Txina

Zutabeak kolokan daude

Duela hiru urte eraikuntzan hasitako krisia ez da atertzen. Txinako sustatzailerik handienak, Country Garden, egoera ezin txarragoan dago eta babesa eskatu dio Pekingo gobernuari.

Wujiang zubiaren eraikuntza lanak, Guizhou probintzian. TAO LIANG- XINHUA / EFE.
Josep Solano
2023ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Azken asteetan, Txinako instituzioek zabaldu egin dituzte likidezia arazoak dituzten sustatzaileei laguntzeko politikak eta etxeen sektore ahuldua indartzekoak, baina, hala ere, krisia gero eta larriagoa da. Orain, hori da Txinako Gobernuaren kezkarik handienetako bat, baliteke-eta ondorio larriak ekartzea: ez bakarrik arlo ekonomikoan, baita Pekinek «egonkortasun soziala» esaten dion horretan ere. Sektorea gero eta okerrago dago: salmentak motelak dira, gero eta proiektu gehiago geratzen dira bukatu gabe, eta zorrak gero eta handiagoak dira. Hala, gero eta etxe agentzia gehiagok ia ezin dituzte beren zorrak ordaindu; zenbait kalkuluren arabera, bi bilioi yuan ingururenak dira zor horiek (350.000 milioi euro inguru).

Berriki jakin denez, krisia —hirugarren urtea du jada— estatuaren etxe agentzietara ere zabaldu da: gobernuak berak babes handia emana zien orain arte agentzia horiei, kaos ekonomikotik babesteko. Etxe agentzia pribatu handienetako batzuetara ere iritsi da krisia. Egoera ezin txarragoan dagoela aitortu duen lehena Country Garden izan da, Txinako sustatzailerik handiena: milaka proiektu ditu herrialdeko ia 300 hiritan, eta, uztaileko azken egunean, «gidaritza eta babesa» eskatu zizkien Txinako Gobernuari eta erregulatzaileei.

Konpainiak, Hong Kongeko burtsara bidalitako komunikatu batean adierazi du bi arrazoirengatik izango direla galerak: «Batetik, irabazi marjina garbia txikiagoa delako etxe negozioetan, eta, bestetik, narriaduragatiko hornidurak ugaritu egin direlako, sektoreko salmentek beheranzko joera dutela eta».

Country Gardenek ez du esan zehazki noiz argitaratuko dituen lehen seihilekoko datuak, baina adierazi du abuztuko bigarren hamabostaldian plazaratuko dituela.

Aurreko astean, etxe agentzia horren akzioak %8,7 beheratu ziren, eta haren zerbitzu azpisailarenak, %18. Gainera, burtsan kotizatutako bonuek beren balio nominalaren erdia baino gutxiago dute orain, eta dolarretan daudenek —nazioarteko inbertitzaileenak izaten dira maiz—, beren balio nominalaren heren bat eta 10-15 zentimo artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.