Euskararen espedizioa, hastear

Euskarabentura espedizioa Maulen hasiko da aurten ere, uztailaren 1ean. 121 gaztek hartuko dute parte, eta, guztira, 783 kilometro egingo dituzte. Helburua da, euskara sustatzeaz gain, euskal kultura eta historia ezagutzea, eta sare bat osatzea.

Euskararen espedizioa, hastear.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun

Urte osoan lanean aritu ostean, Euskarabentura espedizioaren bigarren edizioari ekiteko dena prest dute antolatzaileek. Maulen hasi eta Getxon (Bizkaia) amaituko da gazte andana batuko duen euskararen abentura, uztailaren 1etik 31ra bitartera arte. Euskal Herriko zein euskal diasporako zenbait jzioquitar —gazte parte hartzaileak— herriz herri ibiliko dira hilabetez, xerpak —hezitzaileak— lagun dituztela. Helburua, hauxe: euskara zabaltzeaz gainera, euskal kultura eta historia ezagutzea; baita gazteen arteko sare bat osatzea ere.

Horretarako, Euskarabentura espedizioko lantaldeko kideek prest dute guztia abenturari ekiteko. Joan den asteburuan elkartu ziren xerpak Barriko aterpetxean (Araba), azken ukituak emateko asmoz. Irati Labaien da Euskarabenturaren antolatzaileetako bat, eta esan du prestakuntzarako asteburua izan dela: «Elkar ezagutzeaz gain, euskara sustatzeko protokoloak begiratu ditugu, ardatz orokorrak zehaztu; izan ere, garrantzitsua da denok norabide berean joatea». Gaineratu duenez, «sentsibilitate handiko» taldea izango da aurtengoa, eta antolatzaileak oso gustura daude alde horretatik. Jon Zarate, berriz, xerpa burua izango da. Bigarrengoz hartuko du parte espedizioan. Zaratek azaldu duenez, azken ukituak emanak dizkiote proiektuari; besteak beste, lo lekuak eta bisita zenbait zehaztuta dauzkate.


Aurten bezala, 783 kilometroko bidea egin zuten parte hartzaileek, Maulen hasita. EUSKARABENTURA

Antolakuntza erari dagokionez, batez ere boluntarioak dira guztia aurrera ateratzea posible egiten dutenak. Gainera, Labaienek gaineratu du iazko aldean aurten lehenago jakin dutela «alde ekonomikotik» espedizioak aurrera egingo zuela. Hala, nabarmendu du aurten liberatu eta erdi aritu direla bulegoan lanean. Horrez gain, izan dute iaz parte hartu zuten zenbait gazteren laguntza ere. «Sustapena egiteko orduan, iazko gazteek lagundu digute: norbere ikastetxean aritu da aurkezpenak egiten», azaldu du antolatzaileak. Horri esker, leku gehiagotara iristea lortu dute.

Guztira, 121 gazte joango dira espedizioari —iaz 110 izan ziren parte hartzaileak—, eta hilabetez ibiliko dira oinez, 31 etapatan banatutako ibilaldi batean; hain zuzen ere, 783 kilometro egingo dituzte orotara. «Iaz, azken momentura arte ez genekien zenbat gazterentzat bermatu ahalko genukeen espedizioa; aurten, abantaila izan da aurrez jendeak proiektua ezagutzea», esan du Labaienek. Hori dela eta, hark jakinarazi du aurten parte hartzeko nahia zuten gazteen kopurua igo dela. Proiektuaren parte izateko, hasieran, gazteetako bakoitzak lan bat bidali behar du, eta, gero, horiek baloratu eta gazteak aukeratzen dira. Edizio honetan 267 lan jaso dituzte orotara.



Gazteen aukeraketa

Espedizioan parte hartzeko nahia zuten gazteek aurten aukera izan dute aurkeztu beharreko lana hiru gairen inguruan egiteko: migrazioen testigantzak, Euskal Herria eta bere aztarna ekologikoa, eta errimak eta erritmoak. Eusko Ikaskuntzak egiten du horien gaineko balorazioa, eta, gero, Euskarabenturaren antolatzaileek jasotzen dituzte, aukeraketa egin ahal izateko. «Iaz baino gazte gehiagok eman dute izena; ezin izan dira denak sartu, baina pozgarria da: bada interesa duen zenbait jende», azaldu du Labaienek.

Gazteak aukeratzeko, besteak beste lurraldetasuna hartzen dute kontuan; esaterako, antolatzaileak esan du Ipar Euskal Herriaren kasuan «diskriminazio positiboa» egin ohi dutela, lurraldeen artean oreka egon dadin. Horrez gain, euskal diasporako parte hartzaileren bat edo beste ere egongo da; esaterako, Suediako gazte bat. «Zazpi probintzietatik aparte, nahi dugu mugetara ez murriztea eta euskararen lurraldeak hartzea», nabarmendu du Labaienek. Julen Ziarrusta gasteiztarra da parte hartzaileetako bat. Hark azaldu du lehenengo aldiz etxean izan zuela proiektuaren berri, eta gero institutuan: «Eskolara etorri ziren Euskarabenturaren berri ematera, eta, orduan, lagun batzuekin batera erabaki nuen izen ematea». Gaiaren aurkezpen gisa, Euskal Herriko txoko kutunen gaineko ipuin bat idatzi zuela nabarmendu du jzioquitarrak.

