Xistorren gibeletik joateko itxaropenez

Frederic Haranburu 'Xistor' joan den azaroan atera zen espetxetik, baldintzapean, baina harekin batera atxiloturiko Jakes Esnal eta Ion eta Unai Parot Frantziako eta Espainiako kartzeletan dira oraino: aurten 31. urtea bete dute preso.

BOB EDME / IPARLA.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Udaberri batez atxilotu zituzten, eta orduz geroztik joan dira bertze hogeita hamar udaberri, loratzen ikusi ez dituztenak. Jakes Esnal eta Unai eta Ion Parot euskal presoek 31. urtea beteko dute asteon hormigoizko pareta artean, eta ez dute oraino askatze datarik. Espainian atxilotu zuten Unai Parot, 1990eko apirilaren 2an, eta handik bi egunera atzeman zituzten, Lapurdin, haren anaia Ion, Esnal eta Frederic Haranburu Xistor. Guziei leporatu zieten ETAren Argala komandoko kide izatea, eta azken hiruei bizi osorako zigorra ezarri zien Parisek 1997an. Unai Paroti 5.000 urte inguruko kartzela zigorra ezarri zion Espainiak, hogei sententziatan baino gehiagotan—1973ko Zigor Kodearen arabera kalean behar luke, baina 2007an Espainiako Auzitegi Nazionalak bertze zigor bat ezarri zion, berriz ETAko militantzia egotzita—.

Aspaldian geldi zegoen haien auzia, batez ere Frantziako Estatuan kartzelaturikoena, baina joan den urrian ailegatu zen ustekabea: Parisko Dei Auzitegiak Haranburu baldintzapean aske uztea deliberatu zuen, eta azaroan atera zen kartzelatik, baldintza zorrotzekin, eta 30 urtez preso egon ondotik. Horrek esperantza piztu zuen antzeko egoeran diren Ion Parot eta Esnalekiko: Bakegileek berek bertan behera utzi zituzten abendurako eta aitzinagorako iragarritako ekintza «gogorragoak», iritzita «Haranburu baldintzapean aske uzteak eta haren aldeko motibazioek egoera alda» zezaketela.

Maritxu Paulus Basurko abokatuak ere BERRIAri adierazi dio «historikoa» izan zela Haranburu aske utzi izana: «Parisko Dei Auzitegiak beti erraten zuen ez zela posible. Eta garrantzi izugarria du Xistorrenak, aldaketa nabarmen bat baitago: posibletzat jotzen da dosier horretakoak baldintzapean aske uztea». Abokatua ez da horren baikorra, ordea: «Garrantzitsua da, baina horrek ez du ekarriko nahi eta nahi ez beste bien askatzea».

Ion Paroti bortz aldiz ukatua diote baldintzapean aske geratzea, eta seigarrenez galdegiten ari da orain. Esnalek bi aldiz egina du eskaera, eta, Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak bigarren galdea onartu bazion ere, prokuradoreak dei eginik, Parisko Dei Auzitegiak ukatu egin zion irailean. Paulus Basurko ari da Esnalen defentsa eramaten, eta, azaldu duenez, egindako delituengatik bota diote eskaera gibelera: «Egitateak oso larriak direla, delitu bera egiteko arriskua... Argumentuak horiek dira». Haranbururen kasuan ere horiek erabiltzen zituzten hasieran, baina abokatuak azaldu du ez dela «automatikoa» bertzeekin ere jarrera aldatzea: «Baldintzapeko askatasunen erabakiak oso indibidualizatuak dira: pertsona bakoitzarentzat hartutakoak». Esnalen kasua Kasazio Auzitegira eraman dute orain, eta, abokatuaren erranetan, gerta liteke gibelera bota eta berriz zerotik hasi behar izatea. Paulus Basurkok azaldu du, gainera, gaur egungo «mugimendu errepresiboa» ez dagoela haien alde.

Berriz hutsetik hasi behar izatekotan, bertze hiruzpalau urte luzatuko lukete askatzea: «Ondorioak oso latzak lirateke: Esnalek 70 urte ditu». Konparazione, Ion Parotek koronabirusean positibo eman berri du martxoan: 70 urte ditu hark ere.

Kommutazioaren aukera

Baldintzapean aske uzteek porrot eginen balute, kommutazioaren aukera ere hor legoke: oraingo zigorra bertze zigor apalago batekin ordezkatzea, hain justu. «Delitu horiengatik Espainian kondenatuak izan balira, 30 urteko zigorra izango zuten», azaldu du Paulus Basurkok. Eta, beraz, aske lirateke jada. Bigarren kommutazio eskaera 2017an egin zioten Frantziako presidenteari, baina ez dute oraindik erantzunik jaso. Eta «luze» dirau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.