Jauzi bat osasunaren aparretara

Geroz eta agerikoagoak dira surfak osasunean dituen onurak. Fisikoak nabarmenak dira, baina emozionalak azpimarratzen dituzte adituek: naturarekin harreman zuzena izateak eragina dauka horretan. Mediku batzuek preskribatu ere egiten dute surf egitea.

Surflari bat, uretara jauzi egiten, Hegoafrikako hondartza batean. KIM LUDBROOK / EFE.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Ederrak dira olatuak norberak hala aukeratuta pasatzen direnean gainetik. Edo lortzen denean haien laguntzaz aurrera egitea. Edo haien bitsez indarberritzea. Onura da dena, eta oreka. Eta oreka ez da ohol gainekoa bakarrik. Izan liteke behin eta berriro erori eta behin eta berriro jaikitzeak eta saiatzeak ematen duena. Edo olatu bati joaten utzi eta ustez norberarentzat egokiena dena aukeratzea ere. Naturarekin lotutako kirol jarduerak preskribatzea geroz eta ohikoagoa ari da bihurtzen medikuntzan. Badu izen bat ere: ekoterapia. Onura fisikoez gain, emozionalak eta kognitiboak ere aipatzen dituzte adituek, eta esaten dute agerikoak direla horiek surfean.

Aitor Santisteban Jarduera Fisikoan eta Kirolaren Zientzietan lizentziatua da,Deustuko Unibertsitateko irakaslea, goi errendimenduko kirolarien entrenatzaile izandakoa —Basque Team-ekoak tartean—, surflaria, eta Surfa praktikatzen duten kirolari ez profesionalen ezaugarri morfologiko, fisiologiko eta teknikoak izeneko tesiaren egilea. Metodologia zehatz bat erabilita aztertu zituen surflari ez-profesionalen gaitasun fisikoak eta trebetasun teknikoak —eta kirol horren erabat aldekoak dira emaitzak—, baina horiek aztertuz iritsi zen gaitasun kognitibo eta emozionalen alorrera ere. Izan ere, ikerketan zehar zenbait «ezusteko» izan zituela aitortu du: «Antropometria neurtzerakoan, adibidez, nire hipotesia erori egin zen. Ikusi nuen adinaren arabera gorputzaren goi ataleko gihar masa jaitsi egiten zela. Eta nik justu kontrakoa espero nuen». Nolatan hori? «Ondorioa izan zen esperientzia handiena duten surflariek hobeto interpretatzen dutela itsasoaren egoera, hobeto bilatzen dituztela korronteak, eta arraunkera ekonomikoagoa egiten dutela horrela».

Izan ere, Santistebanek dio nola surfean hala horrelako beste natur jardueretan «erabakiak hartzea» dela inportanteena. «Eta ikusi dugu eskarmentu handiena dutenek gaitasun handiagoa dutela erabaki horiek hartzeko. Horregatik uste dugu surfa ez dela ona bakarrik aktibazio fisikorako. Aukeraketa hori egin beharra daukazunez, onuragarria da arlo kognitiborako ere. Badaude ikerlari batzuk diotenak horrelakoen bidez garunaren hondatzea atzeratu egin daitekeela».

Santestebanek azaldu du «lehen pausoak» eman dituztela onura emozional eta kognitiboen inguruan. «Atzean zer dagoen berretsi behar dugu, eta horretan sartuko gara orain, ikerketa bidez. Abian jarri dugu, baina datuak jaso eta argitaratu arte bospasei urte pasatuko dira».

Ikerketa horren emaitzak noiz iritsiko zain, surfaren «onura psikologikoez» mintzo da Julen Uzin medikua —besteak beste, Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldekoa—.«Surfa egin duen edonork daki itsasoan sartzeak, norberarentzat ordu eta erdi hartzeak, onura fisikoa baino zerbait gehiago duela: estresa botatzea, naturarekin harremana izatea, itsasoaren mugimendu sinkroniko eta periodiko horrekin erlaxatzea... Etxera fisikoki nekatuta iritsiko zara, baina psikologikoki indarberrituta».

Nabari da surflaria dela Uzin; pasioz mintzo da. Surfak naturarekin, urarekin duen «zuzeneko» harreman horrek «zerbait» baduela dio. Gogora ekarri du surfaren sorrera: Hawaii eta sortzaileen filosofia. «Surf klasikoa ez da kirola: bizimodu bat da surfa. Badauka alde espiritual hori ere» nabarmendu du. Eta badituela, bai, onurak: «Onura batzuk objektiboki edo zientifikoki agian oraindik frogatu edo neurtu ezin ditugunak». Horregatik gomendatu izan die lagunei eta ingurukoei surf egiteko: «Nik txikitatik egin izan dut surfa. Norbaitek esaten didanean: 'Nik ere egin nahi nuke, baina adin honekin jada...'. Nik beti esaten diet surfaz gozatzeko ez daukazula surfean bikain jakin beharrik. Bakoitzak bere neurrian egin dezake. Maila gorenean aritzeak ez du esan nahi gehiago disfrutatuko duzunik, edo onura gehiago izango duzunik; askotan, alderantziz izaten da».

