Legebiltzarkideak Kataluniara doaz, hezkuntza legerako ekarpenen bila

EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUko kideak joango dira bisitan, bihartik asteazkenera. Ikastetxeak bisitatu eta adituekin egongo dira

Irati Urdalleta Lete.
2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Kataluniako esperientziatik ikasi eta hango adituen ekarpenak jasotze aldera, Eusko Legebiltzarreko hezkuntza hitzarmena adosteko lantaldeko hainbat kide Kataluniara joango dira. Hain zuzen, EAJko Leixuri Arrizabalaga, EH Bilduko Ikoitz Arrese eta Elkarrekin Podemos-IUko Iñigo Martinez izango dira han, bihartik asteazkenera.

Bihar goizean ekingo diote lanari. Viceko La Sinia ikastetxera joango dira bisitan, eta zuzendaritzako kideekin bilera izango dute, «kultur aniztasuna eta eleaniztasuna ardatz gisa dauzkan» proiektu hori gertutik ezagutzeko asmoarekin. Arratsaldean, berriz, Bartzelonako Octavio Paz eskolara joango dira. Hainbat sari jaso dituzte eraldaketa pedagogikorako egindako lanagatik.

Hurrengo egunean, asteartean, Pau Gonzalezekin hitz egiteko tartea izango dute. Bartzelonako Hezkuntza zinegotzia da Gonzalez, baita AICE Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkarteko presidente delegatua ere. Bertan izango daMarina Canals AICEko idazkari nagusia ere. Bartzelona, hiri hezitzailea proiektuarekin izan duten esperientziaren berri eduki nahi dute legebiltzarkideek. Jarraian, Xavier Besalurekin bilera bat izango dute. Segregazioaz arituko dira, Besalu izan baitzen 2019an Kataluniako eskola segregazioaren aurkako hitzarmena lortzeko prozesuan parte hartu zuen adituetako bat. Arratsaldean, Prat de Llobregatera joango dira, Pilar Eslava Hezkuntza eta Kultura zinegotziarekin eskutik, besteak beste, hiri hezitzaile bezala duten esperientzia ezagutzeko.

Azkenik, Quatre Cantons ikastetxera bisitan joango dira asteazkenean, haren kudeaketa eta hezkuntza proiektua ezagutzeko. Horretaz gain, Francesc Colomerekin ere hitz egingo dute. Colome hezkuntza ikuskaria, Espainiako Gobernuko Hezkuntza Ministerioko Lanbide Heziketako zuzendari nagusia eta Kataluniako Gobernuko Hezkuntza Departamentu Hezkuntza Politikako idazkaria izandakoa da Colome.

Ekarpen bila

Eusko Legebiltzarrean bidea egiten ari dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza lege berriaren oinarria izango den hitzarmena ontzeko. Bide horretan, Euskal Herriko ehun eragile inguru igaro ziren azaroan eta abenduan Eusko Legebiltzarrean sortu duten lantaldetik, eta orain Kataluniara egingo duten bidaia ere osagarria izango da. Gaur-gaurkoz, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk soilik plazaratu dituzte hezkuntzarako haien proposamenak biltzen dituen txosten bana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.