Oposizioak alferrik egiteko arriskua dute

Lan eskaintza publiko handi bat antolatu du Osakidetzak aurten, baina sindikatu eta langile ugari kexu agertu dira, 2018-2019 aldiko LEParen emaitzak ebatzi gabe daudelako. Askok izena eman dute oposizioetan; agian, ezertarako ez.

Osakidetzako lan eskaintza publikoaren azterketa, 2018an, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Osakidetzaren «historiako enplegu prozesurik jendetsuena» iragarri zuen Gotzone Sagarduik, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, maiatzaren hasieran. Aurtengo uztailetik azarora, 7.639 lanpostu aterako ditu Jaurlaritzak «Osakidetzan enplegua egonkortzeko eta finkatzeko». Hori da A aldea. LEP lan eskaintza publiko berri horrek, ordea, badu B alde bat. 2018ko eta 2019ko LEPak oraindik ebatzi gabe daude, eta osasun langile askok oposizioetan izena eman dute jakin gabe aurreko LEParen bidez postu finkoa lortu duten edo ez. Haserre handia eragin du auziak, eta, gatazka betean, greba egiteko beste arrazoi bat bihurtu da oposizioen afera.

Ikusi gehiago: Bihar eta etzi greban izango dira Osakidetzako langileak

Azken urteotan Osakidetzan egindako LEP gehienak lanpostuak egonkortzeko izan dira. Izan ere, behin-behinean ari dira lanean Osakidetzako profesionalen %50 baino gehiago, sindikatuek salatu dutenez. Behin-behineko milaka langileetako bi dira Claudia Rivera eta German Amuategi. Rivera emagina da Donostia ospitalean, eta 11 urte daramatza Osakidetzan lanean. Amuategi zeladorea da Gasteizko Txagorritxu erietxean; hamar urteko ibilbidea du lan horretan. Biak daude behin-behinean lanean, hutsik dagoen lanpostu bana betetzen. LEP berriaren iragarpenaz galdetuta, «lotsagarria, tamalgarria eta ulertezina» dela esan dute; beren aldarteaz, berriz, hau: «Oso erreta gaude, nekatuta».

2018. eta 2019. urteetako oposizioen emaitzak ebatzi ez izanaren atzean zenbait faktore daude. Batetik, irregulartasun batzuk atzeman zituzten, eta zalaparta handia sortu zen. 2018ko ekainean hasi zen auzia, eta, azaroan, Maria Jesus Mujika Osakidetzako orduko zuzendariak dimisioa aurkeztu zuen. 2019ko otsailean jarri zuen fiskaltzak Osakidetzaren aurkako salaketa, eta Jon Darpon Osasun orduko sailburuak dimisioa eman zuen martxoan.

Bestetik, oposizioak antolatzeko modua bera «lotsagarria» izan zela azaldu dute. Osakidetzako LEPek nola funtzionatzen duten azaldu du, lehenik, Amuategik: «Osakidetzako oposizioetako emaitza osatzeko, aintzat hartzen dituzte azterketan eskuratutako nota, lortu nahi duzun lanpostuari dagokion euskara maila, eta daukazun esperientzia. Hasieran esperientziarik ez duzunez, euskararekin eta notarekin hasten zara puntuak lortzen. Baina zuk postu finkoa ez daukazun bitartean, aurkeztu egin behar zara oposizio guztietara. Hau da, derrigortuta zaude postua atera arte azterketa guztietara aurkeztera, azkena egin den oposizioko nota kontuan hartzen dutelako lanean jarraitzeko». Izan ere, azaldu duenez, azkena antolatutako oposizioetan izena eman ez dutenak beste lan poltsa batean sartzen dituzte; lehentasun txikiagoko batean, alegia.

Azterketa zaila eta erraza

Duela bost urteko oposizioek, ordea, berritasun bat izan zuten: bi azterketa antolatu zituzten, eta langileek aukera zuten batean ala bestean izena emateko, hau da, lehenengoa soilik egiten zutenei lortutako nota gordeko zieten, nahiz eta bigarrena ez egin. Biak egiteko aukera ere bazegoen, eta bietako nota altuenarekin sartuko ziren langile horiek zerrendan. Ospitaleetako langileen artean zalaparta sortu zuen, ordea, bi azterketa horien arteko desberdintasunak, Amuategiren esanetan: «Lehen azterketa zaila izan zen, eta bigarrena, oso erraza, nahiz eta esana zuten bi azterketek parekoak izan behar zutela».

