Espainia desegiten ari zen garaia

Duela ehun urte, Espainiako armadak estatu kolpea eman zuen eta diktadura ezarri zuen, Primo de Riveraren gidaritzapean, Espainia «hondamendira» zihoala iritzita. Besteak beste, «separatismoaren mehatxuari» aurre egin nahi izan zioten, eta euskara galarazi zuten alor ofizialetan.

Fusilamendu bat Rifeko gerran, 1923an, Eustaquio Berriotxoa gerra argazkilariak hartutako irudi batean. BERRIA.
gotzon hermosilla
2023ko irailaren 13a
00:00
Entzun

Azken bi mendeetako historiak erakusten duenez, Espainiak tradizio joria du estatu kolpeei eta militarren matxinadei dagokienez. Miguel Primo de Riverak duela mende bat jotakoa kate luze baten katebegia da, baina hura ez zen errebolta hutsa izan; Euskal Herrira ondorio politiko nabarmenak ekarri zituen diktadura baten abiapuntua izan zen, eta Espainiako zenbait sektoretan nagusi ziren joera nazionalista eta autoritarioen adierazgarri ere izan zen. Hurrengo hamarkadan, joera horiek bete-betean egin zuten eztanda, eta 1936ko altxamendua, gerra eta diktadura luzea izan ziren haien emaitza.

Kataluniako kapitain jenerala zen Primo de Rivera, 1923ko irailaren 13an estatu kolpea jo zuenean. Gerra egoera ezarri zuen, eta soldaduak bidali zituen Bartzelonako gune estrategikoak kontrolatzera. Hurrengo egunean, Espainiako gobernuburu Manuel Garcia Prietok eskatu zion Alfontso XIII.a erregeari Primo de Rivera eta gainerako militar matxinoak kargugabetzeko eta Gorteen bilkura egiteko, baina,, erregeak kolpea babestu, eta boterea militarren esku utzi zuen.

Primo de Riverak adierazi zuenez, haren asmoa zen militarren agintaldia laburra eta behin-behinekoa izatea. Baina, azkenean, diktadurak sei urte eta erdi iraun zuen. Konstituzioa bertan behera utzi zuten, Gorteak eta diputazioak desegin zituzten, eta irailaren 18an «separatismoaren» kontrako dekretu bat onartu zuten, gaztelania ez beste hizkuntza guztiak jarduera ofizialetatik egozten zituena eta Espainiaren menpeko nazioen ikurrak debekatzen zituena.

Aitor Pescador Medrano historialariak (Bilbo, 1970) hainbat liburu eta ikerketa argitaratu ditu, eta horietatik bik zerikusi zuzena dute diktaduraren garaiarekin: Los promotores del 36 en Navarra. El Somaten pamplones en la dictadura de Primo de Rivera 1923-1930 izenekoak (36.aren sustatzaileak Nafarroan. Iruñeko Somatena Primo de Riveraren diktaduran 1923-1930) eta Francisco Lorda Iruñeko zinegotzi jeltzalearen biografiak. Hark dioenez, «Espainia desegitearen kontra altxatzea» izan zen militarrek emandako argudioa kolpea justifikatzeko.

Krisi ugarik zeharkatzen zuten Espainia 1923an. Ekonomikoa zen horietako bat: «I. Mundu Gerran Espainia neutrala izan zen, eta, horri esker, zenbait enpresarik irabazi handiak lortu zituzten, baina horiek ez ziren langileengana iritsi. Alderantziz: Espainiak oinarrizko produktuak saldu zizkien gerran zeuden herrialdeei, eta horrek ekarri zuen barnean produktu horien eskasia eta prezioen igoera». Ondorioz, tentsio sozialak gora egin zuen eta, adibidez, Katalunian ugaldu ziren errepresioa eta anarkisten eta indar paramilitarren arteko liskar bortitzak.

Gerra odoltsua

Afrikako iparraldean Espainia 1909tik ari zen kolonialismoaren kontra altxatutako Rifeko herritarren matxinada zapaldu nahian. Gerra luze eta odoltsua izan zen, Hego Euskal Herrian ere eragin handia izan zuena: 1876an foruak galdu zirenetik, soldadutza egiteko adinean zeuden euskal mutilak behartuta zeuden gerrara joatera Espainiako armadan. Zenbait iturriren arabera, 2.000 gazte euskaldun inguru hil ziren gatazka hartan.

