Luxuzko oporrak Euskal Herrian

Euskal Herrian badira luxuzko planak eskaintzen dituzten enpresak, eta Euskal Herri osoan zehar horrelako egonaldiek diru asko uzten dute udan.

Luxuzko helikoptero bat Euskal Herrian zehar. BASQUE LUXURY.
Igor Baigorri Perez
2023ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun

Ametsetako oporrak Euskal Herrian. «Luxuzko turismoa» bor-bor dago udan, eta, hori aipatzean burua Dubai edo Eivissa aldera joan arren, Euskal Herrian ere gozatu daiteke «luxuzko» egonaldioz. Dirudunentzat eginiko egonaldiak dira, eta horien parte dira helikoptero bidaiak, jet pribatuak, luxuzko autoak, Euskal Herriko jatetxerik ospetsuenak eta hotelik garestienak, besteak beste.

Basque Luxury elkarteak luxuzko euskal oporrak eskaintzen ditu. Bertako kide den Joanes Mathiueten arabera, «etortzen zaizkigunak kalitatearengatik ordaintzeko prest daude, aurretik asko bidaiaturikoak, eta kultura miresten dutenak».

Halere, turisten artean oso gutxi dira luxuzko turistak, eta, gainera, Basque Luxuryk dioenez, Euskal Herriko luxuzko turismoaren erabiltzaileek luxu isila egiten dute: «Euskal Herria bera erakargarria eta lasaia da; ez da Dubai, Erroma edo Paris modukoa, eta hemengo turistek, orokorrean, ez dute luxua erakusteko erabiltzen, gozatzeko baizik».

Bilbon joera bera antzematen du Xabier Otxandianok, Bilboko garapen ekonomikoko zinegotziak. «Luxuzko turismoa egitera etortzen zaizkigunak aberatsak dira, premium zerbitzuak nahi dituztenak, baina ez dute horiek erakusteko beharrik; jende oso zuhurra izaten da».

Donostian lasaitasun hori ere nabaritu dute. Han, martxan da premium egitasmoa, zeinak lurraldeko 24 enpresa biltzen dituen bezero zorrotzenei arreta emateko. Isabel Agirrezabala Donostia Turismoko zuzendariak azaldu du ia ez dutela bezero horien informaziorik: «Premium zerbitzuen bezeroek ez dute turismo bulegoetara jotzen kontsultak eta kudeaketak egiteko, enpresa espezializatuetara baizik».

Bestalde, jatorriari begira, etortzen diren gehienak Ipar Europatik, AEBetatik eta Japoniatik datoz, baita Mexikotik, Frantziatik, eta Erresuma Batutik ere.

40 urtetik gorakoak

Adinari dagokionez, «lehen, adin nagusikoak etortzen ziren gehien, baina gaur egun, gazte gehiago ikusten dira, 30 urtetik gorakoak», adierazi du Mathiuetek. Fernandezek, berriz, adierazi du 45 urtetik gorakoak izaten direla. Eta Bilboko zinegotziaren hitzetan, gehienak 55 eta 70 urte bitartekoak dira.

«Bilbon luxuzko turismoa egin nahi dutenek bost izarreko hotelak nahi dituzte, artearekin loturiko ekintza esklusiboak, turismo gidari edo laguntzaile bereziak eta gastronomiarekin loturiko planak», esan du Otxandianok.

Badira Euskal Herrian luxuzko hotel asko. Bost izarreko hotelik ospetsuenetako batean gaua pasatzeak mila euro ere balio dezake, eta badaude hortik gorakoak ere. Esaterako, «luxuzko hotelen estereotiporik adierazgarriena» Miarritzeko Hotel du Palais da: gela normal batek ia 2.000 euro balio du gaueko, eta suite batek, 4.300 euro.

Baina, gastronomia da Euskal Herrian luxuzko turismoaren erabiltzaileen arreta pizten duen sektore nagusia. Turistek egonaldia baliatzen dute Michelin izarren bat duten jatetxeetara joateko edo ohiturazko pintxoak probatzeko. «Gastronomia bera bada aski turistak erakartzeko. Badago jendea hegazkin pribatuan iritsi eta bi edo hiru egun pasatzen dituena hemen soilik Euskal Herriko lau jatetxetan jateko», adierazi du Bilboko zinegotziak.

Eskaintzak badira. Basque Luxuryren webgunean, helikopteroaz baliaturiko ibilbideak eskaintzen dira. Bi pertsonarentzako hegaldia helikopteroan, jatetxe batean dastatzeko menua eta luxuzko auto batean itzulia. 1.000 euro Laia jatetxera (Hondarribia, Gipuzkoa) joan-etorria eta afaria, 2.200 euro Akelarrera (Donostia), eta 2.650 euro Etxebarri erretegira (Axpe, Bizkaia).

Basque Luxuryk Euskal Herriko luxuzko sektorea osatzen dutenak biltzeko helburua du. Orain dela hamar urte abiarazi zuten online plataforma, duela zortzi aldizkaria, eta pixkanaka-pixkanaka hasi dira beste zerbitzu batzuk ere sartzen, hala nola gidaria duten luxuzko auto zerbitzuak, jet pribatuak eta helikopteroak.

Euskal Herriko enpresak dira zerbitzu horiek guztiak kudeatzen dituztenak. «Autoen zerbitzua Euskal Herrian ibiltzeko edo gertuko bidaiak egiteko da. Jet pribatuen zerbitzua Euskal Herria Europako eta Ipar Afrikako beste puntuekin lotzeko erabiltzen dugu —distantzia maximoa 3.056 kilometro dira zuzenean egiteko—. Eta azkenik, helikoptero zerbitzua bisita turistikoak egiteko edo beste gertuko tokietara joateko», azaldu du Mathiuetek.

Bilbon ez dute helikoptero zerbitzurik, baina bai aldiz jet pribatuena. «Sondikako terminal zaharrean hegazkin pribatuek lur hartzeko zerbitzuak eskaintzen dira. Nahiko sarri deitzen digute horretarako, eta guk zuzenean aireportura bideratzen dugu eskaera», esan du Xabier Otxandianok.

Aurtengo balorazioa

Mathiuet, Otxandiano eta Agirrezabala itxaropentsu agertu dira aurtengo udaz. Adierazi dute oraindik ezin dela guztiz jakin luxuzko turismoaren datuak, baina, ohiko turismoaren gorakada ikusita, espero dute luxuzkoak ere gorakada eduki izana.

Mota honetako turistek gurean diru asko uzten dute. Joanes Mathiuetek esan du zaila dela kalkulatzen halako turistek zenbat diru gastatzen duten. «Erlatiboa da, eta hainbat faktoreren araberakoa: zein hotel hartzen duten, hegaldiak barne dauden, erosketak, bazkariak... baina, bueno, kopuru handia izaten da, bai».

Otxandianoren hitzetan, «turismoaren eta luxuzko turismoaren sektorean ondo egiten ari dira gauza asko, eta diru asko mugitzen duen sektorea da. Mota ezberdinetako luxuaz disfrutatu daiteke, eta oso interesgarria da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.