Amuategi bera izan zen kaltetuetako bat: «Lehen azterketan 83 bat atera nuen [ehundik]. Behingoagatik aukera nuenez nota gordetzeko, eta nota ona atera nuenez, ez nintzen bigarrenera aurkeztu. Kontua da bigarrena ere egin zuten askok 98 bat atera zutela, lehenengoan 54 bat atera ostean. Horietako askok ez zuten nire esperientzia, baina nik merituekin ditudan puntuek gutxiago balio dute, haiek azterketan ateratako nota on horiek baino». Haren ustez, hori da 2018-2019 aldiko azterketak oraindik ez ebatzi izanaren arrazoietako bat.

Riverak ere egin zituen oposizio haiek: «Bi urte baino gehiago igaro nituen ikasten». Nabarmendu du Osakidetzak oraindik ez duela azaldu zergatik ez dituen emaitzak ebatzi: «Ez dugu ulertzen, guztia intranetean dagoelako; programa informatikoetan, automatizatuta. Azterketak makinekin zuzentzen dira, merituak ere barneratuta daude, automatizatuta. Ja ez duzu ikastaroak konpultsatzera joan beharrik: zuk Interneten sartzen dituzu, eta beraiek baliozkotzen dituzte».

Izan ere, oposizio horiek egin zituztenek badakite zein den beren nota, baina inpugnazioak eta alegazioak ere ebatzi behar dira emaitza ziurrak izateko. Inpugnazioak aurkezteko epea irekitzeko modua ere kritikatu du Riverak: «Iazko abuztuan ireki zuten alegazioak eta inpugnazioak jartzeko epea, baita meritu guztiak adieraztekoa ere. Egun batetik bestera ireki zuten, abisatu gabe, eta hamabost egun zeuden hori egiteko. Abuztuan. Jakina da administrazioa itxita dagoela garai horretan. Bazekiten jendea ez zela lanean egongo, ez zela etxean egongo...».

Azaldutakoak izan daitezke 2018-2019ko aldiko oposizioen emaitzak oraindik ez ebatzi izanaren arrazoiak, bi langileen arabera. Hala ere, honela laburbildu du Riverak: «Osakidetzak dena gaizki eta berandu egiten du».

Aurreko LEPa oraindik ebatzi ez izana arazo bat da aurkeztu zirenentzat, eta hori larritu egin du oraingo LEPera aurkeztu behar izateak. Rivera eta Amuategi aurkeztu egin dira hurrengo oposizioetara: ordaindu dituzte tasak, ikasten hasi dira, eta, agian, alferrik izango da. «Nik orain bost hilabeteko ume bat daukat, eta nahiko nukeen baino denbora gehiagoz haurtzaindegian utzi behar dut, ikasteko. Agian horrek ez du ezertarako balioko, agian postua lortua baitut beste LEPean».

Oposizioen aurreko garaian, gainera, ugaritu egiten dira eszedentziak eta lanaldi murrizketak; bereziki, erizainen kasuan. Horrek bi ondorio ditu, Riveraren arabera: «Batetik, ordezkapenekin okerrago ibiltzea dakar, eta, bestetik, soldata sakrifikatzen dute murrizketa hartu dutenek, diru gutxiago irabazten dutelako. Oposizio garaian, jendea ez dago lan egiteko hain prest, azterketarako ikasi behar duelako; lan finkoa nahi du, noski».

Aurreko LEPa edo berria

Amuategik nabarmendu du aurreko LEPa ebatzi gabe egoteak «derrigortu» egin dituela langile asko aurtengoetan izena ematera, eta azaldu du esperientziak pisu handiagoa izango duela oraingoetan: «Nik eta jende askok badakigu hurrengo oposizioan nota ona ateraz gero, esperientzia gehiago baloratuko dutenez, postua aterako dugula. Baina kontua ez da hori. Nik aurreko oposizioan postu finkoa lortu banuen, zertarako pasatu behar ditut beste lau hilabete ikasten, beste azterketa bat egiteko, nire bizitzan duen eraginarekin?».

Riveraren ustez, hau da irtenbidea: «Behingoz atera ditzatela aurreko LEParen zerrendak. Jende askori konponduko liokete bizitza, eta berandu dabiltza jada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.