldu. Lehen egunean elurra egin zuen, eta bigarrenean, elur asko. «Bigarren egun horretan 5.900 metrora heldu ginen. Elur jausien arriskua zela eta, ertzean jarri genuen denda. Gure artean pentsatu genuen, 'tira, lo egingo dugu, eta bihar biharkoak'. 02:00ak aldera mugitu ginen, eta 06:00etarako berriro ere mardul hasi zuen elurra. Egoera latza izan zen. Oldeen arriskua ikusten genuen alde guztietatik. Azkenean, dena ondo atera zen, baina larri ibili ginen, egia esan».

Kanpaleku nagusiko denden babesera heldutakoan, Karim sukaldariak eta Shakir sukaldari laguntzaileak prestatutako jakiez eta harreraz gozatutakoan, hiru egunetan egindakoaz hausnartu zuten, zabaldutako bideaz. Alpinismoaren kintesentziaz. «Lehen aldiz lortu dugu Himalaian horrelako bide bat estilo alpinoan irekitzea. Gu harkaitzeko jendea gara batez ere. Alpinismoa ere egiten dugu, baina horrelako bide fisiko gogor eta luzerik ez genuen sekula egin Himalaian. Ez dugu kanpalekurik ezarri, sokarik ere ez dugu finkatu... eta bideak baditu 2.200 metro. Zailtasun handiagoak eginak gara, baina altuera, eguraldia, elur baldintzak eta konpromisoa kontuan hartuta, bide ona dela uste dugu».

Waa Shakir (6b/M5/70?/2.200 m.) izena eman diote bideari, sukaldari laguntzailearen ohorez. Waa hitz horrek aupa edo goazen esan nahi du haien hizkuntzan. «Karim sukaldaria eta Naiber kanpalekuko zaindaria beti zebiltzan 'Waa Shakir' esaten, mutil gaixoari bat agindu, bestea eskatu, hura jasotzeko esan, bestea egin... Horrexegatik Waa Shakir. Gurekin egon diren hiru lagun pakistandarrei eginiko omenalditxoa da. Jende zoragarria da, bihotz handikoa», nabarmendu du Pou anaietan zaharrenak.

Etxera baino lehen, Trango II-ko ahaleginetik gorputza erabat mailatua izan arren, azken bide bat zabaltzeko denbora ere izan zuten bi anaiek eta Fay Mannersek, artean eskalatu gabe zegoen orratz batean. Orratzari Lady Fay izena jarri diote. Bideari, berriz, ezin bestela izan, Always elurra (7a+/260 m.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.