Gerraren pasarterik latzenetako bat Annualgo gudua izan zen: gaizki antolaturiko operazio batean Espainiako armadako 10.000 soldadu hil ziren 1921eko udan. Oposizioaren presioak behartuta, ikerketa bat abiarazi zuten Espainian, gertatutakoa argitzeko: «Txostena 1922ko abenduan iritsi zen Gorteetara, eta, horren arabera, goi mailako militarren eta erregearen erantzukizuna oso handia izan zen. Estatu kolpearen beste arrazoietako bat izan zen ikerketaren ondorioak oharkabean pasa zitezela ahalegintzea».

Militarren ustez, Espainia hondamendira eramaten ari ziren faktoreen artean, haren menpeko nazioen abertzaletasunaren gorakada ez zen munta txikienekoa, eta hala aitortu zuen Primo de Riverak, kolpea jotzeko adierazpenean, «propaganda separatista lotsagabea» aipatu baitzuen arrazoi gisa. Eta hor garrantzi handia hartu zuen Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako indar abertzaleek Diadaren karietara plazaratutako agiriak, Aliantza Hirukoitza izenez ezagutzen denak.

Xose Estevez (Quiroga, Galizia, 1943) EHUko eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea izan da, eta sakon aztertu ditu Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako abertzaletasunen arteko harremanak: «Ahaleginak batzeko deia Accio Catalana alderdiak egin zuen 1923ko udan, eta Euskal Herriko eta Galiziako abertzaleek harrera ona egin zioten gonbidapenari. Diadarekin bat eginez, irailaren 11n zenbait erakunde abertzaleren ordezkariak Bartzelonan elkartu ziren, eta agiri bat ondu zuten».

Agiria oso erradikala da: zuzenean independentzia aldarrikatzen zuen, autonomiatik edo federalismotik pasatu gabe. Gainera, bazuen militar espainiarrak bereziki aztoratu zituen esaldi bat: «Adierazten dugu gure asmoa dela ahotsak elkartzea justiziaren aldarrian, eskuak lotzea propagandan, indarrak batzea borrokan eta, beharrezkoa balitz, odolak nahastea sakrifizioan».

Agiriarekin bat egin zuten Kataluniako Estat Catala, Unio Catalanista eta Accio Catalana indarrek, azken horrek eragozpen batzuk jarri zituen arren, eta Galiziako Irmandades da Fala eta ING Irmandade Nazonalista Galega erakundeek. Euskal abertzaleei dagokienez, garai hartan EAJ bi adarretan banaturik zegoen: Aberri eta Comunion. Lehenengoak hantxe bertan eman zion oniritzia agiriari, eta bigarrenak adierazi zuen gaia alderdikideekin eztabaidatuko zutela Euskal Herrira itzulitakoan. Estatu kolpeak galarazi zuen hori.

«Abertzaleen arteko aliantzaren adierazpena ez zen estatu kolpearen eragilea, lehenagotik beste faktore batzuk ere bazeudelako, baina prozesua azkartu zuen», azaldu du Estevezek. La Correspondencia Militar garai hartako agerkarian argitaratutako artikulu bat aipatu du froga gisa: horren arabera, kolpea irailaren 15erako prestaturik zegoen, baina aurreratu zuten Kataluniako Diadan izandako «gehiegikeria separatistak» ikusita.

Militarrek boterea eskuratu eta berehala hasi ziren horren ondorioak agertzen. Pescadorrek dioenez, errepresioa «oso azkar eta eraginkorra» izan zen. Zenbait alderdi eta sindikatutako buruzagiak atxilotu zituzten, eta beste batzuek erbesteratu behar izan zuten. Hori izan zen, esaterako, Aberri taldeko Eli Gallastegiren kasua. Prentsan zentsura ezarri zen; agerkari batzuk desagerrarazi zituzten zuzenean, adibidez Aberri astekaria, eta Comunion taldeak argitaratzen zuen Euzkadi agerkariari dagokionez, jarraitu zuten hura ateratzen, baina testuak zentsuratuta eta euskaraz artikulurik argitaratzeko debekuarekin.

