Ipuinezko zilbor heste bat

Haurrei ipuinak kontatzeak balio du ondo pasatzeko, helduen eta haurren arteko harremanak estutzeko, haurrak bere barne mundua garatzeko, irudimena askatzeko, ahozkotasuna lantzeko, eguneroko zurrunbiloan eten bat egiteko... Ekintza sinplea da, baina zaindu beharrekoa.

BERRIA.
jakes goikoetxea
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Kontalari bat, ipuin bat eta entzule bat. Guraso bat, ipuin bat eta haur bat. Sinplea dirudi. Helduek, eguneroko bizimoduaren presazko zurrunbiloak, ahozkotasunaren gainbeherak eta gailu adimendunen gorakadak, ordea, konplikatu egin dute berez sinplea dena. Kontatu beharreko ipuina aukeratzea baino zailagoa, ipuina ondo kontatzea baino zailagoa bihurtu da ipuin kontaketak eskatzen eta behar dituen baldintza egokiak sortzea. Gurasoaren eta haurraren arteko konexioa ahalbidetuko duen giroa, intimitatea eta baita gurasoen jarrera egokia ere.

Espazioa, denbora eta presentzia. Hiru elementu horien premia nabarmendu du Pello Añorga ipuin kontalariak. 35 urteko eskarmentua du ipuinak kontatzen, 25ekoa gurasoei eta irakasleei prestakuntza eskaintzen.

Espazioa. «Espazio intimoa»: «Azeleratuta gaudenez, espazio bat sortu behar dugu intimitatean, zu eta ni, gurasoa eta haurra, elkarrekin egoteko. Gaur egun gero eta zailagoa da, espazio hori erabat apurtuta dagoelako». Kultura digitalak espazio hori gehiegi bete duela eta ia desagerrarazi duela uste du. Isiltasun espazio bat, lasaia, hitzezko edo irudizko zaratarik gabea.

Denbora. Denbora hartzea. «Doako denbora» ere deitzen dio Añorgak. Maite Franko ipuin kontalariak Lewis Carroll idazlea ekarri du gogora: «Carrollek zioen denbora eskaintza hori maitasunezko opari bat dela». Hamabost urte daramatza ipuinak kontatzen, eta ia beste hainbeste ipuin kontaketari buruzko tailerrak eskaintzen.

Oparia zioen Carrollek, eta termino bera erabili du Juan Carlos Alonso psikologo eta haur literaturan adituak. «Haurrarekin topatzea da, haurrari denbora eskaintzea. Haurrak ikusten du guraso edo irakasle horrek denbora eskaintzen diola, musu truk, opari bat izango balitz bezala».

Presentzia. Egotea. Ez edonola, ordea, ohartarazi du Añorgak: «Beste kezkarik gabe. Isilik. Lasai. Bost zentzumenak erne». Frankok Gianni Rodari idazlearen aipu batekin lagundu du presentziaren garrantzia: «Rodarik esaten zuen umeak badakiela ipuinak aurrera egiten duen bitartean gurasoa hor egongo dela. Sekulako bermea eta segurtasuna ematen dio. 'Orain zurea naiz eta inork ez nau mugiaraziko'. Hori asko baloratzen dute». Ume bat beste ipuin baten eske, aurrekoa bukatu eta gero. «Agian ipuin bat gehiago eskatzen dutenean», gehitu du Frankok, «benetan ez dute ipuin bat gehiago nahi, gurasoa hor egotea nahi dute».

Ipuin kontaketarako prest jartzeko zailtasuna ez dagokio, batez ere, haurrari; gurasoari edo helduari baizik. Gainerako pentsamenduak baztertzea komeni baita, ipuin kontaketan zentratzeko. «Deskonektatu behar dute, elkarrekin gehiago konektatzeko, hitzaren bidez», uste du Añorgak. Konexioa edo bidaia. «Helduak ere partekatu beharreko bidaia da, bihotzarekin eta buruarekin», Alonsoren esanetan.

«Helduak esnatzeko»

Bi egoera: umeak ipuina kontatzeko eskatu die gurasoei, eta gurasoak eztabaidan hasi dira, nori tokatzen zaion argitzeko; gurasoa haurrari ipuina kontatzen, begi bat ipuin liburuan, bestea haurrarengan, ea lokartu den ikusteko. «Zergatik kontatu ipuinak?», galdetu die Alonsok helduei. «Haurrak lokartzeko eta helduak esnatzeko», erantzun du.

Dena azkar doa, umeak ohituta daude estimulu pila bat jasotzera eta, halako batean, ipuina. «Ipuinak beste tempo bat du», Frankoren esanetan. Haur literaturak eta irakurketak «hutsarte moduko bat» izan beharko luketela uste du Alonsok. Soseguarekin eta isiltasunarekin topatzea.

Kontaketan zaindu behar dira ahotsa, erritmoa, begirada, keinuak... Garrantzitsuak dira. «Baina ipuina etxean kontatzen dugunean, komunikazioaren %90 gainerako guztia da: espazio goxo bat sortzea, presentzia edukitzea eta bihotzetik aritzea», nabarmendu du Añorgak. «Hori baldin badago, erraz kontatuko duzu, ez duzu askoz ere gehiago beharko». Ipuin kontalariaren esanetan, espazio eta momentu horien bidez, helduak haurrari helarazten dio aintzat hartzen duela, den bezala onartzen duela eta maite duela.

Ez da erraza halako uneak sortzea. Oheratzeko garaia izan daiteke egokienetakoa. Argitik iluntasunerako trantsizio momentua da. «Ume batzuei oso gogorra egiten zaie», gogoratu du Frankok, «eta zubi goxoa da ipuina».

