Euskal Herrian izandako hainbat aldaketa islatzen dute Etxamendiren lanek (1935, Ezterenzubi, Baxenabarre), bai kantuek bai idazkiek. «Haustura bat».
Ikerlari, idazle, kantari... Nola laburbilduko zenuke zure ibilbidea?
Etxean, ama kantaria zen. Bazituen kaierak kantuz beteak, eskuz izkiriatuak. Bazuen errepertorio bat handia, eta maite zuen kantuz. Oroit naiz, ttipi-ttipia nintzela, istripu baten ondotik egon nintzen gaizki, eta besteak eskolan zirelarik oraino berantean, 5 edo 6 urtetan, ni etxean nintzen. Eta arto artera joaten zelarik, ekainean eta horrela, eguerdiko saldarentzako leka berdeen biltzera, beti kantuz entzuten zen. Baginen zazpi haurride bizi, eta denak kantariak.
Etxetik goizik joana zara.
Nik jakin bainuen biziki goizik ez nintzela on izanen ez artzain ez laborari, eta, amak lagundurik ideia horretan, espartin egile izan behar nuen. Baina hori kontatu gabe zen jaun erretorearen bisitarekin. Amak hilzorian ikusia ninduen 5 urtetan. Bi aldiz sortua ninduen amak. Betiere, hiltzetik berriz bizira jina nintzen amarentzako, eta apezak errana zion apeztu behar nuela. Josirik prest zen norat joan behar nuen; kusiekin, Belokeko monasteriora [Lapurdi].
Eskoletara.
Zango madarikatu horri esker dut hondarraren hondarrean eskolak egin ahal ukan, eta eskola ez hain gaiztoak; konparazione, grekoa eta latina gaur egun arras gutik duten heineraino ikasi nituen. Beneditanoak txori kantariak dira. Badakizu zer erraten duten jesuitez? Txori harrapariak direla, kantatzen ez dutenak. Kontua da da beneditanoen ondotik egin ditudan estudioak jesuitekin egin ditudala. Orduan izpirituko formazioz, txori kantari eta txori harraparien arteko nahasketa dut. Bueno, utz ditzagun irriak.
Beloken ez dut egiazko formakuntza musikalik ukan; doi-doia pianoan ikasi dut. Nerabeko denbora guztian beti-beti jarraiki natzaio kantatzeari. Gero, han ziren bi kusi haietatik batek deszifratzen zituen gerla aitzinean Zuberoako bortuetan eta artzainen lekuetan bilduak ziren kantu parrasta bat, eta bereziki melodiak munduko ederrenak dira enetako. Horiek ikasten nituen harekin. «Arranoak bortietan gora dabiltza hegaletan».
Bide horretatik hasi zinen, beraz.
Beste gisan ez dut deus ere, formakuntzarik batere ez, bakarrik praktika, amari ikasia. Kantu zaharren gisara, denak horrela, moda zaharrekoak. Egun batez, gizon bat jin zitzaidan, baizik eta gauza bera egin nahi zuela Biarnon, nola behar zuen jokatu. Erran nion: «So egin ezak, bilduko dituk Biarnon artzainek kantatzen dituzten kantu ahal dituan guztiak eta ikasten dituk; horien arabera aritzen haiz hi ere, ez duk beste sekreturik». Nihaurek egiten nuen bezala. Ene kantuekiko istorioa horrela joan da.
Noiz hasi zinen kantu idazten?
Zientzia politikoak eta laborantza ingeniaritza ikasi, ezkondu, eta Afrikan pasatu nituen bi urte. Handik landa bi urte irakasle gisa ari izana naiz eskola libroetan, eta ukan nuen Euskal Herrira jiteko xantza, amets zoragarriz beterik burua. Donibane Garazin gertatu nintzen eskola ematen, baina fite, ene ametsak tristezia bilakatu ziren.
Zer zenituen ametsak?
Gauza berriak eginen genituela eta nik dakita zer, mirakuluak eginen genituela, alo. Bai, bai, baina ez zen hain aise. Lehenik eta bat, ez genuen gure ideiez eleka aritzeko nehor —1963ko solasez ari naiz—, ez zen jende formaturik. Apezak bai, baziren anitz, zoko guztietan. Funtsean, merezimenduak badituzte, ezen gauza franko haiei esker egin baita denboran; lehenbiziko sindikalistak horrela formatu dira, konparazione. Betiere, tokiko burgesia arras futitzen zen gure problemez. Mediku, notario eta horiek...
