Euskara

Maitale asko, baina probetxu nahikorik ez

Euskararen inguruko iruditeria aztertu du EHUren NIK ikerketa taldeak, 'Euskararen marka' txostenean. Euskararen presentzia «apala» den arren, ezaugarri positiboekin lotzen da

Eragile ugari. Ikusmin handia eragin zuen atzo aurkezpenak. A. LOIOLA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko ekainaren 8a
00:00
Entzun

Marka irudi ona du euskarak, baina ez ditu hiztunak nahi beste aktibatzen. Gorrotatzaile baino askoz maitale gehiago ditu, baina atxikimendu horrek ez du ondorio pragmatiko nahikorik: adibidez, ez ditu herritarrak bultzatzen euskara ikastera. Euskararen marka azterlana aurkeztu zuen atzo EHU Euskal Herriko Unibertsitateko NIK ikerketa taldeak Bilbon, eta hizkuntzaren inguruko iruditerian atzemandako hainbat arriskuz ohartarazi zuen Estitxu Garai ikerlariak: «Ezaugarritzea positiboa da, baina izaera mitiko batekin lotuta, hizkuntza bitxia eta zaila delakoan; maitatua da, bai, baina eguneroko funtzionaltasunetik urrun».

Ikusi gehiago:Euskara «zikina», eta ez hain «museokoa»

Ikusmin handia eragin du ikerketak, eta, hala, euskalgintzako eta euskararen sustapenarekin lotutako eragile ugari batu ziren atzo EHUren Bizkaia Aretora, lehen ondorioak entzutera eta eztabaidatzera. Izan ere, lan tresna interesgarria izango da txostena, euskararen inguruko iruditeria marraztu baitu, Garairen hitzetan: «Euskarari buruz pentsatzen dugunean burura datorkigun asoziazioen bilduma: hori da euskararen marka. Eta zergatik lantzen dugu markagintza? Iruditeria kolektiboan dagoen hori landu eta aldatu daitekeelako».

Komunikazio, marketin eta hizkuntzalaritza alorretan ari diren ikerlariek osatzen dute NIK taldea, eta berariaz euskararen markaren inguruko lana garatzeko sortu dute. Euskal Herri osoko 1.188 herritarri eginiko inkestan ez ezik, eztabaida taldeetan jasotako hausnarketetan oinarritu dute txostena. Garairekin batera, Angeriñe Elorriaga, Irene Garcia Ureta, Ainara Miguel, Sergio Monge eta Irati Agirreazkuenaga ikerlariek aurkeztu dituzte ondorio nagusiak, ikerketaren metodologiari jarraikiz, atal hauetan sailkatuta:

ANTZEMATEA

Zein erabilera egoeratan aktibatzen da euskara jendearen buruan? Zer alorretan du presentzia nabarmenena? Hizkuntzaren ezagutza eta oroipena aztertu dute markaren antzemateari buruzko atalean, eta ondorioztatu dute «ahula» dela. Batik bat eskolarekin eta etxearekin lotzen dute hiztunek euskara hutsean aritzea: %13,1 eta %12,4 hurrenez hurren; %6-8k lotzen dute unibertsitatearekin, aisialdiarekin, lagunekin edota administrazioarekin, eta %2k hedabideekin, kulturarekin edo eremu digitalarekin. Azken esparru horietan presentzia handiagoa da euskara eta erdaretako bat erabiliz gero, baina halere portzentajeak «apalak» dira, hizkuntza hegemonikoekin alderatuta: gaztelaniak eta frantsesak %70etik gorako presentzia dute erabilera egoera guztietan.

«Gizarte elebidunaren ondorio» dira desoreka horiek, Angeriñe Elorriagaren arabera, baina zehaztu du alde handiak daudela adinaren, herrialdearen eta hizkuntza gaitasunaren arabera. Edonola ere, partaideen %40,6k uste dute euskarak gero eta presentzia handiagoa duela gizartean, eta handiagoa ere izan beharko lukeela.

