Madrilek oinarrizko elikagai guztien BEZa kenduko du urte erdiz

27.000 eurotik beherako diru sarrerak dituzten familiek 200 euroko txeke bat jasoko dute. Alokairu kontratu berriak izoztuko dira, eta garraio publikoaren laguntzei eutsiko die

Emakume bat erosketak egiten, Arrasateko supermerkatu batean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jokin sagarzazu
2022ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Inflazioaren ondorioak arintzeko beste urrats bat egin du Espainiako Gobernuak, eta beste laguntza sorta bat onartu du, helburu horrekin aurten egin duen hirugarren dekretuan. Aurrekoen neurri ugari luzatuko ditu, eta beste batzuk gehituko. Aldaketen artean, hiru: kendu egingo du martxotik indarrean den erregai litroko 20 zentimoko hobaria —profesionalentzat izan ezik—. Alokairu berrien prezioak izoztuko ditu, eta eguneratzeek ezingo dute %2ko igoera gainditu. Erosketa saskiaren kasuan, oinarri-oinarrizko elikagaien BEZa %4tik %0ra jaitsiko du, eta olioarena eta pastarena, %10etik %5era. Horrekin batera, 200 euroko txeke bat emango die 27.000 eurotik beherako diru sarrerak dituzten familiei. Neurriak urtarrilaren 1etik aurrera egongo dira indarrean, eta, gobernuaren kalkuluen arabera, 10.000 milioiko kostua izango dute. 

ALOKAIRUA

Gobernuko bi kideen arteko negoziazioak tentsio handikoak izan dira azken egunetan, eta etxebizitzaren gaia, beste behin ere, punturik beroenetako bat izan da. PSOEk azkenean onartu egin du alokairuen prezioa izozteko Unidas Podemosek egindako eskaera, baina ez hipoteka aldakorren indizeekin gauza bera egitekoa.

Azaroaren amaieran, aurrekontuen negoziazioetan, gobernuak EH Bilduren proposamen bat onartu zuen indarrean dauden alokairuen eguneraketetan %2ko mugari eusteko beste urtebetez, eta hala jaso da dekretu berrian. Kontratua indarrean dutenei eta errenta urtero eguneratzen dutenei aplikatzen zaie %2ko muga hori KPIa beharrean —%6,8koa da gaur egun—.

Erabaki horrek, baina, arazo bat zuen: zer gertatzen den kontratu bat amaitzen denean eta bi aldeek berritu nahi dutenean. Halakoetan, jabeak askatasuna du maizterrari beste prezio bat eskatzeko, eta, Unidas Podemosek ohartarazi zuenez, azken hilabeteetan %20 inguru ari dira garestitzen alokairuak. Dekretuan jasotako neurri berriarekin, kontratua urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitartean amaitzen zaien maizterrek beste sei hilabetez luzatu ahal izango dute, oraingo baldintza berberetan.

Ez da Espainiako Gobernuak alokairuak izozteko erabakia hartzen duen lehen aldia. Halaxe egin zuen pandemiaren garairik gogorrenetan; orduan, ezohiko luzapena sei hilabetekoa izan zen, eta justifikatu egin zen, mugimenduen neurri murriztaileek maizter askori eragozten zietelako beste etxe baten bila hastea.

Alokairuen prezioaz gain, dekretu berriak etxegabetzeak egiteko debekua ere luzatu du, beste sei hilabetez.

ELIKAGAIEN SASKIA

Akordioa errazagoa izan da erosketa saskiaren prezioa arintzeko neurrietan. Oinarri-oinarrizko produktuen BEZa kentzea izan da erabaki nagusia. Gaur egun, %4ko zerga dute arrautzek, barazkiek, frutek, lekaleek, ogiak, gaztak eta esnekiek, besteak beste. Datozen sei hilabeteetan, %0koa izango dute. Olioari eta pastari dagokienez, %10etik %5era jaitsiko da. %10ean mantenduko dira, berriz, arraina, jogurtak, botilako ura, kafea eta kontserbak, adibidez. 

