Elikadura portaeren nahasmenduak

Orbaindu gabeko zaurien ispilu

Elikadura portaeraren nahasmenduak dituzte Alexandra Ruiz de Azuak eta Aitziber Samaniegok, eta Osakidetzari unitate berezi bat eskatu diote «arta integralerako». Haien ustez, janaria arazo emozional askoren «izozmendiaren punta» da

Alexandra Ruiz de Azua eta Aitziber Samaniego. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
edurne begiristain
2022ko uztailaren 6a
00:00
Entzun

«Infernu bat bizi dugu, eta ez dakigu nora jo. Bidegabea da gure egoera». 11 urte zituenean elikadura portaeraren nahasmendua diagnostikatu zioten Alexandra Ruiz de Azuari (Gasteiz, 1987), eta ordutik sufrimenduaren zurrunbilotik irten ezinda dago, osasun sistemak ez baitio «arta egokirik» eskaintzen. Antzekoa da Aitziber Samaniegoren (Gasteiz, 1983) kasua ere. Duela lau urte diagnostikatu zioten anorexia nerbiosoa —haurtzaroan hasi zen elikadurarekin arazoak izaten—, eta, ordutik «burua ur azalean mantentzen» saiatu bada ere, orain «hondoa jo» du atzera: «Une honetan galduta nago. Osasun sistemak abandonatuta sentitzen naiz».

Azken urteotan Osakidetzan jasotako arta ez da aski izan bi emakumeen osasun egoera hobetzeko, eta oraintxe bertan «baztertuta» sentitzen dira, eritasunak eraman dituen kale itsuan argirik ikusi gabe. Biek ala biek ahotsa altxatu dute osasun sistema publikoari eskatzeko unitate berezi bat sor dezala elikadura portaeren nahasmenduak artatzeko. Eskaera horixe eraman zuten duela pare bat aste Eusko Legebiltzarrera, eta, talde guztien babesarekin aurrera egin zuen ekinbide bati esker, legebiltzarrak Osakidetzari eskatu zion, besteak beste, osasun mentaleko estrategia berrian elikadura portaeraren nahasmendua dutenen arreta hobetzeko, eta plaza eta profesional espezializatu nahikoa jartzeko eguneko zentro eta jantoki terapeutikoetan «benetako terapia» jaso dezaten. Alabaina, ez zen adostasun nahikorik lortu Osakidetzan eri horiek artatzeko unitate espezializatu bat sortzearen inguruan.

Ikusi gehiago:«Gure gizartean dena da kontsumorako gai, baita argaltasuna ere»

Ruiz de Azuak eta Samaniegok uste dute legebiltzarreko akordioa aurrerapauso bat dela, baina hankamotz geratu dela. Ohartarazi dute haien egoera berberean dauden gaixo askok beste erkidego batzuetara jo behar izango dutela «arta osoagoa» jasotzeko. Horretaz kexu dira. «Diziplina anitzeko adituez osatutako unitate bat nahiko genuke. Ez genuke klinika pribatuetara edo beste erkidego batzuetara jo behar sendatzeko», azaldu du Ruiz de Azuak.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez ezik, Nafarroan ere ez dago unitate berezirik, iaztik. Urteetan indarrean egon zen elikaduraren nahasmenduak artatzeko unitatea, Osasunbideko Buru Osasuneko sarearen barruan. Unitate hark xedetzat zuen pazienteei arta osoagoa eskaintzea, ohiko arreta anbulatorioaz gain taldekako terapia eskaintzen baitzuen hamabostean behin, Iruñeko Irubide ospitalean. 2021ean, baina, lantaldean izandako aldaketek eta COVID-19aren izurriak eraginda, zerbitzua «berregituratu» zuen Osasun Departamentuak, eta elikadura nahasmenduen unitatea desagerrarazi.

Tratu «iraingarria»

Eritasun konplexuak dira elikadura portaeraren nahasmenduekin lotutakoak, eta, adituek diotenez, ikuspegi askotatik landu behar dira. Haatik, Samaniegok eta Ruiz de Azuak kritikatu dute Osakidetzan ez dutela sekula jaso terapia integralik. Are, jasotako tratua «iraingarria» izan dela salatu dute. Biek ala biek memorian iltzatuta dituzte gaixotasunaren zuloan igarotako garai ilunenak.

Samaniego haurtzaroko bere koaderno pertsonala aztertuta jabetu zen txikitatik zegoela gaixorik: «Zortzi urte besterik ez nituela idatzi nuen jateari utzi behar niola». Helduaroan eskatu zuen laguntza: osasun mentalera bideratu zuten, eta anorexia nerbiosoa diagnostikatu zioten. Gasteizko Santiago ospitaleko jantoki terapeutikora eraman zuten, baina terapiarik ez zuen jaso: «Gela batean sartzen ninduten, janaria erretilu batean jartzen zidaten eta bakarrik uzten ninduten. Bueltatzen zirenean, jaten ez nuena eramaten zuten. Ez nuen mokadurik probatu».

