Bingen Zupiria. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua

«2020ko kontuek balioko digute aurtengo beharrei erantzuteko»

Kulturgintzari laguntzeko neurriak unean uneko egoeraren arabera hartu beharko direla dio Zupiriak. Baina azpimarratu du aurtengo deialdi eta laguntzak bermatuta daudela.

JAIZKI FONTANEDA/FOKU.
aitor biain
2020ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Itxialdiak hankaz gora jarri du kulturgintza: jarduera oro etenda dago, eta horrek zalantzaz beteriko etorkizuna utzi du sektorean. Agertoki berriari administraziotik erantzuteko lanean ari da Bingen Zupiria (Hernani, Gipuzkoa, 1961) Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua. Telefonoz erantzun die BERRIAren galderei.

Greba digitala iragarri zuten egun berean aurkeztu zenituzten kulturgileei bideratutako diru laguntzak. Nola hartu du greba Jaurlaritzak?

Milatik gora pertsonak sinatu duten dokumentu hori da garrantzitsua, eta bertan esaten dutena. Agiri hori sinatu duten pertsonek gonbita egiten digute gizarteari eta erakundeei gogoeta egin dezagun zer den guretzat kultura, eta eman diezaiogun kulturari daukan garrantzia. Nik uste dut hori beti dela interesgarria, eta are interesgarriagoa honen moduko egoera batean. Nik ikusi dut, nolabait, hainbat kultur eragilek nahi izan dutela egoera larri honetan burua atera eta «hemen gaude» esatea. Horrekin geratzen naiz.

Kulturak zein lehentasun du Jaurlaritzarentzat krisi garai honetan?

Kultura dago, beste arloekin batera, hartu diren neurri guztien barruan. Jaurlaritzak COVID-19 gaitzaren ondoren hartu dituen neurri asko oinarrizko laguntzak dira. Baina neurri berezi batzuk ere hartu dira. Poltsa handi hori zabalik dago edozein sektoretarako, baita kulturaren arlorako ere.

Zergatik izan da zaila laguntza horiek onartzea?

Aurrean ez daukagulako non kopiatu. Estatuan beste inon ez da honen moduko neurririk hartu, eta guk dakigula, Europan ere ez. Aurkitu ditugun laguntza gutxiak dira kreditu modura planteatzen direnak; ez dira laguntza zuzenak onartu. Guk Lanbideren bitartez egin dugu, eta, beraz, koherentzia bat izan behar du bertatik kudeatzen diren deialdi eta laguntza guztiekin, eta ariketa horrek lana eskatu du. Testua prest dago dagoeneko, eta aste honetako gobernu bileran onartuko dugu [gaur].

Aurrez beste zeregin batzuetara bideratuta zegoen poltsa bat erabili da laguntzak emateko. Zergatik erabili da funts hori?

Momentu honetan ez dakigulako datozen hilabeteetan nola kudeatuko ditugun legebiltzarrean onartu ziren aurrekontuak. Eta ez genion horri itxaron nahi izan. Diru poltsa hori sortu zen Jaurlaritzak Elkarrekin Podemosekin hitzartutako zuzenketa baten bitartez. Haiekin hitz egin genuen, eta erabaki genuen, denbora pasatzen utzi gabe, lehenbailehen neurri horietara bideratzea.

Diru poltsa 2,5 milioikoa da. Gastatzen denean, akabo? Handitzeko aukerarik egongo da?

Ikusiko da. Laguntza norentzat den finkatzen ahalegindu gara agindua idazterakoan, baina ez daukagu errolda bat, ez dakigu zenbat profesional dauden benetan egoera horretan, eta zenbat eskari jasoko ditugun. Lehenengo aldiz jakingo dugu zenbat jende egon daitekeen egoera horretan. Laguntza hauek ezingo baitira beste batzuekin jaso.

Hala ere, badira baldintzak betetzen ez dituztenak. Euskarazko kulturgintzan aritzen dira horietako asko. Zein aukera dute horiek diru laguntzaren bat jasotzeko?

Tira, bereziki horretarako dago diru laguntza prestatuta. Gizarte Segurantzan urte osoan izena emanda ez duten autonomo asko dagoela esan izan dute sektoreko ordezkariek urteetan. Beren-beregi haientzat dago pentsatuta laguntza.

