Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

AUTOGOBERNUA. Inboluzio mehatxuak, aurrerabide promesak

Autogobernuaren aurkako helegiteek zedarritu zuten Rajoyren lurralde ikuskera. Sanchezek, aldiz, eskumen ugari emateko konpromisoa hartu du. Bai PSOEk bai PPk lerro gorria ezarri dute, ordea: autodeterminazioa.

jon olano
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
EAJk botoak eskuduntzen truke emateko fasea krisi egoeran sartu da». Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak horrela argudiatu zuen jeltzaleek Mariano Rajoy Espainiako gobernuburu izendatzeari emandako ezezko botoa. 2016ko irailaren 1a zen, eta, sei hilabeteko epean bigarrenez Espainiako Gorteetarako hauteskundeak irabazi arren, Rajoyk inbestiduraren aldeko gehiengoa osatu ezinik jarraitzen zuen. Testuinguru horretan esan zuen Ortuzarrek krisian zegoela «botoak eskumenen truke» aroa, eta «Euskadiren nazio aitortza eta estatus berriaren beharraren onarpena» jarri beharko zirela mahai gainean EAJ «inplikatu» zedin. Denborak erakutsi du eskema hori, krisian egon edo ez, indarrean egon dela iragan legealdian, EAJk Rajoyren aurkako zentsura mozioari emandako babesak ahalbidetu duelako estatutua betetzeko bidean pausoak ematea.

Hiru urteko legealdiak bi errealitate aski ezberdin izan ditu autogobernuari buruzko jarrerei dagokienez. 2016ko ekaineko bozek zatiketa handiko mapa politikoa marraztu zuten Espainiako Kongresuan, eta zatiketa horren ondorio zuzena izan zen gobernuaren ezegonkortasuna eta babesak etxetik kanpo bilatu beharra; bai Mariano Rajoyren (PP) agintaldiaren kasuan, bai Pedro Sanchezenean (PSOE). Egoera horrek azaltzen ditu euskal politikagintzan azken hilabeteetan izandako hainbat aldaketa; autogobernuaren arloan emandako pausoak, kasurako.

Rajoyren biurtekoa kamutsa izan zen Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako autogobernuan sakontzeko bidean; are, Madrilek oztopoak jarri dizkio Eusko Legebiltzarraren eta Nafarroako Parlamentuaren ekinaldi legegileari, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegiteak aurkeztuta bi legebiltzarretan onartutako hainbat legeri. Horren adibide, Poliziaren indarkeriaren biktimen legea, fracking-aren aurkakoa, Adikzioen Legea... 2011-2015 legealdian erakutsitako jokabideari segida eman zion horrela PPren gobernuak. Era berean, autogobernua praktikoki murrizteko tresna eraginkorra dela erakutsi du Auzitegi Konstituzionalak, Nafarroako kasuan agerian utzi duenez: Espainiaren eta Nafarroaren arteko eskumen gatazketan, bost erabakitik lau izan dira estatuaren aldekoak.

Aldagai katalana

Rajoyren agintaldian zehar gertatu da Espainiako sistema politikoa eta nazioen eta erkidegoen erabakimen maila eztabaidaren lehen lerrora eraman duen gertakaria; Kataluniako autodeterminazio erreferenduma, 2017ko urriaren 1ean; 26 egun geroago, independentzia deklarazioa eta, aldi berean, Espainiako Gobernuak konstituzioaren 155. artikulua aplikatu izana. Erabaki horrekin, Kataluniako Gobernua kargutik kendu eta hauteskundeetara deitu zuen Rajoyk, baina, aldi berean, ateak ireki zizkion Madrilek nahieran erkidego bat kontrolatzeko aukerari.

Mehatxu hori gauzatu egin zen Katalunian 155.arekin, eta, Generalitat berria osatu ondoren ere, 155.aren mamua tresna politiko gisa erabili izan du azken hilabeteetan Espainiako eskuinak; bai Katalunian eta bai Euskal Herrian. 2017ko azaroan, artean PPko bozeramaile zela, Pablo Casadok ohartarazi zuen 155. artikuluaren aplikazioa «abisu bat» zela gainerako erkidegoentzat, eta «inflexio puntu bat» izan zela autonomien estatua ulertzeko moduan. Orain, hauteskunde kanpainan eta kanpainaurreko asteetan, grina zentralizatzailea hauspotu dute berriro PPk eta Ciudadanosek; besteak beste, Ertzaintza Espainiako segurtasun indarren «subordinaziora» jartzeko, hezkuntzan gaztelania lehenesteko eta administrazio publikoaren lan eskaintza publikoetan euskararen garrantzia urritzeko asmoa adierazita.

Asmo erakuste bat

Norabidea aldatu zen iazko ekainean, Pedro Sanchez, besteak beste Euskal Herriko eta Kataluniako alderdi abertzale eta subiranisten babesari esker, Moncloara heldu zenean. Hilabeteotan, Rajoyk aurkeztutako helegiteen ondorioak kudeatu behar izan ditu, eta PPko buruzagiak izan ez zuen jarrera erakutsi du Arabari, Bizkaiari, Gipuzkoari eta Nafarroari dagozkien eskumenak transferitzeko. Jaurlaritzarekin, egutegi batean islatu zen borondate hori, gobernura heldu eta urte erdira. Lehen hilabeteetan pausorik eman ez, eta Alderdi Egunean ohar egin zion EAJk, irailean: «Pazientzia amaitzen ari zaigu». Egun gutxira jakinarazi zuen Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak Sanchez prest zegoela estatutuan Jaurlaritzari dagozkion eta oraindik Espainiako Gobernuaren esku dauden eskumenak eskualdatzeko. Urtarrilean iritsi zen proposamena: egutegi bat igorri zuen Madrilek, 37 eskumenetatik 33 jasota eta horiek urtebetean transferitzeko epea jarrita. Negoziaziotik kanpo, Gizarte Segurantza: Espainiako alderdi ugariren totema eta, aldi berean, Jaurlaritzaren gobernu programan jasotako konpromisoetako bat.

PSOEren gobernuaren ibilbide motzak, ordea, promesa hutsean utzi ditu asmo gehienak. Hauteskunde aurrerapenak eragin du egutegiaren lehen fasean jasotako eskumen batzuk baino ez ematea, eta gainerakoak hauteskunde proposamenen zerrendara igarotzea. Gauza bera gertatu da Nafarroan: trafiko eskumena agindu, eta hura bete gabe amaitu du agintaldia Sanchezek. Bilana: AP-68 errepidea, Armiñon (Araba) eta Burgos (Espainia) arteko AP-1 errepidearen zatia eta bi trenbide dira Espainiako Gobernuaren kudeaketatik Jaurlaritzaren eskuetara igarotakoak: Basurtutik Arizerakoa eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo artekoa.

Promesa. Hori da PSOEren karta nagusia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: Sanchezen aldeko botoak soilik berma dezakeela egutegi horrek aurrera egitea. Igandeko emaitzek erakutsiko dute autogobernuaren arloan zein jokaleku zabaltzen diren, baina, eskumenak eskumen, oharra egina du PSOEk: autodeterminazioak gainditu ezinezko marra gorria izaten jarraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.