Kirol egokitua

Hesiak eraisteko tenorea

Jaiotzatik edo istripu batek eraginda urritasun fisikoren bat nahiz mentala duten emakume kirolariek hainbat aurreiritziri aurre egin behar izaten diete usu, baita zenbait oztopori ere: hala nola emakumeen eta gizonen arteko berdintasun falta edota diru laguntza eskasia. Gizarte inklusiboa lortzea dute xede.

Rakel Mateo. Triatloi egokituan aritzen da, eta Rioko Paralinpiar Jokoetan parte hartu zuen. E. MORENO ESQUIBEL.
Mikel O. Iribar.
2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Gizartean, oro har, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko urrats garrantzitsuak egin badira ere, bide luzea dago egiteko oraindik, eta zer esanik ez kirolean. «Tradizionalki, emakumeok gizonek baino kirol gutxiago egin dugu. Are gehiago, urritasuna duten emakume eta gizon kirolarien arteko arrakala handiagoa da, lau kirolaritatik bakarra baita emakumea»: Blanca Aranguren (Donostia, 1968) Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko presidentearen adierazpenak dira horiek.

Arangurenek urte asko daramatza kirol egokituaren munduan lanean, eta hutsune «handia» ikusten du urritasun fisikoa nahiz mentala duten emakumeak kirola egitera animatzeko eta erakartzeko. Badu bere zergatia: «Desgaitasuna duten emakume gehienek kirola egiteari uzten diote nerabezaroan. Garai horretan, babesik gabe sentitzen dira, eta horri urritasuna izateagatik jasotzen dituzten begirada desatseginak gehitu behar zaizkio».

Dena den, badaude salbuespenak, eta Euskal Herrian badira eliteko kirol egokituan aritzen diren zenbait emakume. «Kirolariei euren ibilbidean urritasunak traba gehiago egin die emakumea izateak baino», uste du Arangurenek. Iritzi berekoa da Rakel Mateo ere (Mungia, Bizkaia, 1975). «Emakume izate hutsagatik inoiz ez naiz baztertua sentitu». Lan istripu larri baten ondorioz, mugikortasuna galdu zuen ezker hankan Mateok: «Inoiz ez nuen pentsatzen elbarritasuna emango zidatenik». Baina harentzat ez da oztopoa izan kirola egiteko.

2014tik triatloi egokituan aritzen da mungiarra, eta Rioko Paralinpiar Jokoetan lorturiko zortzigarren postua da haren lorpenik handienetakoa. Hori alde batera utzita, triatloi egokitua eta ez egokitua alderatu ditu:«Desberdintasun handia dago, egituraren aldetik batez ere». Erreskadan azaldu du arrazoia: «Triatloi egokitua ez dago triatloi federazioaren barruan sartuta, beste kirol modalitate askoren moduan». Baliabide ekonomiko urriagoak izatea dakarkio horrek Mateori. «Esaterako, askoz ere diru sari txikiagoak izaten ditugu, baita diru laguntzak ere». Federazioak Munduko eta Europako txapelketetako gastuak ordaintzen dizkio: «Baina bi lehiaketa horietara sailkatzeko, mundu osoan barrena ibili behar dut lehiatzen; azkena, Tasmanian».

Egoerak hala behartuta, babesle pribatuak «ezinbestean» behar izaten dituzte. «Esfortzu ekonomiko ikaragarria eskatzen du horrek», aitortu du Mateok. Gainera, gizartearen gehiengoak kirol egokituaren inguruan izan ohi duen aurreiritziaren aurka jo du: «Jendeak uste du kirol egokituan aritzen garenok, kopuruz gutxi garen arren, laguntzak erraz jasotzen ditugula. Inork ez digu ezer oparitzen. Egiten duguna aintzat hartzea nahi dugu, besterik ez».

Urritasunen bat duten kirolarien egoera «gordinari» beste harresi bat gehitu behar zaio: ikusgaitasunik eza; are gehiago emakume izanda. Mateok, adibide gisa, bere bizipen bat ekarri du gogora: «Rioko Paralinpiar Jokoetan parte hartu nuenean, nire lasterketa ez zuten zuzenean eman, ezta Jokoen eremuan jarri zituzten pantaila erraldoietan ere. Jende ezagunaren eta ezezagunaren mezuak jaso nituen, nire lasterketa ikusteko asmoa zutela esanez. Harritu egin ninduen horrek». Kasu horretan ere, osotasunean kirol egokituaren kalterako izan dela sentitu du, eta ez emakumeenganako gutxiespen gisa: «Horrelakorik ez dut sentitu». Bai, ordea, Sara Carracelas igerilariak (Donostia, 1981): «Emakumeok, gizonezkoen adinako balentriak edota handiagoak egin izan ditugunean, ez dugu izan haiek bezainbesteko oihartzunik».

