Irulegiko eskua

Eskukada bat itxaropen

Askotariko iritziak eragin ditu Irulegin topatutako piezak. Aurkikuntzaren «balio itzela» nabarmendu dute BERRIAk kontsultatutako adituek, baina denbora eskatu dute, «ikerlariek lan egin dezaten»

Aranzadik astelehenean aurkeztu zuen Irulegiko eskua. IÑAKI PORTO / EFE.
Ion Orzaiz.
2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
«Historikoa», «pozgarria», «sinetsi ezinezkoa», «harrigarria», «opari bat»... Aranzadi zientzia elkarteak Arangurengo Irulegi mendian (Nafarroa) topatutako piezak zeresan handia eman du azken egunean. Hizkuntza baskonikoz idatzitako lau lerroko inskripzioak askotariko iritziak piztu ditu: bozkarioa adierazi dute askok, euskararen aurrekari izan daitekeen hizkuntza baten aztarnarik zaharrena izan daitekeela iritzita; beste batzuek «zuhurtzia» galdegin dute, eta erantzunak, etortzekotan, «datozen urteetan» etorriko direla ohartarazi dute. Euskalgintzaren, kulturaren, akademiaren, historiaren eta komunikazioaren esparruko sei adituren iritzia jaso du BERRIAk.

PAUL BILBAO
Kontseiluko idazkari nagusia
«Euskara ofiziala ez den tokian agertu da lehen idatzizko euskara»

«Pozgarria eta paradoxikoa». Horrela definitu du Paul Bilbaok, Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusiak, Arangurengo aurkikuntza: «Pozik egoteko moduko albistea da; batetik, gure hizkuntzaren historian inoiz baino atzerago egitea lortu dugulako, eta gure jatorriaren inguruko informazioa emanen digulako horrek; baina, bestetik, paradoxa handia da euskarazko lehen idatzizko testua agertzea non eta euskarari ofizialtasunik aitortzen ez zaion toki batean».

Bilbaoren ustez, eztabaida arkeologikoaz, linguistikoaz eta kulturalaz gain, auziak badu «dimentsio politiko bat» ere: «Zaila izanen litzateke duela 2.100 urteko baskoiei azaltzea euskaldunak arrotzak balira bezala tratatzen dituztela beren herrian, eta euskarak ez duela aitortzarik».

LOREA AGIRRE
Kazetaria eta antropologoa
«Hizkuntzaren gaineko mito asko eraisteko balio dezake honek»

Aranzadik asteartean aurkeztutakoa aurkikuntza arkeologiko «berezia, interesgarria eta estetikoki ederra» dela uste du Lorea Agirre kazetari eta antropologoak. «Badirudi pieza honek informazio garrantzitsua eman diezagukeela garai hartako baskoien komunitateari, historiari eta bizimoduari buruz, baina, horretaz aparte, hizkuntza baskonikoz idatzia egoteak beste garrantzi bat ematen dio».

Ikusi gehiago:Leire Malkorra: «Emozio puntu bat nuen, zer izango ote zen jakiteko»

Agirreren irudiko, euskararen historiari lotutako «mito ugari eraisteko» balio dezake Irulegiko eskuak: «Euskararen historia, hein handi batean, galera luze baten historia gisara ezagutu dugu orain arte, baina Irulegikoak aukera ematen digu beste kontakizun bat egiteko». Izan ere, zenbait ideia hizkuntza gutxiagotu eta menpekoei lotuta ageri direla uste du kazetariak: «Menpeko hizkuntzen komunitateei egozten zaizkie hainbat aje eta gaitz: barbaroak izatea, idazten eta irakurtzen ez jakitea... Hizkuntza hegemonikoez nekez entzungo dugu halakorik. Halakoak eraisteko balio dezake Irulegiko eskuak».

PATXI ZABALETA
Abokatua, politikaria eta idazlea
«Garrantzi handia du gizarte honen nortasunari dagokionean ere»

Irulegin Kristo aurreko I. mendeko idazki bat aurkitu izana «albiste garrantzitsua eta ederra» dela uste du Patxi Zabaletak. «Aurretik ere, banuen halako zerbait ager zitekeen susmo txikia, baina atzo arte [astelehenaz ari da] ez nuen aurkikuntzaren edukia ezagutu, eta poz handiz hartu nuen», azaldu du.

Idazlearen ustez, berriki azaleratutako aztarna horiek «eragin handia» izanen dute hainbat esparrutan: «Berebiziko garrantzia izanen du eztabaida soziopolitikoetan, noski, baina, hortik harago, baita eusko-iberismoaren ingurukoetan eta orain arte egin diren beste indusketei buruzkoetan ere, Iruña-Veleiakoa barne». Are: «euskal gizartearen kulturari eta nortasunari» dagokionean, «aintzat hartu beharreko aurkikuntza» dela ondorioztatu du Zabaletak.

KIKE AMONARRIZ
Soziolinguista eta Topaguneko burua
«Hipotesi asko sortuko ditu aurkikuntza honek, baina opari bat da»

BERRIAren edizio digitalean izan zuen aurkikuntzaren berri Kike Amonarriz soziolinguista eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak. «Ustekabean harrapatu ninduen albisteak, eta poz handia hartu nuen: aurkikuntzagatik beragatik, baina baita Aranzadi elkarteko lagunengatik ere, asko miresten baititut».

