Gaztak ekarri duena

Ardi latxaren gaztaren Ordiziako txapelketa etzi jokatuko da, ateak itxita. Julen Arburuak, Jose Luis Odriozolak eta Joseba Insaustik ondo ezagutzen dute irabazteak dakarrena: salmentetan gora egiten lagundu die.

Hogei urtetik gora. Hori da Joseba Insaustik artzain lanetan daraman denbora. JON URBE / @FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
2020ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Urtero, iraileko bigarren asteazkenean, Ordiziako (Gipuzkoa) Euskal Jaien egitarauaren barruan ospatzen da ardi latxaren gaztaren txapelketa. Egun seinalatua izaten da Goierri eta inguruko herritarrentzat, baina, batez ere, artzainentzat, Euskal Herrian ospe handiena lortu duen gazta lehiaketa baita Ordiziakoa. Txapelketa hori irabazteak salmentetan laguntzen die gehien artzainei.

Aurten, pandemiaren ondorioz, Ordiziako Euskal Jaiak ez dira ospatuko; bai, ordea, gazta txapelketa. Gaur jokatu beharrean, ostiralera pasatu dute: etzi jokatuko da. Ateak itxita egingo da, Ordiziako frontoian. Soilik parte hartzaileak, epaimahaia eta kazetariak izango dira sariketaren lekuko.

Ospea eta izen ona sariari eskutik helduta joaten dira. Zein da saria? Famaz gain, 1.750 euro, eta 12.000 etiketa ondoren egingo dituzten gaztetan Ordiziako txapelduna jarri ahal izateko. Lekarozko (Nafarroa) Julen Arburua, Aiako (Gipuzkoa) Jose Luis Odriozola eta Ordiziako (Gipuzkoa) Joseba Insausti horren lekuko izan dira. 2016tik 2019ra bitarteko txapelketetan irabazleak izan dira.

Gazta txapelketa horren lehen erreferentzia duela 116 urtekoa da; 1904. urtekoa, alegia. Irabazlea Zeraingo (Gipuzkoa) Frantzisko Maria Muñoz izan zen, eta 30 pezeta jaso zituen sari gisa. 1974an, txapelketaren araudia zehaztearekin batera, ofizial egin zen lehiaketa. Urte hartan bertan egin zen lehen aldiz ofizialki ardi latxaren eta Karrantzako ardiaren esneaz egindako gazten txapelketa.

Saria bi urtez segidan lortu du Arburuak; bost urtetan aurkeztu, eta horietatik bitan irabazi du saria. Haren gaztarengatik 8.750 euro ordaindu zituen San Sebastian Gastronomikak 2018an, eta iaz 9.000 eurora iritsi zen Donostiako Beti Jai Berri jatetxeak ordaindu zuen prezioa. «Ohore» bat izan zen lekaroztarrarentzat lehiaketa irabaztea. Haren esanetan, «jendearentzat ezagunak egin ginen irabazi eta gero, eta oraindik ere ezagunak gara».

Ezagun izate horrek salmentetan izaten du eragin zuzena. Jose Luis Odriozola 2017ko irabazleak esan duenez, «irabazi ondoren denda gehiagotara saltzen hasi ginen, eta gaur egun ere denda horiek gure gaztarekin jarraitzen dute». 8.200 euro ordaindu zituen Olaberriko (Gipuzkoa) Carrefour supermerkatu kateak Odriozolaren gaztarengatik.

Joseba Insausti ordiziarrak, berriz, beste modu batera bizi izan zuen 2016an irabaztearen gorakada. Hogei urtetik gora daramatza artzain lanetan; haren ekoizpena txikia izaten da, eta salmentetan ez zuen izugarrizko gorakadarik nabaritu: «Betiko bezeroekin ondo saltzen genuen; nire helburua ez zen bezero gehiago hartzea ere», adierazi du Insaustik. Ordiziarraren gaztarengatik, Okeletxe harategi kateak 8.000 euro ordaindu zituen urte hartan.

Zorte kontua ote?

Azken urteetan, 45-55 gazta inguru aurkeztu izan dira txapelketara. Horietatik, epaimahaiaren iritziz onenak diren hamalauak soilik pasatzen dira finalera. Insaustiren ustez, aukeraketa nahiko subjektiboa izaten da, sariketaren egunean eguraldiak eta antzeko faktoreek eragina izaten baitute.