Zer gertatuko da aurtengo proiektuei emandako diru laguntzekin? Luzatuko zaie epea?

Momentu honetan prozedura administratibo guztiak luzatuta daude alarma egoerak iraun bitartean. Gure asmoa da kultur sorkuntzarekin eta ekoizpenarekin zerikusia duten deialdi guztiak ateratzea pentsatuta zeuden bezala, eta horiek bermatzea, konturatzen garelako zeinen garrantzitsuak diren kultur ekoizpenerako eta zenbat lanpostu eta aktibitate ekonomiko dagoen diru laguntza horien inguruan.

Zerga ordainketen atzerapenak onartu dituzte diputazioek, baina zergak murriztea edo bertan behera uztea planteatu duzue?

Jaurlaritzak ez dauka eskumenik arlo horretan. Badago fiskalitatearen antolakuntza orokor bat Espainiako Gobernuaren esku dagoena; beraz, ez dakit beste erabakirik hartuko duten. Bat izan da: euskarri digitalen argitalpenen BEZa %4ra jaitsi da. Neurri berriak iragarriko dituzte maiatzaren osterako, uste dut, baina ez dakit gehiago.

Krisialdiaren ondorio zuzenenak pasatzen ari diren alorretaneuskara gehiago erabiltzen da, baina, aldi berean, diru gutxiago dago. Ardatza hor jarriko duzue?

Horrek eskatuko du atentzio berezi bat, bai. Eta, uste dut, horrekin batera, honek nolabaiteko arrakala bat sortuko duela kulturgintzan euskarri digitaletan bizitza eduki dezaketen kultur produktuen eta bizitza digitalean oso sarrera zaila daukaten produktuen artean.

Digitalizazioak utzi ditu gogoetarako datu batzuk: liburutegi digitalen erabileran izandako hazkundea, esate baterako.

Larrialdi honetan nik egiten dudan irakurketa positiboetako bat da jende askok ikusi duela zeinen garrantzitsua izan daitekeen liburu sorta bat edukitzea edo musika instrumentu bat jotzen jakitea. Baina, horrez gain, uste dut krisi honek erakusten duela euskarri digitaletan dauden kultur produktuek errazago daukatela aurrera begiratzea digitalak ez direnek baino. Eta, adibidez, ikusi dugu eLiburutegiak badituela jarraitzaileak, eta bihurtu dela bidelagun bat krisialdi honetan.

Euskarazko kulturgintzari arreta berezia jarriko dio Jaurlaritzak?

Beti jarri dio. Aurreko krisialditik pixkanaka ateratzen ari zen sektorea, eta nik uste dut bazegoela harrotasun puntu bat, zentzu onean esan nahi dut, euskarazko produkzio lanek lortutako mailagatik. Baina zerk eraman zituen puntu horretara? Hiru zutabe aipatuko nituzke: sortzaileen eta ekoizleen lana, erakundeen aldetik izan den laguntza eta bermea, eta publikoaren konpromisoa. Uste dut hemendik aurrera ere, eta larrialdi honetatik ateratzeko ere, hiru zutabe horien arteko elkarlana eta konplizitatea nahitaezkoa izango dela.

Neur daiteke sektoreak orotara zer eta zenbat galduko duen?

Horretan ari gara. Hiru edo lau aste daramatzagu bilera eskatu diguten elkarte, talde, profesional eta abarrekin batzartzen; eskatu ez digutenekin ere harremanetan gaude. Hala ere, galdetegi bat ere bidali diegu eragile guztiei jakiteko zehatz-mehatz COVID-19ak zer ondorio eragin dituen. Aholkularitza zerbitzu bat ere antolatu dugu, profesionalek jakin dezaten hasi Europatik eta udaletaraino zer laguntza dauden eta zer beharko luketen horietara iristeko.

Horren arabera hartuko dituzue aurrera begirako neurriak?

Une honek eskatzen du lehenik oinarrizko erabakiak hartzea. Bigarren eginkizuna izango litzateke ikustea nola ateratzen garen geldialdi honetatik. Inork ez daki, eta erabakia norena izango den ere ez dakigu. Nik ez dakit udan zein panorama izango dugun, zer egiteko moduan izango garen eta zer ez. Baina argi eduki behar dugu osasunaren ikuspegitik zeintzuk diren oinarrizko eskakizunak eta betebeharrak, eta hortik aurrera aztertu beharko dugu zer den posible eta zer ez. Erronka bat da denontzat. Gero etorriko da pentsatzea etorkizunari begira zein erabaki hartu behar ditugun.

