Auto elektrikoa. Modelo berriak Landabenen

Laguntzen zain, VWek Iruñean auto elektrikoak ekoizteko asmoa du

Taldeak baieztatu du azken erabakia «baldintza orokorren eta Espainiako Gobernuaren pizgarrien menpe» dagoela. Ibilgailu elektrikoa bultzatzeko Madrilek aurkeztutako plana onartu du Bruselak

Laguntzen zain, VWek Iruñean auto elektrikoak ekoizteko asmoa du.
joxerra senar
<i>Iruñea</i>
2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Bost urte barru, 2026ean, Volkswagen taldeak ekoitzitako lau autotik bat elektrikoa izango da, eta horietako batzuk Landabengo fabrikatik aterako dira. Edo bederen hori da multinazional alemaniarraren asmoa. Egutegian gorriz markatuta zuten Landabanen atzoko eguna, Wolfsburgeko egoitza nagusian biltzekoa baitzen taldeko administrazio kontseilua ondorengo urteetako inbertsioak zehazteko. Dena den, apur bat itxaron beharko dute, hala Landabengo fabrikari buruz zein Bartzelonakoari buruz ez dutelako oraingoz behin betiko erabakirik hartu. Herbert Diess taldeko kontseilari ordezkariaren arabera, Iruñean noranahiko itxurako auto elektrikoak ekoizteko asmoa dute, eta Martorellen ibilgailu konpaktuak: «Dena den, azken erabakia baldintza orokorren eta Espainiako Gobernuaren pizgarrien menpe dago».

Hain zuzen ere, Europako Batzordeak atzo onartu zuen Espainiako Gobernuak uztailean aurkeztutako auto elektrikoetako Susperraldirako eta Eraldaketa Ekonomikorako Plan Estrategikoa (PERTE, gaztelerazko laburduran). Egitasmo horrek auto elektrikoaren hedapena eta ekoizpena laguntzea du helburu, eta Next Generation laguntzetatik 3.000 milioi euro jasoko ditu: orotara 24.000 milioi euroko inbertsio publiko eta pribatua izango du. Proiektuen artean dago VWek bateria fabrika bat eraikitzea Iberdrolarekin eta Espainiako Gobernuarekin osatutako kontsortzio baten bidez —Europan, orotara altxatu nahi dituen hiru bateria fabriketako bat izango da hori—. Proiektu horrek jaso beharreko laguntza publikoek baldintzatuko dute dena: bai fabrika egitea, eta jakina Landabenek zein Martorellek auto elektrikoak ekoiztea. Madrilek atzeratu egin du onarpena baina urte amaieran egitea espero da.

Erabaki garrantzitsu horren zain, VWek ez du oraindik adierazi zer markako ibilgailu elektrikoak egingo liratekeen Iruñean. Haatik, talde barruan bai adierazi zaio langileen batzordeari ziurrenik noranahiko itxurako ibilgailuak izango direla eta bi marketako modeloak ekoitziko dituztela:VW eta Skoda. Hala adierazi zuen Alfredo Morales langileen batzordeko presidenteak (UGT) asteartean, baina gaineratu zuen beste aukeretako bat dela tamaina txikiko ID auto elektrikoak egitea. Haatik, atzo Diessek azaldu zuen ID modeloetako autoak Wolfsburgen bertan egingo direla.

Behin betiko erabakia baieztatu arte ezingo dira beste zalantzak argitu: zenbat auto elektriko egingo diren, zer inbertsio egingo duen ekoizpen lineak egokitzeko, eta zehazki zer modelo egingo diren. Dena den, noranahiko itxurako ibilgailuak (SUV) egitea ez da albiste txarra Landabenentzat, egun merkatuaren erdia inguru estilo horretakoak direlako. Ezin da ahaztu Landabenek izan duen arrakasta estu lotua dagoela, 1980ko hamarkadan taldeak bertan Poloak egitearen alde hartutako erabakiari.

Uztailean aurkeztu zuen VWek 2050era begirako auto elektrikoaren aldeko estrategia, eta, Diess presidentearen hitzetan, «abiadura handian» ezarri nahi dute. «Auto industriaren eraldaketarik handienaren erdian gaude», aipatu zuen, atzo. Estrategia horren barruan, datozen bost urteetan 159.000 milioi euroko inbertsioa egingo du eta horietatik %56auto elektrikoa eta digitalizazioa bultzatzeko izango dira.

Zehazki, Europan dituen 63 fabriken artean, nagusiak elektrifikatu nahi ditu. Hala, inbertsioaren zati handi bat (21.000 milioi euro) Saxonia Beherea estatura zuzenduko du: zehazki, Wolfsburg, Hannover, Braunschweig, Salzgitter, Osnabrueck eta Emden hirietako fabriketan. «Konpromisoa dugu gure erroekin», nabarmendu zuen taldeak. Gainera, Alemanian, Leipzigeko fabrikan Porscheren bi modelo elektriko ekoitziko dira. Audiren kasuan, Neckarsulm hiriko eta Bruselako fabrikek bi modelo elektriko egingo dituzte. Azken hori guztiz elektrifikatuta dago.

Luzerako begiradaz gain, egungo arazoei ere erreparatu zieten. Daniella Cavallo Wolfsburgeko langileen batzordeko presidentearen esanetan, erdieroaleen krisiaren ondorioz Alemaniako fabrika nagusiak 400.000 auto egiteari utzi dio aurten, eta halako «jaitsiera dramatikorik ez da ikusi 1950eko hamarkada amaieratik». Krisiak 2022an produkzioa baldintzatzen jarraituko du. «Datozen hilabeteak oso gogorrak izango dira».

Txibite, «poz-pozik»

Taldearen asmoen eta Bruselaren onespenaren berri izan ostean, «poz-pozik» azaldu zen Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, bi erabaki horiek «fabrikaren eta milaka enpleguren etorkizuna ziurtatzen dutelako». Txibiteren esanetan, autogintza sektorearentzat «albiste onak» baieztatu dira. «Beti egin dugu diskrezioz lan asko egitearen alde, apurka aurrerantz jotzeko helmugara iritsi arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.