Hezkuntza legeari egindako kritikak «entzuten» dituela esan du Bildarratzek

Sindikatuei «presio» egitea egotzi die, sare publikoan egindako greba deialdia dela eta. Urte hondarrerako prest egongo da lege proiektua

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak larunbatean Bilbon deitutako manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU.
edurne begiristain
2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Eskola publikoa indartzeko eta Eusko Jaurlaritza ontzen ari den Hezkuntza Legeari ezezkoa emateko, milaka lagunek Bilboko kaleak bete zituzten larunbatean Euskal Eskola Publikoaz Harro taldeak deituta. Mobilizazio horren inguruan galdetu zioten atzo Euskadi Irratian Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari, eta azpimarratu zuen alde guztien eskaerak kontuan hartzeko ahaleginean ari dela bere departamentua. «Gure testuari zuzenketak eta erreklamazioak egiteko aukera izan dute, eta entzun egiten diegula eta erantzuten ari garela esan behar diegu».

Zehazki, adierazi zuen Elkarrekin Podemos-IUrekin egindako akordioari esker, 0 eta 2 urte bitarteko haurren matrikulazioa doakoa izango dela Haurreskolak partzuergoko ikastetxeetan, eta ikasle kalteberen inguruko araudia onartu egin dela datorren ikasturteari begira. Era berean, gogorarazi zuen sindikatuekin lortutako akordioei esker datozen urteetarako ratioak jaitsi egin direla, hezkuntza bereziko langileen kopurua handitu egin dela eta baldintzak hobetu egin direla. Hala ere, guztien eskubideak eta betebeharrak jaso behar ditu lege berriak, bere esanetan. «Guk, gobernu gisa, hezkuntza sistema osoari erantzun behar diogu. Oraintxe 173.500 ikasle inguru ditugu sare publikoan, eta 166.000 inguru itunpekoan. Gure betebeharra da lege bat egitea, eta lege batek jaso behar du betebeharrak eta eskubideak eskola publikoarentzat eta itunpekoarentzat direla».

ELA, LAB eta Steilasek azaroaren 30erako eta abenduaren 14rako sare publikoan egindako greba deialdiak «harriduraz» jaso dituela esan zuen sailburuak, eta «presio» egitea aurpegiratu zien sindikatuei. Euskadi Irratian egin zioten elkarrizketan, gogora ekarri zien oraindik irekita dagoela aurreproiektuari alegazioak aurkezteko epea, eta behin betiko testua zein izango den definitu gabe dagoela.

Hauteskundeen ostean

Hezkuntza eragileen ekarpen guztiak aztertu ondoren, datozen egunetan borobilduko du hezkuntza legearen testu berria Eusko Jaurlaritzak. Lege proiektuaren berme juridikoak eta txosten ekonomikoa onduko ditu gero, eta, hala, urte amaierarako edo hurrengoaren hasierarako igorriko dio testua Eusko Legebiltzarrari. Hezkuntza Sailak espero du 2023-2024ko ikasturterako legea indarrean egotea. Udaberrian udal eta foru hauteskundeak izango dira, eta, sailburuaren iritziz, ez da giro egokiena izango halako garrantzia duen lege bat onartzeko. Aproposago ikusten du hauteskundeak eta gero onartzea lege berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.