Artzaintzari 'Be!gira'

'Be!' artzain kulturarekin lotutako asteburua egiten ari dira Berastegin. Herritarrei artzaintzaren hainbat arlo ezagutaraztea da helburua

Bi artzain, artalde bat eramaten, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
ane insausti barandiaran
2023ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
«Bee» esanez egiten du ardiak marraka, Be-rekin hasten da Berastegi(Gipuzkoa) herriaren izena, eta ardiek elikatzeko belarra bezainbeste behar ditu bi hizki horiek belarrak, belar hitza osatzeko. Izen horixe jarri diote, hain justu ere, egunotan Berastegin egiten ari diren artzain kulturari buruzko asteburuari: Be! Atzo hasi ziren, eta bihar arte izango dira antolatutako hitzaldiak eta ekintzak.

Garrantzi handia dauka artzaintzak Berastegin, herritar ugarik egin izan baitute artzaintzan aritzeko hautua. Ardiak zainduz lortutako ekoizpen eta produktuak ezagutzeko parada izango dute gaur eta bihar Berastegira joandakoek. Egitasmoaren asmoa da artzainen lanbidea herritarrengana gerturatzea eta egiten duten lanari balioa ematea.

Hausnarketarako jardunaldi bat antolatu zuten atzo, udaletxean, eta horrekin eman zioten hasiera egitarauari. Hainbat gai izan zituzten hizpide: besteak beste, artzaintzari buruzko gogoetez, malgutasunez gazta egitearen erronkez eta gastronomian arkumea gutizia gisa aurkezteaz aritu ziren. Arkumeak etxeraino eramateko esperientzia pilotu bat ere ezagutu zuten, Larsabi kooperatibaren eskutik.

Gaur, berriz, herriko bordetara bisitak eginez hasiko dute eguna: astoek lagunduta egingo dute bidea, eta, bien bitartean, Astotekeko Aritz Aierbek azalpenak emango ditu astoen bizimoduari eta garrantziari buruz. Behin bordara helduta, artzainen azalpenak eta gazta dastaketa egingo dituzte. Bi txanda antolatu dituzte bisitetarako: 10:00etan eta 15:00etan.

Haurrengan ere jarri nahi izan dute arreta ekintzak antolatzeko orduan. Hortaz, gaztaren inguruko ikastaro bat antolatu dute haientzat, etiketa baten diseinua eta dastaketa egiteko. Oier Ugartemendia eta Iraitz Garaiburu herriko artzain gazteak izango dituzte gidari.

Ekintza horiez gain, ordea, azoka jarriko dute, artzaintzari lotutako produktuak eskuratu ahal izateko. Bertan, gastronomia postuak jarriko dituzte: arkume gisatua, txuletak, Berastegiko ardi gaztaz eginiko mamia eta Berastegiko gazta tarta dastatzeko aukera izango da. Maduixa Gorria artisauaren eskutik, artile garbia kardatu eta haria egiteko prozesuaren tailerra ere egingo dute, eta zuzeneko musika ere izango da.

Bihar, ibilbidea

Asteburua biribiltzeko, bihar, Gazpio artegira bisitak egingo dituzte. Herriko belazeak museo bilakatuko dira, eta hainbat jarduera egingo dituzte ibilbidean: ardi latxaren azpiarrazen erakusketa, astoekin itzulia haurrentzat, euskal artzain txakurren erakusketa, ardiak jezteko gunea... Eguna amaitzeko, Andoni Ollokiegirekin kantaldia egingo dute.

'Be!' artzain kultura asteburua

Gaur eta bihar, Berastegin (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.