Espero zen eta gertatu da: inflazioak goian jarraitu du azaroan Hego Euskal Herrian, %5,2an, batik bat argindarraren, erregaien eta elikagaien prezioen gorakadaren ondorioz. Azken urtean,%37,6 garestitu dira argindarra, gasa eta beste erregaiak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %42,4 Nafarroan, eta horren ondorioz ari dira orain handitzen beste zerbitzu eta produktu batzuen salneurriak.
%5,2ko inflazioa mende honetako kopururik handiena da: 2008ko uztailean baizik ez zen maila horretara iritsi, petrolioaren gorakadak inflazioaren bat-bateko sukarraldia eragin baitzuen. Orduan berehala jaitsi zen, bi hilabete beranduago Lehman Brothersen porrotak Atzeraldi Handiari atea ireki ziolako; oraingoan, omikron aldaerak susperraldia eteten ez badu, baliteke hilabete batzuk gehiago irautea, gasaren garestitzeak ez duelako etenik: 128 eurora iritsi zen atzo, eta 123 eurotan dago otsailean entregatu beharrekoa.
Gasaren prezioak erabat baldintzatzen du argindarraren prezioa Europako Batasunean, herrialde gehienetan gasak markatzen baitu zenbat diru jasotzen duten elektrizitate ekoizleek, hura delako eskaera betetzeko erabiltzen den azken sistema. Azken egunotan, haize apalarekin, argindarraren prezioak gora egin du berriro handizkako merkatuan. Iberiar penintsulakoan, megawatt-orduak (MWh) lehen aldiz gaindituko du gaur 300 euroren marka, %3,7 garestituko baita, 302,48 euroraino.
Iparraldean, are garestiago
Hego Euskal Herrian garesti dago, baina are garestiago dago Ipar Euskal Herrian, Frantziako merkatuan 353 euroraino iritsiko baita gaur MWh-a. Antzeko kopuruak daude Europako Batasuneko herrialde gehienetan: 344 euro Alemanian, Txekiar Errepublikan eta Herbehereetan; 347 euro Italian... Salbuespen bakarra Polonia da, 143 euro MWh, han ez dutelako gasa erretzen, hango meateagietatik ateratako ikatza baizik.
Edonola ere, handizkako merkatuan argindarrak izan duen garestitzea maila batean baizik ez da iritsi herritarren eta enpresen fakturetara, gobernuek neurriak hartu baitituzte haien zama arintzeko. Horrek ekarri du, esaterako, azaroan merkatzea energiaren kostua urriarekin alderatuz gero: %4,3 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %2,5 Nafarroan.
Hainbat arrazoi daude jaitsierahorren atzean. Batetik, gasolina eta gasolioa pixka bat merkatu dira, omikron aldaeraren agerraldiak kontsumoaren beherakada bat iradoki dutelako. Bestetik, argindarraren handizkako merkatuan prezioek oso goian baina nahiko egonkor jarraitu dute, baina herritar askok gutxiago ordaindu dute, zerga txikiagoen eragina antzematen ari delako, eta deskontua handitu zaielako bonu soziala jasotzen dutenei —%25etik %60ra—.
Hain zuzen ere, Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak atzo iragarri zuen gutxienez beste lau hilabetez luzatuko dutela zergen murrizketa. Horrenbestez, argindarraren BEZak %10ean jarraituko du apirilaren 30era arte; %0,5ean geratuko da argindar zerga berezia (kontsumitzaileek ordaintzen dute), eta argindar ekoizpenaren zergak etenda segituko du (konpainiek ordaintzen dute).
Madrilgo gobernuak promesa bat egin du: herritarrek, batez beste, 2018an bezainbat ordainduko dute argindarra 2021ean. Monterok berretsi du hitza beteko duela, baina ikusteko dago hori egiteko neurri gehiago hartu beharko ote dituen. Izan ere, abenduan 226,3 euroko prezioa izango du argindar MWh-ak, azaroan baino %17 handiagoa (193,4) eta urrian baino %13 handiagoa (200).
Kontsumo saskian pisu handia duen beste alor batean ere, elikagaietan eta alkoholik gabeko edarietan, prezioen igoera esanguratsua pilatu da azken urtean: iazko azarotik %2,6ko igoera izan du indizeak alor horretan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %3,4ko igoera Nafarroan. Argindarraren eta erregaien garestitzeak badu eragina elikagaien prezioetan, argindar garestiagoak ekoizpenaren kostua handitu ohi duelako, eta gasolio garestiagoak elikagaien garraioa garestitzen duelako. Azken hilean nabarmen garestitu dira ardikia (%4,5), arraina (%3,4) eta behikia (%2,4). Azken urtean, berriz, olioa (%21), ardikia (%15) eta arrautzak (%6).
Negoziazio kolektiboan ere arazo bat sortuko du inflazio handiak. Hitzarmen gehienetan aurreko urteko abenduko KPIa hartzen da erreferentzia gisa, eta horrek ekarri beharko luke soldatak ere asko handitzea. Halakorik ez egiteko eskatu zuen atzo berriro Espainiako patronalak. CEOEk nabarmendu du «energiaren aldi baterako garestitzeak» ekarri duela inflazio handia, eta «ahal den neurrian» soldatak hainbeste ez igotzeko eskatu du, inflazioaren gurpila elikatuko lukeelako. Ildo horretan, Adegik bere bazkideei aholkatu die 2021eko inflazioaren eragina bi urtean banatzeko, edota, bestela, urteko batez besteko inflazioa aplikatzeko —%2,5 inguru—.
Asmo horien aurka mintzatu dira sindikatuak. «Hitzartuta dagoena errespetatuko den ala ez, hori da kontua. Euskal Herrian KPIa da erreferentzia historikoa. Ez dugu onartuko sinatuta dagoena errespetatzea ez den beste ezer. Soldatak ez dira arazoa, soluzioa baizik», azaldu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak. LABek ere oso garbi nabarmendu du KPIa dela erreferentzia, eta lan itun berriak egiteko negoziazioetan ere hura izango dutela eskaera.
Ekonomia. Inflazioa
Prezioen presioa ez da arindu
Energia garestitu izanaren ondorioz, %5,2an geratu da urte arteko inflazioa Hegoaldean. Gaur, 302 euro balioko du argindar megawatt-orduak Hegoaldean, eta 355 euro, berriz, Iparraldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu