Auzitegi Nazionalak Josu Urrutikoetxea epaitzea ebatzi du

jon olano
2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi du ahozko epaiketa egitea Josu Urrutikoetxea ETAren ordezkari ohiari. Zehazki, 1987an Guardia Zibilaren Zaragozako (Espainia) kuartelaren aurka egindako atentatuari lotuta epaitu nahi dute. Urrutikoetxeak alegazioak aurkeztu zituen auzia artxibatu zedin, baina magistratuek erabaki dute ez dagoela zertan onartu «instrukzio fasean aurkeztu ez denik», uste baitute haren aurkako zantzuak «sendoak» direla.  

 

Azaro hasieran, Urrutikoetxeak ukatu egin zuen kuartelaren aurka eginiko atentatuan ardurarik izan zuela. Urrutikoetxearen aurkako akusazio bat zabalik du Auzitegi Nazionalak, eta epaiketa egitearen aurkako helegitea aurkeztu zuen Urrutikoetxeak. Idatzi horretan, gogorarazi zuen eraso hori ikertu izan dutela aurretik ere, zigor epaiak ere eman zituztela, eta ikerketa horietan ez zela azaleratu Urrutikoetxeak erantzukizunik zuenik. Are gehiago, argudiatu zuen ETAren orduko «ustezko kidetza» erabili dela Urrutikoetxea bera atentatuaren «azken erantzule» bihurtzeko. Gaineratu zuen bere aurkako akusazioaren oinarria Guardia Zibilaren 2001eko txosten bat dela.

Auzi sorta, zabalik

Irailaren 1ean, Josu Urrutikoetxea errugabe jo zuen Parisko Zigor Auzitegiko epaileak, eta, geroago, berriz epaitu behar zuten, 2002 eta 2005 artean ETAko kide izan zelakoan, «helburu terroristak dituen» gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatuta. Baina, anitzen ezusterako, ezohiko erabaki bat hartu zuen epaileak: bertan behera utzi zuen epaiketa, eta berriz instrukziora bidali sumarioa.

Auzi ugari zabalik izan ditu Urrutikoetxeak Espainiako nahiz Frantziako auzitegietan. Esaterako, Espainian, aurtengo maiatzean, Santiago Pedraz epaileak bertan behera utzi zuen Urrutikoetxea epaitzeko 2005ean zabaldutako autoa. 1980an Luis Hergueta Gasteizko Michelin enpresako arduradunaren hilketan parte hartu izana egozten zioten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.