2019-5-16: Josu Urrutikoetxea atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Alpeetako herri batean: Sallanches-en. Erietxe batera prostata ebakuntza egitera zihoan Urrutikoetxea. 2002ko urritik ihesean zegoen, Espainiako Auzitegi Nazionalak ETAk 1987ko abenduan Guardia Zibilaren Zaragozako kuartelaren kontrako atentatuagatik inputatu zuenetik.
2019-6-19: Frantziako Dei Auzitegiak euskal presoa baldintzapean aske uztea erabaki zuen, aintzat hartuta gaixorik dagoela eta Louis Joinet legelariak bere etxean hartzeko bermea eskaini zuela. Baina La Sante Parisko espetxetik kalera irtetear zela, berriro atzeman zuen Poliziak, Espainiaren eskariz. Madrilek bi euroagindu eta bi estradizio eskaera eginak zizkion Parisi. Estradizioak: Luis Herguetaren eta Zaragozako kuartelaren atentatuak. Euroaginduak: Barajasko atentatua eta herriko tabernak.
2019-7-31: Bere familiaren lehen bisita hartu zuen kartzelan.
2019-9-2: Prostata ebakuntza egin zioten, Parisko erietxe publiko batean, atxilotu zutenetik hiru hilabete eta erdira. Atxiloketa garaian urologoak ohartarazi zuen hilabete baten buruan egin beharko zitzaiola ebakuntza. Irailaren 3an itzuli zuten espetxera.
2019-9-11: Dei Auzitegiko Instrukzio Ganberak ez zuen onartu Urrutikoetxea baldintzapean aske uzteko eskaera, atzera botata prozedura baliogabetzeko abokatuek egindako galdea.
2019-11-13: Bi euroagindu eta bi estradizio eskaerak aztertu zituzten Parisen, Dei Auzitegian. Prozedura akatsak eta informazio okerrak nabarmendu zituzten presoaren abokatuek.
2019-12-10: Kasazio Auzitegiak baztertu egin zuen euskal presoa baldintzapean aske uzteko eskaera, haren abokatuek egindakoa.
2020-1-8: Dei Auzitegia Zaragozako kuartelaren auzian Urrutikoetxea estraditatzeko eskaeraren alde azaldu zen. Frantziako Gobernuak hartuko du erabakia; ez du eperik horretarako.
2020-2-12: Frantziako Asanbleako hainbat diputatuk Urrutikoetxearen aurkako auzia salatu zuten, Jacques Toubon arartekoari gutun bat bidalita.
2020-4-1: Dei Auzitegiko Instrukzio Ganberak berriro ukatu zuen baldintzapean aske uzteko eskaera, La Santeko medikuburuak kartzelaldia eteteko eskatu zuen arren. Medikuaren esanetan, COVID-19aren hedatzeak eragina izan dezake Urrutikoetxearen osasun bilakaeran.
2020-4-25: Nazioarteko 126 eragilek euskal presoa libre uzteko eskatu zuten, Mediapart atariko artikulu batean. Urrutikoetxearen osasun egoera eta bakegintzarako egindako lana aipatu zituzten.
2020-4-29: Dei Auzitegiko Instrukzio Ganberak baztertu egin zuen beste hura aske uzteko beste eskari bat.
2020-7-1: Frantzoako Dei Auzitegiak Josu Urrutikoetxea aske uztea erabaki zuen, eskumuturreko telematikoa ezarrita. Fiskalaren eskaera onartu egin zuten epaileek. La Sante kartzelak egingarritasuna aztertuko du, eta epaileek uztailaren 29an emango dute horretaz ebazpena. Halaber, auzitegi berak atzera bota zuen Barajasko auziko euroagindu eskaera, zehaztasun faltagatik.