Egoera hori makina bat aldiz bizi izan du Carracelasek, ibilbide oparoa duen kirolaria baita. Garaipen zerrenda luzea dauka: besteak beste, lau alditan hartu du parte Olinpiar Jokoetan, eta, guztira, urrezko sei domina, zilarrezko bat eta brontzezko hiru jantzi ditu. Bost urte zituela egin zuen jauzi igerilekura lehen aldiz, «behar bereziagatik», donostiarraren esanetan. «Oinez baino lehenago ikasi nuen igeri egiten. Niretzat, errehabilitazio terapia bat zen». Hain zuzen, garuneko paralisiarekin jaio zen Carracelas, erditze unean nahikoa oxigenorik ez zuela-eta.

Inklusiboa, ezagutzatik

Bai Mateok baita Carracelasek ere azpimarratu dutenez, urritasunen bat duten emakume kirolariak gero eta gehiago azaltzen dira hedabideetan, baina gehitu dute oraindik lan «izugarria» dagoela egiteko: «Gizarteak ikusi egin behar gaitu». Ostera, Arangurenek ñabardura bat egin du: «Ikusgaitasuna landu behar da, baina ezagutzatik, eta ez iruditik bakarrik». Modu horretara, Mateok dio «lagungarria» izan daitekeela desgaitasuna duten pertsonentzat. «Lehen, urritasunen bat zutenak etxean ezkutatuta egoten ziren, eta gaur egun ere, lotsagatik edo, familia askok ez dute nahi desgaitasuna duten senideak argazkietan ateratzerik. Niri izugarrizko pena ematen dit horrek. Txikikeriak direla ematen du, baina ez dira».

Bada, gizartean agerian dauden oztopo arkitektonikoak eta aurreiritziak ezabatzeko lanean ari dira buru-belarri Aranguren eta haren lantaldea. Federazioaren eginbeharrak hiru dira: kirol egokitua eta inklusiboa sustatzea, antolatzea eta hedatzea. Hain justu, «adinaren arabera eta bizi-ziklo osoa kontuan hartuta», eskaintza «zabala» dute eskuragarri: besteak beste, haur eta gaztetxoentzako eskola kirol egokitua. «Egitasmorik indartsuena da», adierazi du federazioko presidenteak. Gainera, taldeen egiturari dagokionez ere, bada aintzat hartu beharreko aldagai nagusi bat: «Talde guztiak mistoak dira, eta betidanik izan dira».

Berdintasunari begira urrats «garrantzitsua» dela iruditzen zaio Arangureni, eta ondorengo adierazpena egitera ausartu da: «Azken urteetan, lehiaketa arloan, kirol egokitua ez da kirol ez egokitua bezain sexista. Horren arrazoia da kirol egokituko klub guztien jatorria mistoa dela». Jarduera mistoak ez ezik, emakumeentzat soilik prestatutako entrenamenduak ere antolatzen dituzte, zenbait kluben elkarlanaren bitartez. «Adibidez, arrazoi pertsonalengatik edota baliabide faltagatik kirola utzi behar izan dutenekin aritu gara. Egitasmoa arrakastatsua izan da».

Koronabirusak eragindako osasun krisiak Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioan ere utzi du bere arrastoa: «Izurriaren aurretik hainbat proiektu genituen esku artean; horietako bat udako bainu egokitua zen, zeinetan emakumeen parte hartzea oso handia zen». Egungo egoeran, ostera, eskola kirolari berrekin nahi diote ahalik eta lasterren. «Urritasunen bat dutenen kolektiboarentzat behar-beharrezkoa da eskola kirola, aukera izan ditzaten jarduera fisikoa eta harremanak egiteko».

Mateo, Carracelas eta Aranguren bat datoz kirola «ezinbesteko» elementua dela gizarte inklusibo bat eraikitzeko. «Ariketa fisikoa egitea guztiontzat da osasungarria, edonolako urritasunen bat duten gazte zein helduentzat». Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko presidenteak arreta berezia ezarri dio inklusibo hitzari: «Behar baino gehiago erabiltzen da, eta benetan duen balioa galtzen ari dela iruditzen zait. Urrats handiak egin dira, baina errealistak izan nahi badugu; bide luzea dugu aurretik egiteko». Mateok, berriz, beste hau gehitu du: «Urritasun fisiko nahiz mentalen bat duen inor ezin da epaitu; bizitza momentu batetik bestera alda baitaiteke».

Horiek horrela, Arangurenek nabarmendu du sentsibilizazio lanketa bi eremutan egin beharko litzatekeela: hezkuntzan eta kirol instalazioetan. Federazioa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, lanean dabil hezkuntzan sentsibilizazio egitasmo bat martxan jartzeko: «Helburua da gazteek jakin dezaten zer diren eskola kirol egokitua eta eskola kirol inklusiboa. Inklusibitatea ezin da goitik behera sortu, behetik gora baizik».

Bigarren eremuari dagokionez, berriz, azpimarratu du kiroldegi publikoek eskaintza «zabalagoa» egin beharko luketela, baita gune inklusibo gehiago sortu ere. Carracelas urrunago joan da: «Urritasun fisiko nahiz mentalen bat dugunon normalizazio soziala behar dugu, aukera berberak izan ditzagun». Benetako aldaketa hor ikusten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.