Koronabirusa

Oraingoan, murrizketarik gabe

Lehen fasean ez bezala, bigarrenean Jaurlaritzak malgutu egin ditu Espainiak ezarritako mugetako batzuk. Nafarroan zorrotzagoak dira, baina ez dago alde handirik neurrietan

Bi surflari, lasterka, oholak besapean hartuta, Zarauzko hondartzan. GORKA RUBIO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Hamabost egunean aldatu egin da Eusko Jaurlaritzak itxialdia leuntzeko neurriak interpretatzeko erabilitako premisa. Lehen fasean, Espainiako Gobernuak ezarritakoak baino arau murriztaileagoak onartu zituen, baina bigarren fasean malgutu egin ditu. Alde txikiak dira, dena den, eta, batez ere, ostalaritzako eta kultur ekitaldietako portzentajeei eragiten diete. Nafarroan, berriz, Espainiako Gobernuak onarturiko neurriak aplikatuko dituzte. Ondo bidean, fase horrek bi aste iraungo du, ekainaren 7ra arte.

Bihartik aurrera, ordutegi mugak desagertu egingo dira herri eta hiri guztietan, biztanle kopurua edozein dela ere. «Edozein pertsona edozein unetan irten ahal izango da kalera». Horrela laburbildu zuen atzo araua Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomia Garapenerako sailburuak. Dena den, gobernuak «babes eremua» gorde du 70 urtetik gorakoentzat eta behar bereziak dituzten pertsonentzat: beste adin tarteetako herritarrei eskatu diete kalean ekintzarik ez egiteko 10:00etatik 12:00etara, eta 19:00etatik 20:00. «Zaurgarriagoak diren horiek beldurrik gabe atera daitezela nahi dugu».

Taldekako ekintzetan dago bigarren faseko alderik handiena. Hamabost pertsona arteko jende bilerak egin ahal izango dira, eta familia lotura ez da beharrezkoa izango. Kalean zein eremu itxietan (etxebizitzetan, ostalaritza negozioetan, elkarteetan...) egin ahal izango dira. Alde horretatik, tabernek barnean hartu ahal izango dituzte bezeroak, mahaien erdiak erabiliz. Nafarroan, aldiz, %40koa da muga. Hau da Jaurlaritzako arautegia malguago bihurtzen duten salbuespenetako bat, elkarte gastronomikoekin batera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ireki ahal izango dituzte, ostalaritzak errespetatu beharreko neurriekin: bi metroko tartea mahai artean, eta ezin da barran kontsumitu. Nafarroan, berriz, ezingo dituzte ireki. Gauzak hala, adibidez, Iruñeko peñek ekainaren 6an ezingo dute ospatu sanferminetako eskailerako azken eguna. Egun kutuna dute.

Ordutegi mugak desagertu egingo dira, eta, ostalaritzaren kasuan, udalen esku geldituko dira. Orain arte, 23:00ak ziren erreferentziazko itxiera muga, kalean egoteko bera, nahiz eta udal batzuek tarte handiagoa utzi duten. Aurrerantzean ere udalek dute hitza, baina Tapiak «ahalik eta erantzukizun handienarekin jokatzeko» eskatu die. Parranda egin daiteke? Berez, ez. Taberna kontsumoa eserita egin behar da, eta kale edana debekatuta dago. Dantzalekuak itxita daude.

Merkataritzan, Espainiako Gobernuaren arauari heldu dioJaurlaritzak. 400 metro koadrotik gorako merkataritza zentroek ireki ahal izango dute, edukieraren %40rekin. Museoetan, malguago jokatu du Jaurlaritzak, eta edukieraren erdia onartu. Nafarroan, herena da muga. Kultur eremu estaliak ireki ahal izango dira, edukieraren heren batekin, eta, asko jota, 50 pertsonarekin. Eremu irekietako muga ere herena da, guztiak eserita, hori bai, eta, asko jota, 400 pertsonarekin. Nafarroan muga 200 ikuslekoa, eta kirol ikuskizunak antola daitezke.

Naturaz gozatzeko ez dago mugarik, mendian behintzat. Hondartzan, pertsonako lau metro koadroko tartea gorde behar da. Aldagai garrantzitsua da hondartzaren tamaina, eta udalak hasiak dira marearen araberako erabilera ordutegiak zehazten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.