Irantzu Varela. Kazetaria eta aktibista feminista

«Sistemak gehiago gorroto gaitu gu, pintaketen egileak baino»

Varelak sareetan aspalditik jasaten duen indarkeriak okerrera egin du azken asteetan, pintaketekin eta intimitate urratzeekin. «Nekatuta» agertu da, eta nabarmendu du erasotzaileak «inpunitatez» ari direla.

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2019ko urriaren 31
00:00
Entzun
Pikara aldizkariaren egoitzatik kalera begiratu du Irantzu Varela kazetari eta ekintzaile feministak (Portugalete, Bizkaia, 1974), eta astelehenean eskuin muturreko talde batek leihoetan egindako pintaketa sexisten gainean auzolanean marraztutako irudiei erreparatu die: «Oso polita geratu da». Aste gogorrak izaten ari dira Varelarentzat: urri hasieran agertu ziren haren aurkako lehen pintaketak, eta haren datu pertsonalak hedatu zituzten sare sozialetan. Esker onez mintzatu da jaso duen babesaz: «Honen alderik ederrena da jendeak maitasun pila bat itzultzen dizula».

Lehenik eta behin, zelan zaude?

Nekatuta. Oso nekagarria da indarkeria hau egunero bizitzea. Sareetako bortizkeria aspaldikoa da, baina orain beste maila batera igaro dira pintaketekin, telefono bidezko jazarpenarekin... Oso nekagarria da aldarrikatu behar izatea hori guztia zigorrik gabe geratzen ari dela, eta oso nekagarria da ia babesik ez sentitzea, espero nituen pertsonez eta eremuez harago. Jendeak esaten didanean salaketa jartzeko, oso nekagarria da azaltzea oso xaloak direla pentsatzen badute sistemak ni bezalako emakumeak babesten gaituela. Oso nekagarria da egunero lehen pertsonan bizitzea sistemak gehiago gorroto gaituela gu, pintaketen egileak baino.

Azken asteetan jauzi kualitatibo bat izan da bortizkerian.

Bai, latza. Sare sozialena distantzia pixka batekin bizi nezakeen: sareak itzal ditzakezu, edo ez begiratu, eta hor hezur-haragizkoa ez den figura baten aurka ari dira. Baina lan egiten dudan tokian pintaketak egitea eta telefonoa inbaditzea aldaketa funtsezkoak izan dira: nire intimitatea urratu dute, eta ni birrintzen saiatu dira; ez figura bat, baizik eta ni neu. Orain arte, nire buru osasuna zaintzeko, bereizketa bat egin behar izan dut figuraren eta eremu pertsonalaren artean, eta orain bereizketa hori pikutara joan da.

Beldur zara zuzeneko eraso fisiko baten aurrekoa izango den oraingo hau?

Agerikoa da hau goraldi bat izaten ari dela. Irainekin hasi ziren, gero hedabideetako lintxatzea etorri zen, ondoren pintaketak, eta azkenik nire datuak publikatu dituzte. Beraz, goraka doa, eta segurtasun neurriak hartu behar ditut; horretarako, egoera jakin batzuk planteatu behar dira, eta nire bizitzan imajinatuko ez nituen egoera batzuk planteatu ditut. Dramatismorik eta biktimismorik gabe diot, baina hala da.

Non dago beldurraren eta normaltasunez bizitzen saiatzearen arteko oreka? Zer egin daiteke halako zerbaitek bizitza baldintzatzerainoko garrantzia har ez dezan?

Gauza diferenteak dira. Nire ustez, beldurra esklabotza da. Nik konbentzituta esaten dut galtzeko gutxi daukadala. Osotasun fisikoa gal dezaket, eta buru osasuna ere bai, baina neure burua zaintzen ari naiz; bestela, prestigiorik-eta ez dut galduko; beraz, zer pentsatzen dudan esateak ez dit beldurrik ematen.

Halakoen garrantziari dagokionez, badakigu emakumeen aurkako indarkeria sistemikoa dela. Hauek hau egin dute badakitelako inpunitatea dutela, sistemak gorroto dituen elementuei ari zaizkielako eraso egiten. Ni gizon bat izango banintz, Pikara aldizkari misto bat balitz, edo hegemonian dagoen alderdi politiko bateko kideak bagina, sekulako iskanbila sortuko litzateke. Baina sistemak gorroto duen guztia gara: emakumeak, feministak, antikapitalistak, lesbianak...

Twitterren zure datuak hedatu dituen kontua zabalik dago. Zer azalpen eman dizute?

Sei salaketa jarri ditut Twitterren: lehen lauretan, esan zidaten ez zituela arauak urratzen; bosgarrenean, nire telefonoa eman zuen txioa kendu zuten, baina ez nire gainerako datuak hedatu zituzten mezuak.

