Aizkolaririk onentsuenak Euskadiko federazioaren txapelketatik aldenduta daude 2020az geroztik. Orain bi urte gertatutako banaketak iraun egiten du egun. Are gehiago: enbor horri zenbait adar sortu zaizkio. Esaterako, Sherpa. Ai txapelketaren jirako aizkolariek Ezpal elkartea eratu dute. Kide dira, besteak beste, Aitzol Atutxa, Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño eta Julen Alberdi Txikia IV.a. Guztiak ere, puntako aizkolariak.
Ikusi gehiago:Igor Duñabeitia, Federazioko presidentea: «Akordioa ez zen aho batezkoa izan; bai, ordea, gehiengoarena»
Atutxaren esanetan, «aizkolaritzaren eta aizkolarien interesen alde borrokatzen den elkartea» da Ezpal, eta «ateak zabalik ditu» edozein aizkolarirentzat. Elkarte horretako kideek Euskal Herriko hirugarren mailako txapelketan ez aritzea onetsi dute: «Logikak hala agintzen duelako hartu dugu erabaki hori», esan du Atutxak. Muinean, bi aldeen arteko desenkontruen beste atal bat da.
Federazioak joan zen uztailaren 6an egin zuen hirugarren mailako deialdia. Igor Duñabeitia presidenteak egun hartan azaldu zuenez, aizkolariek «baietz esatea» eta bat egitea espero zuten. Aurrez, 2020ko txapelketan parte ez hartzeagatik Bigarren Mailara jaitsi zituzten goi mailako aizkolariak; 2021ean, berriz, hirugarrenera.
Hain justu, 2020an banatu ziren bideak. Estreina, txapelketa ez jokatzeko erabakia hartu zuen federazioak, eta aizkolariek beren kabuz antolatzeko asmoa agertu zuten. Horren ostean gertatu zen etena, eta horren inguruan mintzatu da Alberdi, Txikia IV.a: «Gatozen tokitik gatoz, gauza asko gertatu direlako. Txapelketa ez zutela antolatuko esan zuten, eta, geure aldetik, hastean erabaki batzuk egon ziren, guri ez uzteko. Gero, bigarren mailara bota gintuzten, gero hirugarrenera... Uste dut gurekiko jokabide hori ez dela zuzena izan». Azkoitiarrak horren adibide jarri du Sherpa. Ai txapelketara epailerik bideratu ez izana: «Beste txapelketa pribatuetara, berriz, edonoiz bidaltzen dituzte».
Bi aldeen arteko hartu-emanak ez dira egokiak izan, Atutxaren ustez: «Federazioarekin bilera bat hitzartuta geneukan [otsailaren 24an], gure ahotsa entzun nahi zutelako. Bi egun falta zirela, bertan behera utzi zuten».
Ezpalekoen arabera, beste bilkura bat hitzartu zuten martxoaren 17rako, eta lau egun falta zirela jaso zuten haiek hirugarren mailako txapelketara bideratzea ebatzi zuen erabakia: «Halere, bilerara joan ginen, erabakia nondik nora hartu zuten jakiteko. Alderantzizko galdera egin genien: 'Baldintza horietan arituko garela uste al duzue?' Ezetz erantzun ziguten».
Atutxak eta Alberdik azaldu dute «lauzpabost urte» beharko liratekeela elkarteko aizkolariak gorengo mailara itzuli eta berregituratzea egiteko. Txikia IV.ak legedia izan du hizpide: «Araudia aipatzen dute, baina arauz kanpo zenbait gauza egin dira. Lehenengo, txapelketa bertan behera utzi; gero, egingo zela esan. Ondoren, 2021eko otsailean bigarren mailara bota gintuzten, eta 2021etik 2022ra ez da txapelketa hori jokatu. Halere, bigarren mailatik bi lagun igo dituzte lehenengo mailara, eta hirugarrenetik lehenengora ere igo dute jendea, zuzenean».
Hargatik, «berregituratze bat» egiteko komenentzia aletu du, besteak beste, Ezpal elkarteak. Atutxak heldu dio gai horri, eta zehaztu du ez litzatekeela lehendabiziko aldia izango: «Lehen ere eginda dago. Uste dut hori litzatekeena logikoena, kirol arloari dagokionez: izena ematen duten aizkolari guztiak bildu, eta kanporaketa bat eginda, horko sailkapena kontuan hartzea».
Jarrerak, finkatuta
Alberdik «malgutasun falta» sumatu du federazioaren aldetik. Azkoitiarrak nabarmendu du «beti» izan dutela hitz egiteko jarrera, eta adierazi du federazioak ere bizpahiru batzar deitu dituela: «Baina, aukera itxiak eman dituzte beti. Gu hitz egiteko prestasunarekin joan izan gara, baina iaz bigarrenean derrigor atera behar genuela esan ziguten; aurten, hirugarrenean, berdin».
Aizkolariek «kanpotik eta estraofizialki» entzun dute berregituratzearen aukera: «Ofizialki ez, eta askotan, prentsaren bitartez jakin ditugu gauzak. Aizkorako arazoaren eragileetako bat garela esan da, baina konpontzeko garaian ez dute gurekin kontatu. Estraofizialki bai, bakarkako deiak ere izan dira, baina ofizialki ez digute ezer eskaini. Alde horretatik, ez gaude gustura».
Dena den, federazioarekin izan beharreko harremanaren jiran iritzi aniztasuna dago Ezpalen, Atutxaren esanetan: «Batzuk badaude federaziora bueltatzeko, eta beste batzuek ez dute beharrezkoa ikusten. Lehen eskatzen genituen gauzak ez dituzte aldatu; gaur egun, sare sozialetan ez bazaude, hilda zaude, eta Euskadiko Federazioa mutu dago. Bizkaikoa eta Gipuzkoa, esaterako, ari dira horretan. Euskadikoaren web orriko azken berria orain bi urtekoa izango da akaso». Hori izan zen aizkolariek zatiketaren aurretik egindako eskarietako bat: garai berriei lotzea.