ELA prest da MTorresi salaketa jartzeko, «xantaia egin duelako»

joxerra senar
<i>Iruñea</i>
2021eko martxoaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gutxi falta da MTorreseko erregulazio espedientearen negoziazio epea amaitzeko, eta ELAk begi txarrez hartu du zuzendaritzaren azken proposamena. Sindikatuak kritikatu du MTorresek mahai gainean jarritako baldintzak ez direla nahikoa, baina are okerragoa iruditzen zaio planteamendu orokorra. Sonia Ontoria negoziazio kolektiboko arduradunaren ustez, espedientea aho batez onartzea eta aurkeztutako zergatiak eta irizpideak bere egitea jarri du ezinbesteko baldintza gisa. ELAren ustez, hori «xantaia» da, eta horregatik ez du baztertzen auzitara jotzea.

Ontoriak gogorarazi du MTorresek 28 milioi euroko irabaziak banatu zituela azken urtean, eta ez du bidezko ikusten orain Nafarroan 67 langile kaleratzeabeste 47 Espainian—. ELAk ez ditu egiaztatutzat jo dosierra aurkezteko arrazoiak, eta «onartezina» iruditzen zaio langileei zergatiak onartzeko eskatzea.

Sindikatuaren aburuz, MTorresek zehaztuak ditu kaleratuko dituen langileen izen-abizenak, eta ez du pizgarririk bultzatu nahi borondatez enpresa uzteko. Gainera, Nafarroan sei baino ez dira erretiro aurreratua har dezaketen 60 urtetik gorako langileak. Zuzendaritzak proposatutako azken kalte-ordainak «ez dira nahikoa», Ontoriaren arabera. ELAk azaldu du beste enpresetako 4.000 langileren sinadurak bildu dituztela, eta Nafarroako Gobernuan aurkeztu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.