Parte hartuko duten gazteak 16 eta 17 urte bitartekoak dira. «Soziolinguistikako ikerketek diote sasoi horretan euskara gutxi entzuten dela», esan du Zaratek. Eta gaineratu du hori gainditzeko euskara aisialdian bermatzea «beharrezkoa» dela, gazteek gozamenarekin ere lot dezaten. Hark esandakoarekin bat egin du Labaienek ere. Antolatzaileak azaldu duenez, helburuetako bat euskararen sustapena izatez gain, Euskal Herriko historia ezagutzera ematea eta gazteen arteko euskarazko sare bat sortzea ere garrantzitsua da. «Uste dugu espedizioa garrantzitsua dela hori transmititu ahal izateko».

Parte hartzaileen ikuspegia ere bide beretik doa. Ziarrustak azaldu du baduela «euskara berreskuratzeko» gogoa, jende berria ezagutzekoaz gainera: «Galdu egin dut ingurukoekin euskaraz hitz egiteko nuen gaitasuna; hori berreskuratu nahiko nuke espedizioan». Izan ere, gaineratu du bere inguruan euskara galtzen ari den sentsazioa duela; ondorioz, beharrezkotzat jotzen du «txipa aldatzea».

Espedizioaren beste helburuetako bat gazteek konpromisoak hartzea ere badela azaldu dute antolatzaileek. Labaienek argitu du: «18 urte betetzear dauden gazteak dira, eta sentitu behar dute konpromisoaren ardura». Horretarako, hierarkiarik gabeko harremana dute helburu, «berdinetik berdinerako» harremana. Horregatik, garrantzitsua da parte hartzaile bakoitzak duen izena ere. Zaratek jakinarazi duenez, elkarteko kideek pentsatu zuten «hezitzaile» kontzeptuak distantzia bat sortzen zuela, eta, ondorioz, beharrezkoa zela bestelako eredu bat.

Harreman horizontalak oinarri zituen ereduari eusteko, xerpa kontzeptua erabiltzea erabaki zuten. Zarateren arabera, «gu ez gara aurkezten begirale bezala; oinarri dugu berdinen arteko harremana, eta ardurak guztion artean banatzen dira». Jzioquitarrak kontzeptuak, berriz, Donemiliaga Kukulan (Errioxa, Espainia) agertutako euskarazko hitz batzuetan du jatorria. Jzioqui dugu idatzita dago bertan, eta elkarteak haren itzulpena hartu zuen «marka» gisa: Piztu dugu!.


Parte hartzaileak Martin Ugalde parkean izan ziren, BERRIA bisitatzen. JON URBE / FOKU

Ibilbidean, aldaketa gutxi

Bigarren edizio honetan ere Mauletik Getxorainoko bidea egingo dute gazteek. «Aldaketa txiki batzuk egin ditugu ibilbidean, leku batzuetatik igarotzeko, baina ez dira horren esanguratsuak», esan du Labaienek. Xerpa buruak, berriz, gaineratu du egindako aldaketak iazko esperientzia oinarri hartuta egin dituztela, «leku batzuk oinez ibiltzeko desegokiak izan zitezkeelako». Eguneroko egitarauan ere egongo da aldaketaren bat edo beste.

Antolatzaileak jakinarazi duenez, berrikuntza gisa arratsaldeetan egongo diren ekintzak eta dinamikak azpimarratuko lituzke. Hala, nabarmendu du egitarauan hiru oinarri ezartzen saiatu direla: «Gazteek hasierako lana bidaltzerakoan landutako hiru ardatzak dira oinarri; horretan aritu ohi diren zenbait pertsona gonbidatu ditugu». Lurralde batetik bestera aldatzen diren bakoitzean, beraz, ekarpen soziolingusitiko bat egingo duten adituak izango dituzte bidelagun.

«Garrantzitsua iruditzen zait gazteak euskara erabiltzera animatzea halako ekinaldien bitartez», azaldu du Ziarrustak. Eta, hala, nabarmendu du espero duela horren ostean euskara «egunerokoan» gehiago erabiltzeko aukera izatea. Zaratek ere gogoan izan du halakoek izan dezaketen garrantzia. Azaldu duenez, espedizioa «bizi beharreko» esperientzia izateaz gain, «sekulako aukera» da lantalde osoarentzat zein gazteentzat. Eta gaineratu du «ilusioa» eta «motibazioa» daudela arrakastaren erdian.

Berrikuntza gisa, aurten aplikazio bat izango du espedizioak: EuskarAbentura. Helburua da jarraipena egitea. Zaratek honela azaldu du: «Familiek, lagunek eta jakin-mina dutenek aukera izango dute espedizioaren berri zuzenean edukitzeko; komunikazio lantaldeak sekulako lana egin du». Hala, antolatzaileek espero dute guztia aurreikusi bezala joatea. «Ardura bakarra dugu: segurtasun aldetik dena ondo joatea», azaldu du Labaienek. Hala ere, gaineratu du arazoei aurre egiteko protokoloak «oso zehaztuta» dauzkatela eta, beraz, lasaiago daudela. Dena dela, nabarmendu duenez, «beharrezkoa da 1.000 begirekin» egotea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.