ASOZIAZIOA

Euskara erabiltzeko aukera kontzientzian agertzen denean, zer ezaugarri edo funtzio praktiko pizten dira? Euskararen edertasunaren ingurukoak gailendu dira azterlanean parte hartu dutenen artean: hizkuntza «polita» dela adierazi dute %78k. «Positibotzat jo daiteke, euskaldunen harrotasuna adierazten duelako eta hiztun berriak erakar ditzakeelako, baina badakigu hizkuntza gutxituetan arriskua ere badakarrela, funtzio estetikoari ez bazaio funtzio praktikorik gehitzen», azaldu du Irene Garcia Uretak. Hizkuntza aberatsa dela eta etorkizuna duela esan dute ia hiru laurdenek, baina %70,7k erantsi dute «zaila» dela. «Oztopo handia izan daiteke hori».

Erabilgarritasunaz galdetuta, %45ek balio praktikoa aitortzen diote, baina beste %40k uste dute ez duela halakorik; besteak beste, euskaldun hartzaileen %52k. Baliagarritasun hori handia da baserriko gaiekin lotuta, eskolan edo lan eremuan, baina alor emozionalean hutsune handia nabaritu dute: partaideek adierazi dute euskarak ez diela hainbeste balio umeei errieta egiteko, eztabaidatzeko edota umorea erabiltzeko.

Asoziazio sinbolikoei dagokienez, euskara «autentikoa» da %78rentzat, «tradizionala» %68rentzat, eta «maitatua» %56rentzat. Idealizazioaren arriskuaz ohartarazi du Garciak: «Antzinako izaera mitiko batekin lotu daitezke ezaugarri horiek, hizkuntzak egunerokoan eta eremu askotan eduki behar duen funtzio praktiko komunikatibotik urrunago, eta erabilera sinbolikora mugatuta».

JARRERAK

Zer sentimendu ageri da euskaraz egitean edo entzutean? Hizkuntza gaitasunak erantzunak nabarmen baldintzatu dituen arren, emozio positiboak gailendu dira: %61,9 lasai sentitzen dira; %55,7, errespetatuta, eta %50,7, onartuta. «Jarrera positibo horiek indargune handia dira», ondorioztatu du Ainara Miguelek. Jarrera horiek, gainera, baikorragoak dira abertzaleen eta ezkertiarren artean, eta Gipuzkoan daude sendoen; gazteen artean, ordea, maizago agertzen dira urduritasun sentimenduak.

Erakundeen jardunari buruz ere galdetu dute ikerketan, eta euskara instituzionalki babestu behar dela adierazi dute %74,9k; tartean, erdaldunen %67,4k.

ATXIKIMENDUA

Euskaren inguruko ezaugarri eta jarrera horiek nolako atxikimendua sortzen dute? Jendeak gustuko al du euskararen marka? «Hater gutxi ditu euskarak (%4), nahiz eta oso zaratatsuak diren. Maitale askoz gehiago dauzka: %69,7k diote euskara asko gustatzen zaiela», berretsi du Sergio Mongek. Hiztun berriak euskaldun osoak direla ziurtatu dute %59k ere: «Euskal komunitatea inklusiboa da».

Aldiz, nortasunarekiko loturan ageri dira datu «txarragoak». Partaideen %38,9k esan dute euskara ez dela funtsezkoa haien identitatean, eta %38k baietz, ezinbestekoa dela diren pertsonak izateko. Era berean, ia erdiek adierazi dute euskarak ez dituela erabiltzaileak «bakar eta berezi» egiten, eta %23,8k, baietz.

AKTIBITATEA

Euskararen aldeko jarrera aktiborik bultzatzeko gai al da hizkuntzarekiko atxikimendua? Jauzi handia sumatu dute ikerlariek bi urratsen artean. Euskararen aldeko jardueren artean bat nabarmentzen da alde handiz: seme-alabei transmititu diete %61,7k. %39,2 agertu dira euskara bultzatzeko egitasmoetan parte hartzearen edo euskarazko produktuak kontsumitzearen alde, eta soilik %6,2 daude hizkuntza ikasteko edo hobetzeko prest, nahiz eta atxikimenduen atalean %70ek adierazi duten euskara gehiago jakin nahiko luketela. «Horrek erakusten du neurri batean ondorengoen esku uzten ari garela euskara berreskuratzeko ardura», ondorioztatu du Irati Agirreazkuenagak.

Lurraldeka badira alde deigarriak: Gipuzkoan dago lehen hitza euskaraz egiteko joera handiena, baina Bizkaian gehiagok egiten dute ikasteko ahalegina, eta Ipar Euskal Herrian dute euskarazko produktu gehien kontsumitzeko joera. Datuok interpretatzea izango da ikertzaileen eta eragileen hurrengo egitekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.