Aljeriako gerla bazen, eta soldadu joateko adina gabe anitz Ameriketara joaten ziren. Sortze kopuru ikaragarriak ziren, eta erraten zen urtean 2.000 gazte abian zirela hemendik; mutikoak, Ameriketara, eta neskak, ahal zuten lekura, Baionara, Parisera.. badut eleberri bat horretaz egina.
Horiek horrela, Enbata sortu genuen 1963ko pazkoz, eta ni buruilean jin nintzen Garazira. Aste guztiez biltzen ginen Baionan Enbatarekin.
Nola ikusten duzu Enbatan egina?
Euskal Herri barne aldetik hiru edo lau ginen. Beste guztiak kostakoak ziren. Eta haiek, Donibane Lohizuneko mediku horiek eta bezala, abstraktu ikusten zuten politika: «Euskaldun garenaz gain, behar diagu euskaldun izan», eta ez dakit zer. Guk, aldiz, zinezko miseria ikusten genuen. Ardiak hortz karraskaka, konparazione. Laborantza eskola eginik, ottoren etxean pasatu eta ardiak hortzak karraskan ikusten dituzularik, badakizu ez direla bazkatuak, eta segidan ulertzen duzu zer den horren gibelean.
Dena horrela zen hemen: miseria. Ikusten nuen, beraz, lurrak eta kabalak zertan genituen, eta mentalitateak ere bai. Sekula oroitzen naiz, egun batez Argizabal eskolako zuzendari serorak erranik: «Bai, kontseilu orokorreko gizonak erran digu behar geniela neskei larruaren josten irakatsi, ezen hemen zapata egiteko lantegi batzuk egin zitzaketela neskentzako... Zer, gero ezkerreko jende gorri ezdeus horietarik ukaiteko gure lantegietan? Ez ez, nahiago dut turismoari buruz joan». Orduan arraposturik gabe gelditu nintzen, eta kantu egiten hasi nintzen.
Politikari hertsiki loturik, beraz?
Nehork ez du sinetsiko gauza hori; zientzia politikoetan diplomatua, laborantza ingeniaria, lekuko garapenean berezitua eta nahi duzun guztia, baina jendea nola hunki? Kantuarekin. Banekien bakarrik kantuaren bidez hunkitzen ahalko genuela jendea.
Enbatako lagunak deia hasiak ziren [Mixel] Labegerieren kantuen ikasten, eta nihaur ere hasi nintzen kantu irakasten arratsetan, eskolatik landa.
Zein kantu?
«Gu gira Euskadiko gazteri berria...», Labegerierenak. Nihaurenak ere irakasten nituen, baina ez nuen erraten eneak zirela...
Donapaleun nintzen irakasle, eta han bazen piano zahar bat, desakordatua, murruari kontra. Hasi nintzen behin; bideetan pasatzen nituen ametsen eta disgustuen kontatzeko ideiarekin: «Bidez bide nabilena, kantu bat dut laguna...».
Denbora horretan berean gertatu zen Kristiane Etxaluz preso. Doi-doia ezagutzen nuen, ikusia nuen Enbatako biltzarretan, eta hor ere zer eginen zen? Nehor ez zen menturatzen mintzatzera, baizik eta armekin harrapatua izan zela eta ez dakit zer. Horri buruz beste kantu bat egin nuen. «Neskato bat dute preso sartu, Iruñean dute preso sartu, euskaldunak gaituzte zapatu, baina behar zaie dolutu, tararai tera...».
Mezu bat transmititu nahi zenuen.
Arrakasta ukan duten kantu gehienak beti izan dira zirrara eta emozio bortitz baten ondotik eginak, eta hondarraren hondarrean biderik laburrena hori izan da, ene ustez.
Nik begiztatzen nuen publikoa —erran nahi baita jende zohituak, burasoak, Ameriketara joatekoak zirenak— eta uste dut jakin dugula [Larralderekin] hunkitzen jendeek gorderik zeukaten zauria.
Larralderekin.
Lanean elkar ezagutu genuen. Bera ari izana zen ttipi-ttipitatik kantari katedraleko koralean. Bozak horrela formatuak genituen, batek ala besteak ere. Baditugu kilometroak elkarrekin eginak. Larunbat gauetan zakurraren ipurdiraino abian ginen autoz, Bilboraino batzuetan.
