Espedizioak ere zintzilik dituzte

Bost espediziotan hamar bide ireki zituzten iaz Iker eta Eneko Pou eskalatzaileek, eta beste hainbat proiektu zituzten aurtengo; besteak beste, Perun eta Marokon. Baina koronabirusak asmoak zapuztu dizkie.

Eneko Pou eskaladako ariketak egiten Mallorcan daukan etxean. BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak martxoaren 14an ezarri zuen konfinamendua, eta bizilekutik at harrapatu zituen kirolari asko. Eneko Pou (Gasteiz, 1974) eta Iker Pou (Gasteiz, 1977) anaiei hala pasatu zitzaien. Pandemiak Mallorcan harrapatu zituen bi eskalatzaileak. Egonaldi luzeak egiten dituzte han urtean zehar, eta neska lagunak ere hangoak dituzte. «Irlara iritsi berritan harrapatu gintuen COVID-19aren birusak», azaldu du Enekok. Ez daude teilatupe berean; hogei bat minutuko distantziara daude bata bestearengandik. Euskal Herria bezala, Mallorca ere lehen fasean dago, eta alde horretatik pozik azaldu da Iker, anaia gazteena. «Hemen, behintzat, elkartzen uzten digute, garagardo batzuk edateko bada ere! Baina oraindik ezin dugu kirola batera egin».

[youtube]https://youtu.be/GJZl_Ho57g4[/youtube]

Espedizioak tarteko, ohituta daude urtean zehar hilabete asko Gasteiztik urrun igarotzera. Iaz, esaterako, Marokon, Norvegian, Perun eta Himalaian egon ziren. Orain, ezbeharraren ondorioz, etxean egotea tokatu zaie. «Ahal izan dugun moduan pasatu dugu konfinamendua. Gu agian ohituta gaude arrisku egoerei aurre egiten. Espedizio asko egin ditugu 1999tik gaur arte, baina egoera hau guztiz ezberdina da», adierazi du Enekok. Ia egunero mendira joatera ohituta daude, eta hori da gehien sumatu dutena faltan. Askatasun hori ez izatea izan da gogorrena, azaldu dutenez.

Sasoia mantentzeko lanean

Goi mailako kirolarien antzera, sasoia mantentzeko kirola egiten jarraitu dute. Hori bai, oso egoera desberdinean. Ikerrek, esaterako, etxeko garajean rokodromo bat dauka. «Horri esker, entrenatzen jarraitzeko aukera izan dut. Bestela, etxe inguruan lursail txiki bat daukat, eta han ere ibili naiz hamsterren moduan korrika». Enekok, berriz, oso bestelako egoera bat bizi izan du. Arrabola bat topatzeko ere zailtasunak izan ditu. «Gasteizen badaukat bat, baina, Mallorcan, eguraldi ona egiten duenez, ez dut inoiz bat behar izan. Lortzeko saiakera asko egin nituen, baina ezinezkoa zen. Azkenean, sare sozialetan ipini nuen bat behar nuela, eta horrela lortu dut etxean bat izatea». Gorputza indartzeko ariketak egiten ere ibili dela kontatu du.

Orain,kalean entrenatzeko aukera dute, eta ez dute denbora alferrik galdu. Kalera irteteak bizipoza eman die. Hala ere, oraindik ez dute aukera horman eskalatzeko. Gobernuaren neurriekin kexu dira. Ez dute ulertzen taberna bateko terrazan hamar lagun elkartzeko arazorik ez izatea eta, etxe berean bizi ezean, elkarrekin kirola egin ahal ez izatea; kasu honetan, mendira joatea. Sare sozialetan azaldu dute beren kexua: «Gu ez gara isiltzen garen horietakoak, eta gauzak argi esatea gustatzen zaigu. Jendeari eskatu diogu ez egiteko ezohiko gauzak, edo inoiz probatu ez dituenak. Baina naturan ariketa fisikoa egitearen aldekoak izan gara, baita konfinamenduan ere. Erabakiak hartzea ez da erraza, baina beste herrialde batzuetan ez dira horren neurri zorrotzak hartu».