Ertzaintzan ere salaketa jarri duzu. Zer esan dizute?

Salaketa batez gain, kereila kriminal bat ere aurkeztu dut, gertatzen ari diren gauza guztiak azalduz, jazartzen ari zaizkidanen aurka, nire irudia eta telefono zenbakia txat pornoetan erabili dutenen aurka... Ertzainek salaketa bakoitza jaso dute, delitu baten izendapena jarri diote... eta berririk ez. Baina ez dut uste hiru aste behar direnik pertsona baten identitatea ordeztu duen norbaiten IP helbidea lortzeko.

Zer gertatzen ari da, ez dagoela delitu digitalen aurkako tresnarik edo ez dagoela bortizkeria matxistaren kontzientziarik?

Ez dute ulertzen indarkeria matxista egiturazkoa dela, eta jazarpen estrategia baten parte dela; haientzat delitu bat da, une batean gertatzen dena, testuingururik gabe, generoarekiko loturarik gabe. Nik egiten diet kontakizun konplexu bat, eta haiek saiatzen dira laukitxoren batean sartzen, gizonek gizonentzat egindako delitu zerrenda batean. Hori da justizia patriarkala. Salaketa jasotzen duenaren borondate onaren gainetik dago: ez daukate tresnarik, eta ez dago borondate politikorik ere, ez dutelako trebakuntzarik jaso honi aurre egiteko.

Erakunde publikoetako inor jarri al da zurekin harremanetan?

Ez, baina ez nuen espero: gogaikarria naiz instituzioentzat.

Zer analisi egiten ari zarete Bilbo Zaharra auzoan egin dituzten pintaketen inguruan?

Auzo honek traba egiten du, ez datorrelako bat inposatu nahi diguten hiri ereduarekin. Ez da erakundeen gustukoa, horregatik alboratu dute auzoa, eta ez da faxisten gustukoa. Pintaketekin argi utzi dute zein den euren arerioa: antifaxismoa, feminismoa, aniztasuna, auzoko gizarte mugimenduak... Eta astelehenean auzo asko eraiki genuen.

Eskuin muturrak jopuntuan jarri du feminismoa. Zergatik?

Oso ondo ulertu dutelako feminismoa haien etsaia dela, oraintxe bertan indar subertsibo handiena duen mugimendu soziala delako: zapalkuntza molde guztien aurkako proposamen politiko teoriko zein praktiko egingarriena dauka feminismoak. Gure aurrerapausoekin, euren pribilegioak arriskuan ikusi dituzte; ohartu dira ez dutela izango doako neskamerik, sexu esklaborik, idazkaririk edo psikologorik.

Zaintza aldarrikatzen du feminismoak. Nola zaindu daiteke horrelako indarkeria pairatzen ari den norbait?

Hasteko, hau benetako indarkeria gisa hartuz. 1970-1980ko urteetan, tratu txarrak arazo sozial gisa uler zitezen borrokatu ziren andreak, eta sentsazioa dut indarkeria digitalaren arloan hor gaudela; oraindik jendea konbentzitu behar dugu hau bortizkeria dela, eta, emakumeen aurkako indarkeria guztiek bezala, helburu duela irakastea zer egin dezakegun eta zer ez, mendeko eta esaneko izan gaitezen. Emakume batzuek uste dute hau ez zaiela inoiz gertatuko, eta gertatzen zaienean zur eta lur geratzen dira; ez baita pertsona baten arazoa, baizik eta sistemarena. Hau gertatzen ari zaigu ikusgaitasuna dugunoi; ikusgaitasun hori, nolabait, hautu bat da, eta desager zaitezke, baina ezin diegu eskatu hor daudenei halako indarkeria jasatea hor egoteagatik. Egiaz sinetsi behar dugu gutako bat ukitzen badute denok ukitzen gaituztela; ez niri erasotzen didaten bakoitzean denak etor daitezen erantzutera, baizik eta ni ukitzen nautenean denon aurka ari direlako.

Pentsatu al duzu desagertzea?

Gaur? Gaur ere bai. Oso argi daukat nire eremua kolektiboa dela, eta borroka feministak aurrera jarraituko duela nirekin ala ni gabe. Ni ez naiz ezeren abangoardia; ez dut sentitzen halako ardurarik, ez naiz hain garrantzitsua. Beraz, desager naiteke, eta denak antzera segituko du.

Hortaz, erresistentziagatik ari zara irauten?

Denak bezala. Gipuzkoako zahar etxeetako langileak bezala, edo gure amak bezala. Denek eutsi diote, eta ez dute saririk jaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.