Bertako bizia (des)agerraraziz

Lurreko zortzi milioi espezieetatik bat desagertu egingo da hamarkada gutxi barru, NBEk argitaratu duen txostenaren arabera. Bertatik bertara naturarekin harremana duten langileak ere ohartu dira aldaketez, eta klima aldaketari eta paisaiaren eraldaketari egotzi diote errua, batik bat.

Donostia
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeak bioaniztasunari buruz argitara emandako datuek alarma guztiak piztu dituzte: 145 adituk egindako txostenaren arabera, milioi bat animalia eta landare espezie inguru gal daitezke hamarkada gutxiren buruan. Zortzi milioi espezie daude gaur egun mundu osoan, baina kopuru handiko lagin hori txikituz gero ere agerikoak dira aldaketak. Egunerokoan naturarekin lan egiten dutenak jabetuak daude arazoaz: Euskal Herrian zenbait espezie galdu edo gutxitu egin direla azaldu dute.

«Ohartu gara hegaztien migrazio ohiturak aldatu egin direla azken urteotan. Normalean, oso zehatzak izaten dira hegaztiak, baina ez dakigu klima aldaketaren ondorioz edo zergatik den, baina aldatzen ari dira». Edorta Unamuno ornitologo eta Urdaibaiko (Bizkaia) Bird Center zentroko teknikariaren hitzak dira. Unamunok azaldu du, esaterako, enarak eta sorbeltzak «normalean baino lehenago» ailegatu direla aurten erreserbara, baita miru beltzak ere: «Aurten, miru beltzak martxoan iritsi dira, eta normalean apirilean etorri ohi dira». Nabarmendu du zaila dela jakitea zeren ondorio diren aldaketa horiek, baina argi du ez dutela «gauza onik ekartzen».


Edorta Unamuno ornitologoa hegaztiak behatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU

Haatik, migrazio ohiturak ez dira zentroko behatzaileek antzeman duten aldaketa bakarra; urteak dira zenbait hegazti ikusi ere egiten ez dituztela: «Hegaztiei egiten dizkiegun jarraipenei esker ohartu gara pare bat espezie desagertu egin direla. Espezie bereziak dira, baina guretzat oso garrantzitsuak. Horietako bat da zingira berdantza». Unamunok azaldu du txori hori padura inguruetan bizi ohi dela, kostaldean, eta azkena 2004. urtean ikusi zutela Urdaibain: «Orduz geroztik, bilatzen saiatu gara, baina ez dugu aurkitu. Beste ornitologo batzuek esan digute populazioa izugarri ari dela jaisten penintsula osoan. Arazo handiak ditu habia egiteko, marea arteko guneetan egiten baitu, eta abeltzainek leku horiek okupatu dituzte».

Arrazoi ugari egon daitezke espezie bat galtzearen atzean, Unamunoren aburuz, eta adierazi du zaila dela kausa nagusia identifikatzea. Halere, gizakiari egotzi dio errua, neurri handi batean: «Batez ere, habitataren galerak eragiten die gehien hegaztiei. Hegaztiek habitat egoki bat behar dute, eta guk habitat hori deuseztatzen badugu, larri ibiliko gara». Zenbait espezie galdu ez, baina galtzeko arriskuan daudela ohartarazi du ornitologoak: «Usapal arrunta Bizkaitik ugaltzaile moduan desagertu egin da. Usapal turkiarra dugu orain haren ordez». Kasu horretan ere, gizakiaren esku hartzea jartzen du arazo horren atzean: «Lehen milaka pasatzen ziren, eta gaur egun ehizatzeko espezie bat da. Ehizak ere kalte egiten dio; onurarik ez, behintzat».


Klima aldaketara egokitu behar dira landareak. ANDONI CANELLADA / FOKU

Enrique Castien Nafarroako Gobernuko espezieen eta habitaten departamentuko buruak uste du paisaiaren aldaketak ere eragin zuzena duela. «Zenbait aldaketa naturalak dira, animaliak mugitu egiten baitira. Baina normalena da espezieak paisaiaren arabera aldatzea». Castienek azaldu du oso aldaketa «gogorrak» gertatu direla azken 50 urteotan, eta gizakiak lurraren ustiapenean egindako ohitura aldaketen ondorioz gertatu direla, batik bat: «Ardi eta ahuntz gutxiago daude; ez dute lehen bezala bazkatzen. Azienda horrek lurra mantendu eta ongarritu egiten zuen».

Nafarroaren kasuan, hegoaldean zereala ekoizteko modua aldatu izanak lurzoruan «izugarrizko aldaketa» eragin duela azpimarratu du Castienek: «Nekazaritza estentsiboa egiten da orain; lursailen kontzentrazioa, lurzorua birrintzea... Aldaketa horiek guztiek ekarri dute paisaia guztiz eraldatzea, eta hori, azken finean, faunan islatzen da: esaterako, orkatza eta basurdea basoko animaliak dira izatez, eta kopuruek nabarmen egin dute gora».