Baina horretarako bakarrik ez dituzte baliatu sare sozialak itxialdian. Mendiari lotutako hainbat kirolari elkarrizketatzeko beta ere hartu dute. Bi anaien galderei erantzun diete, besteak beste, Edurne Pasaban, Carlos Soria eta Simone Moro alpinistek; Nuria Picas eta Fernando Macien mendi korrikalariek, eta Chris Sharma eskalatzaileak. Haien jarraitzaileek eskertu dute bi anaien ahalegina. Bi anaien artean hiztunenak, Enekok, azaldu du nola sortu zitzaien elkarrizketa horiek egiteko ideia. «Jarraitzaileek eduki eta motibazio berriak behar zituela ikusten genuen, eta imajinazio pixka bat izan behar genuela, hori izan baita beti gure ikurretako bat». Hala, Speaking Pou atala sortu zuten. «Oso elkarrizketa freskoak izan dira, ziurrenik, oso gertukoak ditugun lagunei egin dizkiegulako».Aurrez-aurrekoak eman ezinda, sareen bidez lortu dute mendizale gehienekin hartu-eman arrakastatsua izatea Speaking Pou atalean. Sare sozialen alde onenetako bat hori dela aipatzearekin batera, orain dela hamar urte «ezinezkoak» izango liratekeen komunikazio tresnak baliatu dituztela ere aipatu du Enekok. «Oso elkarrizketa freskoak atera dira, ziurrenik, oso gertuko lagunei egin dizkiegulako. Oraindik jarraitzeko asmoa dugu».

Orain, dena kolokan

Kirol ikuspegitik, iazko urtea ez dute berehalakoan ahaztu. Bost espedizio egin zituzten, eta beste hamar bide irekitzea lortu. Aipatzekoak dira, besteak beste, Peruko Mendikate Zurian ireki zituzten Burrito Chin de los Andes (6b zailtasuna eta 700 metro, Cerro Tornillo, 4.900 metro), Cabeza Clava (6c+ zailtasuna eta 470 metro, Huanka Punta, 4.670 metro), Andean Kingdom (7a+ zailtasuna eta 800 metro, Cashan Oeste, 5.685 metro) eta Aupa Gasteiz ! (7c+ zailtasuna eta 160 metro).

Askoren ustez, haien inoizko denboraldirik onena izan zen. Horrek hauspotuta, helburu berriak zituzten buruan 2020rako, baina dena airean dute. «Hasiera batean espedizio dezente genituen aurreikusita. Orain, Perun egon behar genuen berriro ere, eta helburu asko genituen aurtengo. Aurretik, Marokotik ere igaroak behar genuen. Ikusirik bi helburu horiek bertan behera gelditu direla, gauza berrien bila hasi gara. Badirudi aurten Espainian aritu beharko dugula. Europako Mendietan (Asturias, Espainia) zerbait egitea posible iruditzen zaigu. Oraingo egoerarekin, eskalatzen uztearekin konformatzen gara!», azaldu du Ikerrek. Enekok ere nahiko zail ikusten du nazioartean eskalatzea.

Eskaladan ere koronabirusak aldaketak ekarriko ditu. Baina dena da zalantza: «Inork ez daki ezer; ikusi egin beharko da. Baina argi izan behar dugu osasuna dela garrantzitsuena». Duda horiez gain, azken urtean bizi izandako egoera deserosoak ere parean jarriko zaizkie: «Koronabirusarena alde batera utzita, azken urteetan arazo asko izan ditugu eskalatzaile gehienek mendira joan ahal izateko. Mallorcan, esaterako, administrazioarekin arazo izugarriak izan ditugu. Euskal Herrian oraindik ere gauzak hitz egiten dira, gehienbat administrazioaren, eskalatzaileen eta ekologisten artean, baina hemen gauzak oso gaizki daude, eta badirudi hobera ez direla joango. Ekologisten korronte handi bat dago orain, eta, alde batetik, gu ere korronte horren aldekoak gara, mendizaleak garelako, baina, beste alde batetik ,ez dugu nahi hori aitzakia bat izan dadin dena debekatzeko. Gauzak hitz egin egin behar dira, eta espero dugu denborarekin dena ondo bidean joatea. Elkargune bat izateko esperantza dugu» nabarmendu du Enekok.

Urteak dira bi anaiak mendian egindako jardunez bizi direla. Haien kezka nagusia da babesleekin zer pasatuko den. «Badirudi hasiera batean gure babeslerik handienak jarraitu egingo duela, baina arazoa izango da jaitsiera bat etorriko dela ia ziur. Beste bi babesleak ere antzera ibiliko dira. Borrokatzea besterik ez zaigu gelditzen» aurreratu du Enekok.

Babesleez gain, bi anaiek ematen dituzten hitzaldiak ere bertan behera gelditu dira denbora batez, eta horrek ere kezkatzen ditu, nola ez, diru iturri handia baita haientzat. «Udaberrian diru asko galdu dugu bertan behera gelditu diren hitzaldi horiekin, baina okerrena zera da: iruditzen zaigula okerrena oraindik ere iristeko dagoela. Ziur gaude garai gogorragoak etorriko direla» berretsi du Ikerrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.