Atalaia salbu, kantu guztiak autoan ikasiak zituen, norabait kantatzera gindoazelarik. Azkenik egin nuen kantua ematen nion, eta memoria ona zuen, eta ikasten zituen hitzak eta aireak.
Zer ekartzen zenuten?
Eria zaurian sartzen genuen. Behin, hori Donapaleun, bigarren urtea zen kantuz hasiak ginela, eta salan Donapaleuko burgesia zen, baina zokoan baziren bi bonet lerro. Eta Bidez bide-ren azken bertsoa finitzen, «etxia eta euskara baitoatzi lurrera» kantatzean, zoko hartatik: «alua!». Beraz, horiek ziren erakusgai batzuk gure gizartea gaizki zela.
Hasiz geroztik, gure kantaldiak izugarri fite hedatu ziren. Jendeek segitzen zuten, jendea sukarretan ikusten zenuen. Kantaldia finitu eta jendeak eskuak ikaran ziren. Horrek ere zerbait erakusten du, bazela zerbait, zerbait egiazki azkarra.
Kolektiboa?
Aretxabaletan, sekula oroitzen naiz, alimaleko sala bazen, jendez imoki betea. Gure tenorea hurrandua, Larralderi erran nion: «Beldur nauk erlasten ari zaidala zintzurra». Gero, hara joan etahori zen misterioa, publikoak hartzen zaitu. Ezin esplikatuzko zerbait da. Elektrizitatea bezala da. Publikoak hartzen zaitu, zure boza iduriz ezin egin, eta nehor ez da ohartzen ere erlastua zarela. Kantuak botatzen dituzu tripatik.
Salvador Allenderen kantua egitean, hasi ziren argiak pizten. Su piztekoak. Menturaz mila argi pizturik gure aitzinean. Kantaldia finitu eta bi gizon jin zitzaizkigun lasterka: «Polizia! Polizia!», lekutu behar genuela. Eraman gintuzten Arabako Salinas herrira, eta gau guztia pasatu genuen elkarrekin edaten eta jaten, mozkortzen eta kantuz.
Nola bizi izan duzue hori, Larralderekin?
Esperantza ematen zigun. Amets berri batzuen hastapena zen, hori zen gertatzen. Batzuetan izugarri gaizki erabiliak izan gara herri batzuetan, abertzale bezala. Orain, garaiak aldatu dira. Guri muturren hausteko jokalari zirenak orain damutzen dira. Ez da gerla irabazia horrengatik, ez dira mendi guztiak ordoki bilakatuko —beharrik ez, funtsean, mendiak mendi egiteko eginak baitira—, ez dira patar guztiak zabal bilakatzen ahal. Kostako abertzaleekin ere beti hotzean egon gara, beti mokokan. Bagenekien beren diskurtsoak ez zuela funtzionatzen hemen; ez forma horrekin, hasteko.
Zergatik?
Guk beti ekonomia genuen solas. Erraten genien Euskal Herri barnealdea abertzalea bilakatzen ahalko zela, baina lehenik miseriatik atera behar genuela, eta gazteak hemen egonarazi.
Nola ikusten duzu gaurko egoera?
Gazteek dute sua eta indarra, sumendia bezalakoak dira, eta hura da gizartearen motorra, baina behar da batzuek eta besteek elkarri laguntza ekartzea. Zaharragoek ere badute zerbait, badituzte sudurrak hautsirik ukanak, ez dira arrunt zozoak. Ez da dena alderdi bat edo bestea; nonbait horren guziaren nahasketa eta oreka da.
Estatuek badituzte karta bat baino gehiago sakelan. Kasu, ustelkerian azkarrak dira. Drama geldiezin bat bizi izan dugu, eta ez da uste ukan behar fini dela. Ez da bortxaz armekin izanen —araiz ez, funtsean—, baina beste forma batzuk hartuko ditu.
Eta gaurko euskal kantagintza?
Ez dut segitzen... Betiere, uste dut beti ontsa dela entseatzea. Guk ere hala egin dugu, ahal bezala.
Eñaut Etxamendi. Idazlea eta kantaria
«Banekien bakarrik kantuaren bidez hunkitzen ahalko genuela jendea»
Euskararen jatorriaren inguruko ikerketan pasatu du azken hamarkada Eñaut Etxamendik, baina hori baino lehen Etxamendi eta Larralde bikoteko kantari gisa ezagun egin zen. Liburuak ere baditu idatzirik: ipuinak eta eleberriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu