2019-nCov koronabirusa

Kaosaren birusa

Txinako elikagai merkatuen higiene baldintza oso kaskarrak eta herrialdeko berezitasun gastronomikoak haztegi ezin aproposagoa dira Wuhango birusarentzat eta halako beste birus misteriotsu batzuentzat.

Wuhango merkatuan saltzen diren animalien zerrenda, Txinan. YAN XIAOJUN.
Zigor Aldama.
Shanghai
2020ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun

Istorio hau Hollywoodeko superprodukzio apokaliptiko bat izan zitekeen. Huanango arrain eta itsaski merkatuan hasten da, Txinako Wuhan hirian; han detektatu zen lehenengoz, iragan abenduaren 12an, Asiako erraldoia airean daukan koronabirus misteriotsua, 2019 Novel Coronavirus (2019-nCoV) izendatu dutena. Zientzialari batzuk ahaleginak egiten ari dira birusak eragiten duen pneumonia ezohikoa gelditzeko —dagoeneko hemezortzi pertsona hil baititu eta 630 baino gehiago kutsatu sei herrialdetan—, eta, haien arabera, birusa animalia batetik gizaki batengana pasatu zen merkatuaren postu hala moduzkoetan. Hasierako ustea zen hori zuela kutsatzeko bide bakarra, baina gero egiaztatu zuten gizakien artean ere zabaldu zela, ikusita paziente batzuk ez zirela inoiz egon merkatuan, eta zenbait osasun langile ere kutsatu zirela. Gertaera horrek ezarri du diferentzia: epidemia bat sor dezake, eta izututa dauzka herrialdeko biztanleak larunbat honetako Ilargiaren Urteberriaren atarian.

Itxura guztien arabera, koronabirus hau ez da inondik ere SARS arnasbideetako sindrome akutu larria bezain hilgarria, zeinak ia zortziehun lagun hil zituen 37 herrialdetan 2003 eta 2004 artean; hala ere, paralelismoak bistakoak dira. Bistakoena infekzioaren jatorria da: biak sortu dira Txinako animalia-merkatu batean. SARSaren garra hegoaldeko Guangdong probintzian piztu zen, non gizakiek kontsumitzeko zibeta basakatuak saltzen baitzituzten. Huanango merkatuan grabatutako zenbait bideotan ikusten da postu horietan ere espezie exotikoak salerosten zirela —indioilarrak, gameluak, arantzurdeak, azeriak...—, eta askok uste dute haietako batean datzala aurrez inoiz detektatu gabeko birus horren jatorria. Zeinetan, baina, misterioa da oraindik.

«Animalia basatiekin eta espezie exotikoekin, arazoa da ez dakigula zer gaixotasun dituzten, ezta ea gaixotasunok gizakiei eragiterik daukaten edo ez. Animalia etxekotuak gutxi gorabehera kontrolpean daude, baina basatiak ilegalki saltzen dira, eta osasun kontrolik gabe», azaldu du Leo Poonek; Hong Kongeko Unibertsitateko ikertzailea da, eta SARSa desagerrarazteko lanetan jardun zirenetako bat. «Birus horietako batek gizaki bat kutsatzen badu, gaixoek ez diete erantzuten antzeko anduiak borrokatzeko balio duten tratamenduei, eta askoz ere arriskugarriagoa da birusa», erantsi du.

Hortaz, ez da kasualitatea birus berrietako askok Txina izatea jatorri, herrialde horretan oraindik ere biztanleen parte handi batek sendagarritzat edo bizigarritzat jotzen baititu ezohiko espezie ugari. Gainerakoan, aski dira higiene falta eta osasun kontrolik eza. Ez alferrik, Txina kontinentaleko hiririk aberatsenean ere, Shanghain, badute zer hobetua haragia kontserbatzeko baldintzetan, eta, tamalez, etengabe aurkitzen dira animalia biziak mordoka pilatuta. «Guk ez dugu espezie exotikorik saltzen, baina bitarteko gutxi ditugu, eta instalazioak ere, halakoxeak»: hori esanez justifikatu du bere burua produktu guztia aire zabalean daukan harakin batek.

«Jendeak haragia kontsumitzen duen artean, kutsatzeko arriskua izango da», ebatzi zuen Gauden Galeak, OME Osasunaren Mundu Erakundearen Txinako ordezkariak, AEBetako CNNren elkarrizketa batean. Baina haragiaren kontsumoa ezin eragotzi denez, agintariek arreta jarri dute nCoV birusaren aurrerabidea zapuzteko eginahaletan, zeinaren sintomak baitira sukarra, arnasa hartzeko zailtasuna eta infiltrazio pneumonikoak. Aintzat hartuta Txinak 1.400 milioi biztanle dituela, kutsatu direnak oso urriak dira oraindik, baina afera zein larria den erakutsi dute Xi Jinping presidentearen eta Li Keqiang lehen ministroaren adierazpenek. Bi agintariek exijitu dute kontuz bai kontuz zaintzeko osasun publikoa, eta bitarteko guztiak bidera daitezela gaixotasuna desagerraraztera. Infekzioaren epizentroan, Wuhanen, Alderdi Komunistaren kideek debekatua dute baita hiritik kanpo bidaiatzea ere krisia konpondu artean.

Informazioa ez gordetzea

Halaber, gobernuak ohartarazi du arriskutsua dela informazioa gordetzea; hain zuzen, SARS birusaren garaian, OMEk berak ere kritikatu zuen Txinako Gobernua opakutasunez jarduteagatik, eta, orduko hartan ez bezala, gardentasuna indartzen ari dira, izua ez zabaltzeko eta birusaren kontrako borroka errazteko zientzialariei. «Datu guztiak ematen ez dituztenak gogor zigortuko dira, eta lotsatuta emango dute bizialdi osoa», adierazi zuen artikulu batean lege aferetarako batzordeak. «Agintarien irudia herriaren interesen gainetik ezartzen duen edozeini hartuko diote kargu Alderdiak eta iritzi publikoak», gehitu zuen.