Hilabete eman zuen jantokian, eta, pisu asko galdu zuenenez, psikiatriako unitatean ospitaleratu zuten. Hango esperientzia are gogorragoa izan zen: «Logela batean ematen nituen eguneko 24 orduak, libururik, telebistarik eta mugikorrik gabe. Horiek lortzeko, irabazi egin behar nituen. Bakarrik nengoen egun guztian, eta komunera joan behar nuenean baino ez ziren nirekin egoten».

Ruiz de Azuaren bizitza, berriz, bulimia eta ortorexiaren aurkako borroka etengabe bat bilakatu da azken urteotan. 2015ean eskatu zuen «laguntza» aurreneko aldiz, baina psikiatrian jasotako «terapiak» ez zion lagundu: «Astean behin pisatzen ninduten, eta pisua galtzen nuen bakoitzean errieta egiten zidaten. Antsietatea eta etsipena eragin zizkidaten». Handik aurrerakoa «infernu» bat izan zela gogoratu du. 35 kilo pisatzera iritsi zenean, berriz ere bere kabuz ospitalean ospitaleratzea erabaki zuen, baina kritikatu du orduko hartan jasotako arreta ere ez zela egokia izan: «Terapia bakarra zigorrak ziren, eta sendagiria hartzea erabaki nuen. Esan zidaten berriro zerbait gertatzen bazitzaidan ez nindutela artatu behar».

Hondoa jo zuen ostean: «Nire buruaz beste egitea pentsatu nuen behin baino gehiagotan». Orduan erabaki zuen Ciudad Realeko (Espainia) ospitaleko unitate berezi batean ospitaleratzea. Osakidetzak ez zuen espedientea hango ospitalera igorri nahi izan, baina Ruiz de Azuak ez zuen etsi, eta hango familia baten etxean erroldatu zen Gaztela eta Leongo osasun publikoan sarbidea izateko. Bi hilabete eman zituen han: «Erabateko aldaketa izan zen. Terapia egiten da, eta arazoaren sustraietara jotzen dute». COVID-19aren izurria iritsi zenean utzi behar izan zuen unitate hori, eta gaur egun lehengora itzuli dela aitortu du: «Betekadekin eta laxanteekin jarraitzen dut».

Erroetara jo behar da

Gaixotasunaren zulo beltzetik irteteko, erroetara jotzea ezinbestekoa dela iritzi diote biek ala biek. Barrura begiratzea eta «sendatu gabeko zauriei» erreparatzea. Samaniegok eta Ruiz de Azuak uste dute orbaindu gabeko zauriak dituztela, eta horietan dagoela beren eritasunaren jatorria. Samaniego: «Elikadura ez da gure arazoa. Janaria icebergaren punta da, eta azpian daude gure beldurrak, segurtasunik eza, autoestimurik eza...». Txikitako bizipen traumatikoetan ikusten dituzte egungo arazoaren zioak. «Bakarrik sentitzen nintzen, bullying-a egiten zidaten... Zauri horiek hor daude. Kontroletik at zegoen mundu hori kontrolpean izateko bidea elikadura izan zen», azaldu du Ruiz de Azuak. Ideia berean jarri du azpimarra Samaniegok ere: «Kontrolpetik ihes egiten dizun bizitza mendean hartzeko modu bat da jateari uztea». Luzarora, baina, bide horrek kontrako efektua izaten duela azaldu du Ruiz de Azuak: «Zurrunbilo bat bilakatzen da. Nire burua erabateko anabasa da une honetan».

Elikadura portaeraren nahasmenduak bizitzaren esparru ugaritan dauka eragina. Osasun fisikoa eta mentala izaten dira kaltetuenak, baina ez dira bakarrak. Harreman pertsonaletan, familian eta lanean ere eragin zuzena dauka. «Galerez» mintzo da Samaniego, eta bidean utzitako «hilotzez»: «Anorexiak hilekoa kendu dit, eta, besteak beste, giltzurruneko gutxiegitasuna eta osteoporosia eragin dizkit. Fisikoki suntsitu egin nau. Eta bidean hilotzak utzi ditut: lagunak galdu ditut, seme-alabekin denbora nahikorik ez dut eman, bikotekidea eta biok urrundu egin gara...». Antzeko esperientzia du Ruiz de Azuak ere: eritasunaren ondorioz, senarra eta bera banandu egin ziren, bere «ametsetako lana» galdu zuen, eta harreman pertsonal ugari ere bai.

Bi emakumeek gordin deskribatzen dute eritasuna uzten ari zaien arrastoa. Samaniego: «Sufrimendua eta bakardadea ekarri dizkit». Ruiz de Azua: «Oin puntetan bizi naiz: bizirik egon arren hilda egotearen pare».

Ikusi gehiago: «Gure gizartean dena da kontsumorako gai, baita argaltasuna ere»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.