enekoitz esnaola
Udal eta foru hauteskundeak. BOZ GORA

Herri urratsak

2019ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Lehengo igandean, Herri Urratsen, Ipar Euskal Herriko ikastoletako guraso batekin hizketan, eta eskertua zen Azpeitiko Udalak hiru mila euroko laguntza eman berri diolako Seaskari. Hura omen da diru laguntzarik handiena ematen duen udala.

Talde abertzaleak (EAJ, EH Bildu eta Geroa Bai) Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 240 alkatetzatan izan dira legealdi honetan, Azpeitikoan (EH Bildu) barne. PSE/PSN, PP eta UPNk 54 alkatetza izan dituzte. Bazterkerian erortzeke, handia da aldea herri urratsetarako. Gainera, eta sos kontuez ari garela, Hegoaldeko hamar mila biztanletik gorako 56 udalerrietako 45 alkatetzatan izan dira talde abertzaleak. Bi bloke identitario dira, baina bloke abertzalean ez daude bat eginda nazio estrategian, Nafarroako legealdi honetako kasua salbuets daitekeen arren.

Oinarrizko irizpide nazionaletan ere ez dute bateratasunik. Adibidez, indar abertzaleek ez daukate irizpide jakin bat 240 udal horiek Seaskari edo nazio eraikuntzan eta nazioa josten diharduten beste eragile batzuei diru laguntza emateari buruz —batzuek ematen dute; askok ez—, eta, ematekotan, zenbat emateko. Gainera, talde abertzale bakoitzean ere ez daude irizpide bateratuak.

Ataungoa da 240 udal horietako bat, eta orain hango alkategaietakoa da Xabier Barandiaran (EAJ), Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren kabineteburua. «Hauteskundeak hauteskunde, herri estrategia bat lantzea ezinbestekoa dirudi datorrenaren aurrean», idatzi zuen azken Aberri Egunean. 1998koa da eredu bat, Lizarra-Garazirena: eliteen artekoa, ustekabean aurkeztua herriari. Behetik gorakoa da beste formula bat; langai dago, eta, herri estrategia osatuz joateko, eskatzen du norabide nazionalean doan neurri sorta bateratua gauzatuz joatea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.