Korsika

Yvan Colonnaren kondena etetea erabaki du Frantziako justiziak

Preso korsikarraren osasun egoera dela-eta hartu dute erabakia. Darmanin Frantziako Barne ministroak agerraldia egin du, eta «prest» agertu da egindako solasak agiri baten bidez finkatzeko

Jon den igandean Colonnaren aldeko manifestazio bat egin zuten Bastian. OIHANA TEYSEYRE KOSKARAT.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Ajaccio
2022ko martxoaren 18a
00:00
Entzun

Yvan Colonna preso korsikarraren zigorra eten du Frantziako justiziak. Haren abokatuek eskaera egina zuten, eta Frantziako justiziak atzo onartu zuen galdea «osasun arrazoiengatik».

Izan ere, Frantziako legearen arabera, presoen kondena etetea erabaki dezake justiziak, baldin eta hil edo biziko egoeran bada. Colonna koman dago, martxoaren 2tik, kartzelan jasandako jipoi baten ostean.

Ikusi gehiago:«Geure buruari galdetzen diogu nola gertatu ahal izan den halako eraso bat»

Erabakia plazaratua izan aurretik, Ajaccioko prefeturako Erignac salan —hain zuzen, Claude Erignac prefeta hiltzea leporatuta zigortu zuten Colonna— eman zuen prentsaurrekoa Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak, atzo goizean. Bigarren eguna zuen uhartean, eta kazetarien galderei erantzuteko agertu zen kameren aitzinera. Berrogei minutuko agerraldia izan zen, baina ele berririk ez. «Solastatzeko etorri naiz», errepikatu zuen behin eta berriz; eta ahal bezainbat eragilerekin bildu nahia adierazi.

Azken egunotako solasaldiak idatzi baten bidez finkatzeko «prest» agertu zen Darmanin. Izan ere, Parisek hitzarturiko engaiamenduei buruzko dokumentu idatzi bat eskatu zion herenegun Gilles Simeoni Korsikako gobernuburuak. Gaur bertan berriz elkartuko da Darmaninekin, baina ez dute zehaztu zeren inguruan jardungo duten.

Horrez gain, uhartera egin duen bisita luzatuko duela adierazi zuen, «galde guztiei ihardesteko» asmoz. Hala, gaur goizean Ajaccion egonen da, eta arratsaldean Bastian (Korsika). Nolanahi ere, Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeak direla eta, gaurtik ezingo du adierazpen publikorik egin.

Frantziako Poliziari babesa

Frantziako Poliziak uhartean eginiko lana txalotu du berriz ere Barne ministroak. Oroitarazi zuen 130 polizia zauritu direla istiluetan, eta erran zuen karrikako indarkeriaren «presiopean» ezin dela eztabaidatu.

Istiluen harira, bost lagun atxilotu dituztela, eta, gainera, zehaztu zuen sei ikerketa abian direla.

Azken asteetan izandako matxinadak gogorki gaitzetsi zituen, eta segurtatu zuen ez dela «inpunitaterik egongo». Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak Korsikako auziaz hitz egin zuen atzo, prentsan: «Lasaitasuna itzultzea eta indarkeria kondenatzea dira negoziatzeko ezinbesteko baldintzak».

BERRIAk euskal presoez ere galdetu zion Darmanini, baina ez zuen erantzun argirik eman. Erran zuen Frantzian botereak bereiziak direla, eta ez duela esku hartzerik afera judizialetan.

Oro har, alderdi nazionalistek zehaztasun falta egotzi diote, eta «beha» direla azpimarratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.