Aurkikuntzaren garrantzi historikoaz harago, sorioneku hitzak «zirrara berezia» eragin ziola aitortu du: «Ipuin bat ematen du ia. Fantasia bat, edo inuzenteen egunean argitaratzen diren albiste bitxi horietako bat».

Ikusi gehiago:Joakin Gorrotxategi: «Ematen du hizkuntza asko aldatu dela, eta ematen du ez dela batere aldatu»

Idazkunen jatorriari buruzko interpretazioei dagokionez, «ikerlariek eta zientzialariek ondorioztatzen dutenaren zain» dagoela dio Amonarrizek. «Galdera asko sortuko ditu honek, hipotesi asko zabalduko dira: nork, noiz eta nola hitz egin zuen euskara edo euskararen aurreko hori». Horregatik, hain zuzen, Irulegiko eskua «opari baten gisara» ikusten du: «Halako albisteak, iraganari buruzkoak izanagatik, etorkizunera proiektatzen dira. Kate baten irudi indartsua dakarkigute gogora: etenik gabe, belaunaldiz belaunaldi transmititu den hizkuntza beraren lekuko ote garen. Euskaraldiaren atarian, opari bat izan da hau, aukera ematen digulako esateko: handik gatoz, hemen gaude, eta etorkizuna ere konkistatu nahi dugu».

LAURA MINTEGI
Idazlea eta irakaslea
«Aukera ona dugu isilik egoteko eta ikerlariei lan egiten uzteko»

Aurkikuntzari zientziaren ikuspegitik begiratu dio Laura Mintegi idazle eta irakasleak: «Pozarren hartu nuen albistea, euskaldun guztiok bezalaxe, baina baita zientzian sinesten dudalako ere». Are, lerroburuak irakurri eta berehala, Mintegiren lehen gogoeta Aranzadiko ikerlariei buruzkoa izan zela gogoratu du: «Pentsatu nuen lehen gauza izan zen: honelako aurkikuntzak egin badaitezke hain baliabide gutxirekin, zer ez litzateke lortuko bai Aranzadiri, bai beste ikerlari eta zientzialariei baliabide gehiago emanez gero?».

Irulegiko eskuak «itzelezko garrantzia» duela nabarmendu du idazle eta historialariak, eta pieza aurkitu zutenen lana goraipatu du: «Nik Historia ikasi nuen Deustuko Unibertsitatean, eta zenbait udaldi eman ditut Atapuercako aztarnategian [Burgos, Espainia], labana txiki batekin lur geruzak altxatzen. Hortaz, badakit nolako ahalegina eta esfortzua dakarren pieza txiki bat lortze hutsak».

Eskuaren gaineko interpretazioak «ikerlarien esku» uzteko galdegin du: «Tentazio handiegia dugu ulertzen ez dugun hori gaur egungo begiekin ikusteko. Pieza Nafarroan agertu dela edo eremu mistoan agertu dela? Duela 2.100 urte ez ziren existitzen ez Nafarroa, ez Euskadi, ez Espainia, ez ezer. Honakoa izan daiteke aukera on bat isilik egoteko eta ikerlariei lan egiten uzteko».

PATXI SALABERRI
Filologoa eta euskaltzaina
«Pentsa daiteke euskara dela, baina nik zalantzak ditut oraindik»

Zuhurtzia. Hori eskatu du Patxi Salaberri NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle, filologo eta euskaltzainak Aranzadiren aurkikuntzaz hitz egiteko tenorean. «Albiste hauek pozgarriak dira beti, eta aurkikuntza garrantzitsua da, baina ikusi beharko dugu zertan geratzen den, aurkitutakoa nola interpretatzen den, eta, euskararekin loturarik badu, zer ondorio duen hizkuntzarentzat». Horretarako, baina, «datuak eta frogak behar bezala aztertu» behar direla uste du.

Ikusi gehiago:'Irulegiko eskua'-ri buruzko artikulu gehiago

Izan ere, piezan markatutako idazkiaren gaineko zalantzak ditu Salaberrik: «Javier Velaza eta Joakin Gorrotxategi hizkuntzalariek baietz diote, lehenbiziko hitz horrek [sorioneku] euskararekin lotura izan dezakeela, baina gainerakoak oraindik ere argitzeko daude». Hala ere, aitortu du badaudela motiboak izkribua euskararekin lotzeko: «Argi omen dago ez dela iberiera, ezta zeltiberiera ere; eta horiek ez badira, eremu honetan agertu bada, eta lehenbiziko hitza euskarazkoa dela ematen badu... uste izatekoa da euskara izan daitekeela».

Edonola ere, datu asko falta direla uste du: «Lehen hitza zorioneko izan liteke, edo zorionegu, eta -gu atzizkia bada, zergatik ez pentsatu aditz bat izan daitekeela, daramagu-ren estiloan? Hitzen arteko loturak zeintzuk diren, hori ere adituek erranen dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.