Ohitura zaharren morrontza

Zabalik dago NDF gidatzeko hautagaiak aurkezteko epea, irailaren 6ra arte. Bretton Woodsen 1944an erabakitakoa ez da aldatu 75 urtean: Munduko Bankua AEBen esku; NDF, Europaren esku.

Christine Lagarde NDFko zuzendaria (ezkerrean) eta Kristalina Georgieva Munduko Bankuko presidente zela, martxoan, Washingtonen. STEPHEN JAFFE / EFE.
Jon Fernandez.
2019ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Hiru hilabete iraun duen txiripa historikoa izan da, araua berresteko balio izan duen salbuespena. 75 urtean gertatu ez dena gertatu da aurten. Urtarrilaren hasieratik apirilaren hasierara bitartean, bi emakume egon ziren kapitalismoaren eta globalizazioaren bandera eta ardatz diren erakundeetako presidentetzatan, eta biak europarrak: Christine Lagarde frantziarra NDF Nazioarteko Diru Funtsean, eta Kristalina Georgieva bulgariarra MB Munduko Bankuan—behin-behineko presidentea izan zen—. Izan ere, Bigarren Mundu Gerra bukatzeko urtebete falta zela, 1944an, Bretton Woodseko konferentzian AEBek eta europarrek adostutako idatzi bako araua ez da hautsi harrezkero: MBren gidaritza AEBentzat;NDFrena, Europarentzat. Eta orain ere ez dago araua hausteko zantzurik, Lagardek NDFn hutsik lagatako besaulkia betetzeko kinielak egiten ari diren honetan.

Mundua asko aldatu da 1944tik, ekonomikoki eta politikoki. Eta herrialde eta GKE gobernuz kanpoko erakunde askok kritikatzen dute, alde batetik, bi erakundeok jokatzen duten rola, eta, bestetik, AEBek eta Europako Batasunak gehiegizko presentzia dutela NDFn eta MBn, eta horietako buruak hautatzeko prozedura ez dela ez gardena, ez demokratikoa.

Frantzia gidari

NDFk, hain zuzen, atzo abiatu zuen Lagarderen ordezkoa aukeratzeko prozesua, eta irailaren 6ra arte dago aukera hautagaiak aurkezteko. Lagarde EBZ Europako Banku Zentraleko hautagai bakarra da, eta irailaren 12an utziko du, behin betiko, NDF. Erakundeak nabarmendu du prozesu «irekia» izango dela, eta «merituan eta gardentasunean» oinarrituko dela. NDFko buru berriak urriaren 4an hartuko du kargua.

Dagoeneko, Frantziako Gobernuak aitortu du badagoela hautagai nagusien zerrenda ofizial bat, bost izenez osatutakoa, —eskumako zutabean daude bostak—, eta denak dira, nola ez, europarrak. EB Europako Batasuneko estatu nagusiek erabaki dute hautagai bakarra adostu eta aurkeztuko dutela Washingtonen NDFrako, eta Frantziak bere gain hartu du EBko kideen arteko kontsentsua bilatzeko lana, uko egin baitio hautagai frantziar bat aurkezteari; nahikoa du EBZn Lagarde jarrita.

Abuztuko G7koen goi bileraren harira Parisen uztailaren 18an EBko finantza ministroek egindako bileran hasi ziren hautagaiak mahai gainean jartzen. EBren hautagaia aukeratzeko, bi baldintza adostu ziren: aditua izatea gai ekonomikoetan, baina, aldi berean, politikaren esparruan ere iaioa izatea. Beraz, soslai politikoa ari dira bilatzen, Lagarderenaren antzekoa.

NDFren zuzendaritzan bakarrik ez, aurten erreleboa egon da MBrenean ere. Jim Yong Kim MBko presidenteak dimititu egin zuen, urtarrilaren 7an —2012tik zegoen karguan—, agintaldia amaitu baino hiru urte eta erdi lehenago. Haren hutsunea betetzeko, Georgievak hartu zuen kargua behin-behinean, Etxe Zuriak hautagai estatubatuar bat aurkeztu bitartean. Donald Trumpek gizonezko bat aukeratu zuen, David Malpass, eta hura da MBko buru apirilaren 9az geroztik. Ohitura zaharrak bizi-bizi daude.

Bi erakundeen legitimitatea ezbaian jarri izan dute garabideko herrialdeek, baita erakunde alternatiboak sortu ere: BRICS eta Asiako Inbertsio Bankua, adibidez. Besteak beste, Keynes ekonomista britainiarrak sortutako MBk eta NDFk helburuak ere aldatu dituzte 75 urteko bidean. Depresio Handiaren eta Bigarren Mundu gerrako triskantzak eta gero, nazioarteko diru eta finantza politikak euren erara ordenatzeko eta kontrolatzeko sortu zituzten.

Orain, merkatu askearen eta globalizazio basatienaren predikatzaile eta betearazleak dira bi erakundeak. Baina, hara paradoxa, NDFk aldaketa handiak ditu etxe barruan ere: Bretton Woodseko anfitrioia da orain protekzionismoaren defendatzailerik sutsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.