Horrekin batera, Madrilek 200 euroko txeke bat emango die 27.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten familiei, haien ondarea 75.000 eurotik gorakoa ez bada. Gobernuaren kalkuluaren arabera, 4,1 milioi etxetara iritsiko da laguntza hori. Unidas Podemosen hasierako proposamena zen 300 euro ematea eta 10 milioi etxetara iristea.

Elikagaien industriarako ere laguntzak iragarri ditu, ongarrien prezioen igoerari aurre egiteko, eta prezioen igoera eteteko. Pedro Sanchez gobernuburuak ez du zehaztu laguntza horren zenbatekoa, baina ohartarazi du ekoizleak «behartuta» egongo direla laguntza horiek prezioetan islatzera.

ERREGAIAK

Erosketa saskian laguntzeko neurrien bidez, erregaien hobarien amaiera konpentsatu nahi izan du gobernuak. Nolanahi ere, garraiolari profesionalek eta lehen sektoreko langileek laguntza hori jasoko dute aurrerantzean ere.

Joan den apirilaren 1etik, gasolina zerbitzugune batera joan den edozein bezerok 20 zentimoko deskontua izan du gasolina edo diesel litro bakoitzeko. Ukrainako gerraren ondorioz erregaien prezioek gora egin ondoren onartu zen laguntza. Neurriak kritika ugari jaso ditu, bezero guztiek jasotzen dutelako, errentagatik bereizi gabe. Gainera, gasolinaren prezioak behera egin du azkenaldian, eta, gaur egun, hobaria aplikatzen hasi zireneko antzeko prezioetan dago.

Energien prezioarekin loturik, beste sektore batzuek ere jasoko dituzte laguntzak; hala nola gas industria intentsiboek eta, bereziki, zeramika fabrikatzaileek. Madrilek 450 milioi euro banatuko ditu laguntza zuzenetan, eta beste 500 milioi ICO kredituetan.

GARRAIO PUBLIKOA

Duela aste batzuk iragarri moduan, beste urtebetez doakoak izango dira aldiriko eta distantzia ertaineko trenen txartelak. Argitzeko zegoen zer gertatuko zen hiriko garraioen laguntzekin, hala nola autobusenekin edo metroarenekin, eta gobernuak %50eko beherapenei eustea erabaki du. Kasu horretan, laguntzaren %30 hark ordainduko du, eta beste % 20a, tokiko erakundeek, orain arte bezala. Baina lehen ez zegoen baldintza bat jarri du: dagokion ehunekoa ematen ez duenak ez du estatuaren laguntza jasoko. Hego Euskal Herriko erakunde gehienek dagoeneko iragarri dute hori egingo dutela.

ETXEKO ENERGIA

Elektrizitate fakturaren beherapena ere luzatu egingo da beste sei hilabetez, neurri hauei eutsita: argindarraren ordainagiriaren BEZak %5ean jarraituko du, 10 kilowatt arteko potentzia kontratatua duten kontsumitzaile, enpresa edo partikularrentzat —2021ean, %21ean zegoen, eta bitan jaitsi du gobernuak—; elektrizitatearen gaineko zerga bereziaren tasa %0,5ean egongo da aurrerantzean ere; eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren etetea luzatu egingo da.

Gasari dagokionez ere, beste sei hilabetez luzatu dira bonu soziala jasotzeko baldintzetan eta kopuruetan egin ziren aldaketak. Eta azken baliabideko tarifako (TUR, gaztelerazko laburduran) laguntzak luzatuko dira.

Horrekin batera, gobernuak beste sei hilabetez mantenduko du energia elektrikoaren, gasaren eta uraren hornidura eteteko debekua.

BESTE NEURRI BATZUK

Era berean, EH Bildurekin adostu moduan, kotizazio gabeko pentsioek %15eko igoera izango dute urtarriletik aurrera. Ehuneko bera igoko da IMV bizitzeko gutxieneko diru sarrera. Bi neurri horiek iragarrita zeuden, eta inflazioari aurre egiteko dekretuan sartu dira, eta datorren urteko abenduaren 31ra arte egongo dira indarrean. SMI lanbide arteko gutxieneko soldataren kasuan, gobernua sindikatuekin eta patronalarekin beste igoera bat negoziatzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.