Haur literatura onaren indarra eta «ahalmen psikoafektiboa» aldarrikatu ditu Alonsok. Irakurtzeak gero eta garrantzi handiagoa duela teknologia berrien aroan. Ipuina, haur literatura, barne bidaia egiteko tresna gisa, esaterako. «Haurrak introspekziorako beharra du, eta zerbait kontatzen eta irakurtzen diogunean, buruarekin eta bihotzarekin bidaia bat egiten du. Horretarako norberaren barrura sartu behar da, fantasiaren, irudimenaren eta emozioen bidez. Norbere buruarekin eta sentimenduekin topatzea da».

Introspekzio horren bidez haurrak bere buruaren «auto aitorpen psikologikoa» egiten du: nola sentitzen den eta zer beldur, kezka, itxaropen, behar, amets... dituen. «Haurrak horrekin topo egin behar du». Horretarako, beharrezkoa da isiltasuna eta gaur egungo gainestimulaziotik ihes egitea, «momentu goxoa eta plazer hutsekoa lortzea». Horregatik, uste du haur literaturak emozionatu egin behar duela, sentimenduetan eragin, gozarazi.

Zentsurarik ez

Horrek ez du esan nahi ipuinetan sentimendu ezkorrak izan daitezkeenak baztertu behar direnik: beldurrak, heriotza, bakardadea, oldarkortasuna... Horretan ere umeak gainbabestearen kontra dago Alonso. Gurasoek haur literaturan zenbait gai eta liburu zentsuratzearen aurka: «Haur literaturak umeari aukera ematen baitio errealitatean ulertzen ez dituen gauzak, egoerak, gatazkak eta sentimenduak tratatzeko eta hitz egiteko, fantasiaren eta irudimenaren bidez. Ez da gai horiei buruz hitz egiteko, baina haur literaturaren bidez askotan zer gertatzen zaion ulertzen du».

Ipuin klasikoak bai, ipuin klasikoak ez. Puri-purian dago eztabaida. Franko, Añorga eta Alonso ipuin klasikoen aldekoak dira, beren sexismo, estereotipo... eta guzti. Ikuspegi psikologikotik aztertuta, Alonsok nabarmendu du hainbat saiakerak erakutsi dutela ipuin klasikoak sekulako altxorra direla. Psikodrama gisa definitu ditu, pertsonaia oso on eta oso gaiztoekin, eta gatazka existentzial oso indartsuekin. «Baina prozesu metaforiko sinbologikoaren bidez, haurrak sentitu egiten du, eragiten dio. Ipuin klasikoek ez dute sortzen haurraren barruan lehenago ez zegoen beldurrik; ipuinen bidez, ordea, haurraren barruan zeuden beldurrak eta gatazkak azaldu egiten dira».

Haur txikienen kasuan haien mundua hezurmamitzen dutela nabarmendu du Añorgak. «Ipuin horietan emozio guztiak daude martxan. Eta, bukaeran, beti, sosegua. Beti konpontzen dira. Ipuinak babesleku ere badirelako».

Ipuin klasikoen alde egoteak ez du esan nahi, hiruren kasuan, ipuin klasikoak beste modu batean ere erabiltzearen kontra daudenik. Alonsok, esaterako, uste du 7-9 urtetik aurrera zalantzan jar daitezkeela, garaian kokatu, kritikatu eta arrazionalizatu. «Deuseztatu eta zentsuratu, ez». Frankorentzat, «aitzakia ona» dira umeek ikusteko garai bateko gizarteak nolakoak ziren eta jabetzeko gaur egungoak ezberdinak direla: «Sexistak iruditzen zaizkigun ipuinak irakur ditzakegu, kontrakoa aldarrikatzeko».

Ipuin batzuk balio jakin batzuk lantzeko sortzen dira, ipuin forma ematen zaie balio baten inguruko edukiei eta irakaspenei. «Sasiliteratura» deitzen dio Alonsok joera horri. «Hori ez da literatura, literatura beste fase bat da. Literatura onak hori berez lortzen du. Ezin dugu ikusi haur literatura politikoki zuzen gisa, hezitzailea, pedagogikoa, didaktikoa...». Eta ez du uste liburu horiek bultzatzaileek espero duten helburua lortzen dutenik: «Haur literatura onak eragin nahi badu, zirrara eragin behar du, bihotzera joan. Gero ikusiko dugu bihotzetik bururako bidea egingo duen. Inoiz ez da alderantziz. Heziketa emozionala egiteko literaturak hunkitu behar du, haurraren barrena mugitu».

Bat dator Añorga. «Dena bihurtzen da objektu, baita ipuinak ere; baina ipuinak, objektu baino gehiago subjektu dira. Ipuinak, emozionatzen bazaitu, berez da ederra, eta horrek sekulako balioa dauka. Gero, beste gai batzuk ukitzen baditu, oso ondo».

Guraso gehienentzat liburu bat izan daiteke ipuin kontaketa egiteko modurik erosoena eta seguruena. Hala ere, libururik gabeko kontaketak ez baztertzeko eskatu dute Frankok, Alonsok eta Añorgak. Ipuinak asma daitezke. Edota ipuina kontatu beharrean, helduaren garai bateko bizipen, istorio, ohitura edo pasadizo bat kontatu. «Horrek», Frankoren esanetan, «haurrak bere sustraien berri jasotzeak, sekulako oinarri emozionala sortzen dio, eta enpatia ariketa bat da, ikusten baitu gurasoak ere ume izan zirela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.