300 hegazti espezie ikus daitezke urtean Urdaibaiko erreserban. BIRD CENTER

Lurra lehen baino gutxiago lantzearen ondorioz, gero eta baso gehiago daudela azaldu du Castienek, baina baso horiek oso gazteak direla dio, eta, horregatik, oraindik ere zenbait espezie ez daudela kopuru handitan: «Basoa oso gaztea da, eta hori da orain arte egon den esplotazio handiaren ondorio zuzena. Hori dela eta, ez dago zuhaitz zaharrik, eta zuhaitz zaharretara jotzen duten animaliak ez dira ohikoak: saguzarrak, okilak, zenbait intsektu...». Basoez gain, estepetako eta zereala ekoizten den guneetako fauna galtzen ari dela dio, hala nola basoiloak eta gangak: «Galtzen ari dira ez direlako bateragarriak egun dugun ingurumen ustiapen sistemarekin».

Monitorizazio falta

Antxon Gomez Gipuzkoako Basozainen Elkarteko kidea ere ohartu da basoan gertatu diren aldaketez: «Lehen ikustea arraroak ziren zenbait espezie ikus daitezke gaur egun, eta beste batzuk, aldiz, desagertzen ari dira, atzeraka doaz». Okil beltzaren adibidea jarri du Gomezek. Azaldu du orain dela zenbait urte oso okil beltz gutxi ikusten zirela, baina egun hedatzen ari den espeziea dela: «Lehen, Nafarroako eta Arabako mugan baino ez zen ikusten. Eta orain zabaltzen ari da, neurri batean, pinuen gaitzaren ondorioz janari asko duelako». Okil beltzaz gain, arrano txikia eta miru gorria dezente hedatu direla azaldu du basozainak.


Txolarrea desagertu egin da Ingalaterran. / BIRD CENTER


Zingira berdantza desagertua da Euskal Herrian. / BIRD CENTER

Hogei urte baino gehiago dira Gomez basozain lanean hasi zela, eta, dioenez, hasiera hartatik gaur egunera arte ikusi ditu zenbait espezie galtzen: «Lanean hasi nintzenean, mirotz nabarra motako azken bikotea gelditzen zen Pagoetan [Gipuzkoa], eta desagertu egin zen. Mirotz urdina arruntagoa da, eta, gaur egun guztiz desagertu ez den arren, askoz ere gutxiago ikusten dira».

Gomezek ere, Unamunok eta Castienek bezala, adierazi du ez dakiela benetan zergatik izan diren aldaketa horiek ingurumenean, baina aurrekoek aipatu ez duten arrazoi bat jarri du tarteko: animalien monitorizazio falta. «Ez dakigu egungo egoera zein den, ezta orain 30 urtekoa ere. Ezin dugu esan aurrera edo atzera goazen». Basozainak datuen eta baliabideen falta salatu du, eta «interesik eza» jarri du horien oinarritzat: «Asko hitz egiten da bioaniztasunaren galeraz, baina bioaniztasuna zaintzeko eta aurrera egiteko lehen lerroan gaude basozainak».


Migrazio ohiturak aldatu ditu miru beltzak. / BIRD CENTER


2009tik 2011ra erdira jaitsi zen enara kopurua. / BIRD CENTER

Bestalde, NBEren txostenaren arabera, urpeko animaliak eta espezieak dira kaltetuenak. Bertatik bertara bizi du hori Unai Artaloitia urpekariak. 32 urte daramatza urpekaritzaren munduan murgildurik, eta gertutik bizi izan du ekonomiak eta turismoak itsasoan izan duen eragina: «Munduan zehar urte askoan ibili gara urperatzen, eta alde handia dago. Orain dela 25 urte izan ginen lekuetara bueltatu gara, eta eskuak burura eraman ditugu iritsi orduko. Turismoak izugarrizko kalteak eragin ditu». Karibean, Itsaso Gorrian eta beste hainbat txokotan ibilia da Artaloitia, eta nabaritu du espezieak asko gutxitu direla: «Espezieak galdu egin dira. Koralak eta landareak ere suntsituta daude».


Unai Artaloitia urpekaria, urpeko ontzi batean. VILLALBA

Urrutira joan gabe, Bizkaiko uretan ere sarri ibiltzen da Artaloitia, eta horietan ere nabaritu du espezieen jaitsiera: «Itsaskiak, esaterako, ez dakit zergatik, baina orain ez da lehengo erdia ere ikusten. Nekorak, txangurruak eta halakoak... ia ez daude!». Itsaskiak ez, baina beste elementu batekin egiten du topo urpekariak uretan: plastikoarekin. «Kutsadura handia ikusten da, izugarria. Uste dut horrek asko desorekatu duela dena». Bi kutsadura mota bereizi ditu Artaloitiak: «Plastiko asko ikusten da urpean, baina badago ere ikusten ez den kutsadura, kimikoa dena: xaboiak, lixibak... Horiek uretan disolbatzen dira, eta uraren azidotasuna aldatzen dute. Hortik dator gure hondamendia». Etorkizun iluna ikusten dio Artaloitiak itsasoari: «Honek horrela jarraitzen badu, akabo gurea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.