Asko oraindik ez dira fio agintariekin; beldur dira ez ote dieten informazioaren parte bat ezkutatzen, eta salatzen dute agintariak ez direla hasieratik arduratu birusaz. Bertako prentsak iradoki du izan dela liskarrik tokiko gobernuaren eta zentralaren artean; izan ere, tokikoak opakutasunari heldu nahi zion, eta zentralak, berriz, garden jokatzeko exijitu du. Badirudi azken hori nagusitu dela: Txinak abenduaren 31n informatu zuen OME, azkar batean sekuentziatu zuen nCoV birusa, eta urtarrilaren 11n kaleratu zuen haren genoma osoa, beste herrialdeei ere bidea errazte aldera birusari antzeman eta haren arrastoari jarrai diezaioten. Horri guztiari eskerrak, OMEk ekintza protokolo bat argitaratu zuen hilaren 17an.

Kanpo Arazoetako Ministerioko eledunak, Geng Xuangek, behin eta berriz esan du Txinak zientzialarien komunitate osoaren esku utziko dituela eskuratzen dituen datuak, «guztion interesekoa baita». Gobernuak webgune bat ere ireki du, istantean emateko kasuen berri, eta ordezkari batzuk bidali zituen OMEk asteazkenerako deituriko larrialdi bilerara. Helburua zera da: ez dadila berriz krisirik gerta, SARS, MERS eta hegazti gripea izan zirenean bezala. Nolanahi den, Londresko Imperial Collegeko zenbait zientzialarik uste dute Txinako agintariek emandako datuak ez daudela osatuak, baliteke-eta detektatu gabeko kasuak izatea; diseinatu duten kalkulu eredu baten arabera, 1.700 pertsonatik gora zeuden kutsatuta urtarrilaren 12rako.

Argi dago kutsatuak ugaritu egingo direla, nabarmen ugaritu ere, litekeenez. Hala dio Estatu Batuetako CDC Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroak. «Datozen egunetan kasu gehiago identifikatuko dira, baita beste herrialdeetan ere, beharbada baita AEBetan ere. SARSarekin eta MERSarekin —Ekialde Hurbileko arnas sindromearekin— gertatu zen antzera, espero izatekoa da gizakien arteko kutsatzeak ere areagotzea», adierazi du erakundeak bere webgune ofizialean. Hala gertatu da: birusa Thailandiara, Japoniara, Hego Koreara eta AEBetara zabaldu da.

Hilgarritasun murritzagoa

Hala eta guztiz ere, CDCk gogorarazi du epidemia posiblearen larritasuna gaixotasunaren sintomen larritasunaren araberakoa ere badela, eta azpimarratu du nCoV birusak askoz ere hilgarritasun murritzagoa duela SARSak erregistratua baino, %10 —konparazio baterako, MERSak %35ekoa du, eta ebolak, hori ere animalia basatiengandik etorria, %90ekoa ere izan dezake—. Edonola ere, Raina MacIntyrek, Hegoaldeko Gales Berriko Unibertsitateko Biosegurtasun Globaleko irakaslea bera, Bloombergi egindako adierazpen batzuetan gogorarazi du «birusak aise muta daitezkeela epidemia baten bilakabidean»; hala, baliteke haren hilgarritasuna edo zabaltzeko erraztasuna ere areagotzea. Horren adibide ona da 1957an gertatu zena: Asiako basahate batzuengandik zetorren birus batek ia bi milioi pertsona hil zituen mundu osoan.

Datuok urrunak dirudite, baina beldurgarriak dira. Hala, duela bi egun jakin zuenetik nCoV birusaren bi kasu detektatu zirela Shanghain, Han Linek maskara kirurgiko bat janzten du kalera ateratzen den bakoitzean. Ez da bakarra. Eta, nahiz eta informatikari gazte horrek supermerkatu batean hitz egin BERRIArekin, ziurtatu du ahalik eta gutxien ibiltzen dela batetik bestera. «Badakit esaten dutela ez dela izua zabaldu behar, baina ni ikaratu egiten naiz hain justu lasai egoteko esaten dutenean ere. Ez naiz fidatzen, eta are gutxiago ikusita adituak tapa-tapa eginda dabiltzala gerra kimiko baterako bezala, abioietan sartzen direla eta pazienteak zonbien film batean bezala tratatzen dituztela. Gainera, orain, Urteberriko ospakizunekin, errazagoa da birusa zabaltzea», erantsi du. Eta, horretan, estatistikak aldeko ditu: Arratoiaren Urtean sartu aurreko eta ondoko hiru asteetan, txinatarrek 3.000 bat lekualdatze egingo dituzte.

Agintariak ohartzen dira ospakizun horrek zer-nolako arriskua dakarren, eta nabarmen areagotu dituzte osasun kontrolak. Aireportu nagusietan, ia bidaiari guztiei neurtzen diete sukarra —Pekinen aholkatzen dute lau ordu lehenago joatea, hegaldia ez huts egiteko—, ausazko kontrolak ezarri dituzte tren eta autobus geltokietan, eta berdin Wuhango errepideetan.

Baina adituek adierazi dute neurriok ez direla oso eraginkorrak, pneumoniaren sintomak jada agerian dituztenak bakarrik detektatzen baitituzte. Eramaileak birusa inkubatzen ari badira oraindik, oharkabean pasatuko dira. Zorionez, agintariek datu baikor bat nabarmendu dute: birusak jotako gehienak ondo ari dira sendatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.