Nori dagokio neurri horiek erabakitzea?

Ez dakit. Alarma egoeran gauden bitartean aginte bakarrak berak hartzen ditu erabakiak. Behin egoera hori amaitzean, kasu bakoitzean eskumena duen erakundeak hartu beharko ditu. Edozein kasutan, erakundeon ardura daukagunok erabaki dugu elkarrekin lan egitea, eta erabakiak gureak balira bezala prestatzea. Guri badagokigu, pentsatuta eta prestatuta eduki ditzagun, eta guri ez badagokigu, lan egingo dugu onartzen diren neurriak bete daitezen.

Konfinamendua amaituta ere, zenbait kultur jarduera ezingo dira berriz egin. Epe ertain-luzera begira, zer duzue buruan?

Gaur oraindik ez dakigu nola egin daitekeen normaltasunerako bide hori. Espero dut argi geratzea maiatzean zehar. Eta, gero, arlo guztietan dago planteatuta, jardun batzuk bereziki kaltetuak gertatzen badira, hartu diren zenbait neurri luzatzea. Dena den, uste dut joan beharko dugula unean-unean ikusten zein egoeratan gauden.

Argi dago udako ekitaldi jendetsuak ezingo direla egin. Baina zeri eusteko aukera izango da?

Nik asko begiratzen diet nazioartean gugandik hurbilen dauden herrialdeak hartzen ari diren erabakiei. Ikusi dut nola Alemaniak eta Danimarkak mugatu dituzten edukierak, nola mugatu dituzten emanaldi eta ekitaldi jendetsuak. Baina, era berean, ikusten ari naiz Alemanian zabaldu dituztela museoak, zabaltzera doazela antzokiak, eta zenbait ekitaldi ere egitea posible izango zaiela. Horiek guztiek ematen dituzte pista batzuk, eta uste dut erabaki asko ildo horretatik joango direla. Denoi dagokigu pentsatzea zein modutan berma dezakegun gutxieneko kultur jarduera bat.

Kulturgileek eskatzen dute ekitaldiei eusteko. Bertan behera utzi ordez, atzeratzeko.

Eskari hori arrazoizkoa da, eta erakunde guztiok elkarrekin landu beharko dugun zerbait da, bakoitzak bere eskumenen barruan bada ere. Baina oso zaila da horri erantzutea jakin gabe nolakoak izango diren datozen hilabeteak. Gaur auzitan dago dena; gauza askorekin dago jakin-mina eta jakin-ezina, eta kultur emanaldiak ere poltsa horretan daude.

Administrazioaren eta eragileen arteko hartu-emana hobetu da euskalgintzan. Kulturan ere posible ikusten duzu halakorik?

Nik ez nuke esango gertatu ez denik, baina ni parte naiz honetan eta onartzen dut nire iritziak bakarrik ez duela balio. Kulturgileek esan beharko ligukete urte hauetan harreman hori sarritu eta aberastu den ala, alderantziz, eskastuta geratu den. Guk ahalegina egiten jarraituko dugu.

Krisiari aurre egiteko moldatu egin beharko dira aurrekontuak. Baduzue lehentasunik?

Kulturari dagokionez, 2020rako egin genituen aurrekontuek balioko digute, neurri handi batean. Aurrekontuen oinarrian zegoen kultur produktuak sortzen laguntzea, sortzaileei laguntzak ematea eta ekoizpena bultzatzea.Beste diru sorta handi bat, zuzeneko diru laguntzen bitartez, kultur eragileei eta elkarteei bideratuta dago, jarduera ekonomikoa posible egiten dutenak baitira. Horiek pentsatuta zeuden bezala balioko digute. Gero badira beste poltsa batzuk ekitaldiei eta emanaldiei bideratutakoak, eta ikusi beharko da horiekin zer gertatzen den. Epe luzera begira, hala ere, beharrezkoa izango da hauteskundeak egitea eta gobernu berri bat izatea, erabakiak agertoki berri horretan hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.