Baina, oro har, estatu kolpea odolik isuri gabe gauzatu zen. «Joera izaten da Primo de Riveraren errepresioa frankismoarenarekin alderatzeko eta, ondorioz, hura hain bortitza ez zela izan ondorioztatzeko», azaldu du Pescadorrek. Baina kontuan hartu behar da Primo de Riverak ezarri nahi zuen erregimenaren ezaugarriak eta hamarkada bat geroago altxamendua egin zuten militarren jitea oso desberdinak zirela: «Primo de Riveraren asmoa zen galbidean zeuden espainiarrak berreskuratzea, Espainia handi eta indartsua sortzeko. Horregatik, bere errepresioa ez zen hain bortitza, herritarrak bere proiektura erakarri nahi zituelako. Francok, aldiz, etsaia fisikoki suntsitu nahi zuen».

Beste arrazoi bat ere badago: kolpeak ez zuen erresistentzia handirik gainditu behar izan: «Azken finean, Primo de Rivera militarra zen, eta bidean oztoporik aurkitu izan balu, ez zukeen inolako arazorik izango jendea fusilatzeko, baina ez zuen horren beharrik izan».

Faxismoa eredu

Hilabete batzuk lehenago, 1922ko urrian, Benito Mussolinik boterea eskuratu zuen Italian. Primo de Riverak Mussolini miresten zuen, eta eredutzat hartu zuen Espainian ezarri nahi zuen erregimenerako: «Mussolinik alderdi bat sortu zuen, horren bidez alkandora beltzen mugimendua antolatu zuen sozialisten, komunisten eta anarkisten kontra jotzeko, estatuaren gainean estatu egitura batzuk eraiki zituen eta, azkenean, estatua bereganatu zuen. Primo de Riverak eskema horri jarraitu nahi zion, baina etxea teilatutik hasita: lehenbizi estatu kolpea eman zuen, eta gero Mussolinik sortutako egiturak sortu behar izan zituen».

Egitura horietako bat alderdi bakarra zen, Union Patriotica izenekoa: «Haren asmoa zen mundu guztia hara biltzea. Sindikatu bakarra ere sortu zuen, eta UGTko sektore batzuek horrekin kolaboratu zuten, UGTn eta PSOEn krisi larria eraginez».

Somaten izeneko miliziek ere badute antzekotasunik Mussolinik Italian antolatutakoekin. Pescadorrek ongi aztertu du gai hori Nafarroan: «Somaten indar paramilitarrak dira, armez hornituriko zibilak, nork bere herrian ordena zaintzeko eginkizuna dutenak. Guardia Zibilarekin eta militarrekin elkarlanean aritzen ziren, herritarrak salatuz eta atxilotuz. Ez zuten bakarrik ezkertiarren kontra egiten: homosexualak edo ohitura txarreko emakumetzat jotzen zituztenak ere salatzen zituzten. Ordena moralaren zaindariak ere baziren».

Primo de Riveraren diktaduraren praxiak eta oinarri ideologikoek bazituzten faxismoaren ezaugarri ugari: autoritarismoa, demokrazia liberalaren eta alderdien sistemaren arbuioa, nazionalismoa eta abar. Hala ere, zenbait historialarik arazoak dituzte hura faxismoarekin homologatzeko, eta «erregimen paternalista» bezala definitzen dute diktadura. Pescador ez dago ados ikuspegi horrekin: «Primo de Riverak Mussoliniren ereduari jarraitu zion, argi eta garbi. Ez zuen errepresio bortitzik erabili, haren kontrako erresistentzia bortitzik ez zuelako topatu. Baina gobernu paternalista izan zela esatea errealitatea faltsutzea da. Haren eredua faxista da, baina Espainiara egokitua».

Primo de Riverak sistema egonkortzeko egindako ahalegin guztiek, adibidez konstituzio bat egiteko proiektuak, porrot egin zuten. Erregearen eta gainerako militarren konfiantza galduta, dimisioa eman zuen 1930eko urtarrilean, eta erbesterako bidea hartu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.