Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Emaitzak

EAJk eta PSEk gehiengo osoa lortu dute, eta EH Bildu nabarmen hazi da

EAJk irabazi ditu bozak, 28 aulkitik 31ra igota, 48.000 boto galdu dituen arren; PSEk 10 lortu ditu. EH Bilduk bere emaitza onenak jaso ditu, 22 eserlekurekin. EPk eta PP-C's-ek, porrot. Vox, legebiltzarrera

enekoitz esnaola
2020ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Pandemia garaian ere, eta Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko hondamendia aurten bertan jazo den arren, betikoa gertatu da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan: EAJk irabazi ditu. Orain ere, erraz: 31 aulki lortu ditu, 2016an baino hiru gehiago. Aurreko emaitzekin alderatuta, oraingoek badaukate berritasun bat: PSE-EErekin batera gehiengo osoarekin gobernatu ahalko du EAJk, sozialistek 10 aulki batu dituztelako. Bien artean, beraz, 75 eserlekuetatik 41, 2016an baino lau gehiago. Ondorioz, Iñigo Urkullu EAJko hautagaia izango da berrirro Jaurlaritzako lehendakaria.

 



EH Bilduren emaitza ere nabarmentzekoa da, hark izan baitu igoerarik handiena: 18tik 22ra pasatu da, 6,6 puntu igota. Izugarrizko aldearekin izango da oposizioburu, horko hurrengo talde EPri 16 eserlekuko aldea atera diolako.

Atzoko hauteskundeetako beste protagonista garrantzitsua, abstentzioa: %47,1 izan da. EAEn 1980an hasi zirenetik boz autonomikoak egiten, orain arteko abstentziorik handiena izan da. Parte hartze marka 1994koa zen: %59,7, atzokoa baino ia zazpi puntu handiagoa. COVID-19ak eragingo zuen jendearengan, birusa oraindik hor baita, Ordizian (Gipuzkoa) ikusi bezala, baina giro politikoa bare egoteak ere eragiten du, bozketa batzuetan ikusi izan den bezala —2001ean, adibidez—. Boz hauek irailean-urrian egitekoak ziren berez. Ordea, Urkullu lehendakariak apirilerako deitu zituen, eta gero, alarma egoera zela-eta, atzoko, udazkenean osasun arrisku handiagoa egongo dela iritzita.

Beste datu bat: talde abertzaleek legebiltzarkideen %70,6 lortu dituzte. Orain arteko marka onena.

Beraz, EAJren eta PSEren arteko gobernu koalizioa berresten bada —ez da ezusterik espero, EH Bildu-PSE-EP hirukoak 38 aulki baditu ere—, hirugarrenez izango da lehendakari Urkullu (Alonsotegi, Bizkaia, 1961). 2012ko abenduan hartu zuen kargua. 1980tik beti alderdi jeltzaleko kide bat izan da lehendakaritzan, 2009-2012an salbu: Patxi Lopez (PSE-EE). 2016an EAJ eta PSE-EE gehiengo osoa izatetik legebiltzarkide batera gelditu ziren, baina geroztik izandako bozetan, izaera desberdinekoak izan arren, ikusi da estrapolazioak gehiengo absolutua ematen ziela. Esaterako, iaz izandako bost hauteskundeetan —Kongresurako bietan, udalekoetan, forukoetan eta Europakoetan—, EAEn botoen %51-56 artean ibili ziren bi taldeak, eta horrek ematen zien berme edo lasaitasun bat. Atzo %52,7 lortu zituzten. «Egonkortasuna» xede izanik, enplegua, gizarte kohesioa eta autogobernua izango ditu Urkulluk ardatz datorren legealdian.

EH Bilduk 2012ko hauteskundeetako emaitzak gainditu ditu aulki eta portzentaje aldetik. Orduan, aurreko urteko tsunamiaz baliatuz, 21 eserleku lortu zituen eta %25eko sostengua. Atzo, 22 aulki eta %27,8ko babesa. Talde handietan botoetan igo den bakarra izan da: 23.000ko hazkundea.

EAJ eta EH Bilduren aldea

EAJren eta EH Bilduren artean badago datu esanguratsu bat: biek antzeko igoera izan dute aulkietan, nahiz eta EH Bilduk 73.000 boto murriztu dion aldea: 173.000ko aldea izan zuten 2016an, eta atzo, 100.000koa. Portzentajetan, EAJk 16,3 puntuko aldea kendu zion 2016an, eta atzo, 11,3koa. Herrialde bakoitzeko lehenengo indarra izanik, EPren eta PP-C's-ren jaitsiera handiaz eta PSEren igoera apalaz baliatu da EAJ aulkietan gora egiteko, soilik 1,5 puntu gora egin —%39,1 du orain— eta duela lau urtetik 48.000 boto galdu dituen arren —349.429 ditu orain—.

PSE-EE ez da Madrilgo haizeaz aski baliatu. EP gainditu egin du oraingoan, eta hirugarren indarra da, baina 1,7 puntu baino ez da igo, eta legebiltzarkide bakarra irabazi du, 9tik 10era pasatuta. Ez da ahaztu behar 2016an lortu zituela bere emaitzarik txarrena.

Bi galtzaile nagusiak EP eta PP-C's izan dira; porrot egin dute. EPk bost legebiltzarkide galdu ditu —11tik 6ra; 6,9 puntu behera—. PP eta C's-ren arteko baturak ez du funtzionatu, eta 4 aulki galdu dituzte —9tik 5era; 2016ko 9ak PPrenak izan ziren—; haien diskurtsoak ez du funtzionatzen EAEn. Vox legebiltzarrean sartuko da, Arabatik aulki 1 lortuta, %3,8ko babesa eta 4.722 boto bilduta. Zarata ateratzera joango da. Equo Berdeak urruti samar ibili dira haien plazarik onenean: Araban bertan, %2,2rekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.