Lehiaketara eramango den gazta aukeratzea ere buruhauste latza izaten da artzainentzat. «Askotan esperantza handiz zoaz, eta ez zara finalean sartu ere egiten, eta, gutxien espero duzunean, agian finalean sartzen zara. Zortea ere behar da», aipatu du Odriozola artzainak. Insausti ere iritzi berekoa da: «Nik ez nuen uste nire gazta ona zenik, nire gaztak zortea izan zuen egun hartan».

Gazta bat egiteko orduan ere, faktore askok izaten dute eragina. Idiazabalgo Gazta izendapenak hainbat aldaera hartzen ditu barnean, Euskal Herriko ardi-gazta mota ezberdinak bateratzeko asmoz sortu baitzen. Nahiz eta artzain guztiek gazta egiteko prozesu eta pauso berei jarraitu, bakoitzak bere kutsu propioa ematen dio produktuari. Esnearen kalitatea, klima, gatzagia, urteko sasoia, ardien elikadura... «denak du eragina; kate bat da», argitu du Arburuak.

Odriozolak azpimarratu du lan handia dagoela gazta bakoitzaren atzetik: «Beti gainean egon behar duzu. Anaia eta biok ibiltzen gara lanean, eta ez gara aspertzen; beti dago egiteko zerbait».

Aldaketen garaia

Ordiziako txapelketan ez ezik, urtean zehar beste lehiaketa batzuetan ere aritzen dira artzainak. Jose Luis Odriozolak, esaterako, 2018aren oroitzapen politak ditu: «Oso urte ona izan zen», azaldu du. Madrilen urtero egiten den Gourmet gazten lehiaketan, 101 gaztetatik onena izan zen Aiakoarena. Urte hartan, Bilbon eta Elgoibarren ere txapela eramatea lortu zuen.

Pandemiaren ondorioz, eguneroko lana egokitu behar izan dute artzainek. Azokak bertan behera geratu dira, baserrira gazta bila joaten den eroslerik ez... garai zailak izan dira. Etxez etxeko banaketa izan zen Arburuak salmentekin jarraitzeko hartu zuen neurria: «Guretzat lan handiagoa zen, baina ez zegoen beste aukerarik», adierazi du. Hala ere, baikor ageri dira artzainak; izan ere, kalte handiagoa edo txikiagoa egin dien arren, aurrera egiten ari dira.

Nahiz eta pandemiari uste baino hobeto aurre egin, Insaustik zalantzati begiratzen dio etorkizunari. Bakarrik ari da artzain lanetan eta gazta egiten etxean, gurasoek erretiroa hartu ostean. Salmenta izan ezik —bere gurasoek egiten baitute—, prozesu guztia bakarrik egiten du: ardiak jetzi, mendira eraman, gazta egin... «Ez baduzu familia oso baten laguntza edo babesa, oso zaila da», azaldu du. Gogoko du gaztaren mundua, baina, tamalez, bere etorkizuna ganaduarekin lotuta ikusten du gehienbat.

Lan gogorra da artzainena. Lanaldi luzeak izaten dituzte: hamasei ordura artekoak. Gaixo, min hartuta edo dena dela, lan egin beharra dago. Gainera, ordiziarraren hitzetan, geroz eta eskaera handiagoak izaten dituzte administrazioaren aldetik, eta eskaerei aurre egin behar zaie.

Aurten, txapelketa ateak itxita egingo da, etzi, eta hiru artzainak bat datoz: ez du urteroko xarma bera izango. Aldaketak gorabehera, disfrutatzeko eguna izaten da; gainontzeko artzainekin egotekoa eta eguna giro onean igarotzekoa. Idiazabalgo Gaztaren Ordiziako Kofradiak aldi honetan egin duen lana goraipatu du Insaustik: «Aurten, bereziki kofradiak izugarrizko lana egin du lehiaketa aurrera ateratzeko, eta udalak ere lagundu du horretan». «Apartekoa» da lehiaketa,hiru artzainen ustez, eta «apartekoa» da lehiaketak dakarrena ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.