Natura preskribatu egiten da

Gomendioez harago, kirola eta natur jarduerak preskribatzeaz ere mintzo da Uzin, eta horren inguruko adibide bat baino gehiago sortu da azken bolada luzean. Joan den hilabetean, esaterako, Kanadan argitara emandako albiste batek oihartzun handia izan zuen: hango medikuak natur jarduerak preskribatzen hasi dira. Nola? Herrialde horretako natur parkeetarako sarrerak preskribatzen dituzte: bi orduko ibilaldiak eta 20 minutuko bainuak hango errekastoetan oinak sartuta. Beste horrenbeste egin zuten Eskozian joan den urrian: Shetland uharteetako medikuek natura preskribatzen dute: ornitologia eta mendi ibilaldiak, beste beste. Nola batean hala bestean, medikuntza tradizionalaren «osagarri» modura aurkeztu dituzte medikuek euren programak, eta buruko gaixotasunen, bihotzeko gaixotasunen, diabetesaren eta estresaren kontra egiteko «oso baliagarriak» direla nabarmendu, besteak beste.

Uzinek ere nabaritu du aldaketa, eta dio «geroz eta gehiago» direla Euskal Herrian ere kirola eta natur jarduerak preskribatzen dituzten medikuak: «Medikuok beti aholkatu izan dugu kirola egitea: 'Joan zaitez igeri egitera edo pasieran'. Eta hortxe gelditzen zen preskripzioa. Pixkanaka, ordea, ari gara konturatzen ariketa fisikoak dakartzan onurez. Ari gara preskripzio horretan geroz eta zehaztasun handiagoa sartzen: 'Eman paseoak, bai, baina 40 minutukoekin hasiko gara, hiru aste egingo ditugu horrela, astean hiru aldiz, eta pixkanaka joango gara intentsitatea handituz —betiere, esfortzu proba bat egin ostean—». Alegia, jada ez da gomendio soil bat: «Hitzak dioen moduan, preskribatu egiten dugu, ez gomendatu. Medikamentu bat preskribatzen dugunean, jartzen dugu zer dosi, egunean zenbat aldiz eta zenbat egunez. Asko zehazten dugu. Ariketa fisikoa orain arte zehaztasun hori gabe gomendatu da. Eta surfa, noski, alor horretan sartzen da».

Gillaume Barucqen aspaldiko aldarria da hori. Miarritzeko (Lapurdi) familia medikua da Barucq, eta Surf therapie izeneko liburuaren egilea eta surflaria, besteak beste. Surfaz ez ezik, itsasoarekin lotutako jarduerez eta haien onurez mintzo da Barucq bere liburuan: «Olatuak itsas ertzean lehertzen direnean, oxigenoz beteriko ioi negatiboak sortzen dira, eta aire hori arnastea ezin hobea da eritasun batzuk prebenitzeko: mafrundiak eta birikak arintzeko, umorea hobetzeko, estresa txikitzeko zein loaldi hobea izateko». Umorez esplikatzen du nola sortu zen liburua idazteko ideia: «Hausnarketa batetik sortu zen, oso galdera erraz batetik: 'Zergatik egoten naiz horren ongi Miarritzen itsasoaren ondoan nagoenean, eta zergatik horren gaizki Bordelera joaten naizenean?'».

Programa bat Miarritzen

Erreferentziazko bihurtu zen liburua, eta preskripzio bihurtu dira han esandako gauza asko, geroztik. 2016an, izan ere, jarduera fisikoa preskribatzeko programa bat jarri zuten abian Miarritzeko zenbait medikuk —Barucqek berak sustatutako programa bat da, Miarritzeko hautetsia baita 2014tik—. Medikuak dio programa hori eredu bihurtu dela geroztik, Norvegiak, Alemaniak eta Belgikak halakoak jarri dituztela abian, eta ekinbide hari esker gaur egun medikuek ariketa fisikoa preskribatu dezaketela. «Ni familia mediku klasikoa naiz, eta antibiotikoak preskribatzen ditut hala behar denean. Baina botika baten eta kirolarekin edo surfarekin lotutako terapia baten artean aukeratu dezakedanean, terapia aukeratzen dut. Medikuari, oro har, zaila egiten zaio jakitea pazienteak agindutako sendagaiak hartu dituen ala ez. Aitzitik, errazagoa zaio kirolik egin ote duen edo ez jakitea», azaldu du Barucqek.

Pazienteak «pozarren» daudela dio Miarritzeko medikuak. Lehen ere aholkatzen edo agintzen zutela medikuek jarduera fisikoa, baina orain «lagundu» ere egiten dietela pazienteei: «Haientzat egokiena den jarduera aukeratzen laguntzen diegu, duen gaitzari egokitutako jarduera aukeratzen. Eta hezitzaileak daude horretarako gaur egun. Espezialitate berria da hori, bitartekari lan hori egiten duten hezitzaileak».

Programa abian jarri aurretik aritzen zen Barucq kontsultako lana eta surfaren terapia uztartzen, hainbat paziente motarekin. «Arnas aparatuaren gaixotasun guztiak, autismoa eta desgaitasun batzuk dira surfaren tratamenduarekin ondoen egokitzen direnak. Minbiziari eta arazo kardiobaskularrei aurre egiteko ere baliagarria da», azaldu du.

Finean, Barucqek dio proposatzen duen medikuntza horren oinarria «talasoterapian» dagoela: «Sendatzeko metodo zaharra da talasoterapia, eta ez diogu behar beste probetxu ateratzen. Gogoratu behar dugu talasoterapia jarduera mediko bat zela hasieran, jatorrian. Orain, ordea, gehiago dago ongizatearekin eta aisialdiarekin lotuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.