xabier martin
ANALISIA

Parisek ezin du gehiago itxaron, edo bai

2020ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Munduak inoizko krisi ekonomikorik handienetakoa mendean hartu gabe ezin dela Google tasaren moduko auzi konplexurik konpondu esan lezakete AEBek. Ez dela urgentziazko, alegia, garrantzitsua den arren. Google tasa indarrean jartzeagatik Washingtonek Frantziako zenbait produkturi ezarritako muga zergek erakusten dute jokoan dagoenaren pisua, garrantzia. OCDE dela AEBetako erraldoi teknologikoen fiskalitatea adosteko egitura; hori ere esan lezakete Etxe Zurian. Baina Google, Amazon, Facebook eta Apple moduko konpainien zerga sistemaren eskandaluak ezin du gehiago itxaron, Frantziaren ustez, eta Biden-Trump erreleboa martxan dela jakinda ere —seguruena horregatik, hain zuzen— zerga hori aurtengo urtetik hasita jasoko duela iragarri du.

Zerga berri hori izozturik zeukan Parisek, AEBek ezarritako tarifa bereziak bezala. Su etena adostu zuten, eta OCDEren teilapera joan ziren nazioarteko adostasun baten bila. Baina Trump ez zegoen europar harroputz horien eskaerak aintzat hartzeko prest. Nola emango zion ba Frantzia chauvinistari garaipen bat America first kantuaren solistak? Noiz eta hauteskunde urtean. Gauza bat baita AEBek ere konpainia erraldoi horiek zerga gehiago paga ditzaten aldaketa fiskal bat beharrezkoa dela barneratzen hastea, alegia, eta bestea Europatik datorren erasoaldi bat gisa begitantzen dena onartzea.

Eta orain zer? Paris besterik gabe hasiko da zerga berria kobratzen? Washingtonek muga zergak aplikatuko ditu trukean? Eta negoziazioaren beste mugimendu taktikoa baizik ez bada hau? Mila ehuni joka daiteke aukera horren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.