Udaberriko aurtengo argitalpenen argazkia iaz garai berean egindakoarekin alderatuz gero, bada, akaso, aipamena merezi duen lehen alderdia: poesiako lan berrien kopurua berdinetan mantendu da —bederatzi liburu denera—, baina narratibako argitalpenek koska bat egin dute behera —iaz hamasei ziren, hamabi dira aurten—, eta gertuago gelditu dira, hala, kopuruari begira betiere, literatur lanen bi multzo handiak. Dena den, itzulpena aparte utzitako datuak dira horiek: azken bolada luzean gihartsu ageri da alor hori, eta halaxe segitzen duen adierazle da aurtengo uzta, bai poesian eta narratiban, bai pentsamenduan.
Poesiatik hasita, Amaren heriotzak libreago egin ninduen (2013) eta Andrezaharraren manifestua-ren (2019) ostean, Mari Luz Esteban idazle eta antropologoak hirugarren poema liburua dakar udaberrian: Haragizko erreformak. Pamielak argitaratuko du, baita ibilbide luzeko beste bi egileren poema bilduma berriak ere: Luigi Anselmiren Larrazkeneko argi-ilunetan eta Eric Ditxarriren Deus.
Egile berriak hiru izango dira olerkien adarrean: Libe Goitia Artetxe, Oskar Gaztelu eta Julen Apella. Hurrenez hurren, Fast fatum (Susa), Baserria (h)uz(s)ten (Erein, Ernestina de Champourcin saria) eta Postal bat desertuan (Balea Zuria, Donostia Kultura poesia saria) liburuak plazaratuko dituzte. Poesiaren atala osatuko dute, orobat, Martin Etxeberriaren Kangaroo-k (Elkar), Aritz Mutiozabalen Zetakak-ek (Maiatz) eta otsailean aurkeztutako Castillo Suarezen Alaska-k (Elkar).
Narratibarekin segituta, eta eleberrietan geldituz aurrena, bost izango dira, denera, udaberriko nobelak, nahiz eta horietako bat berrargitalpena den: Jose Antonio Loidik 1955ean Itxaropenarekin emandako Hamabost egun Urgainen nobela beltzarena, zeina Ereinek plazaratuko duen orain, Jon Alonsoren hitzaurrearekin. Iñaki Irasizabalen Otsoa etorriko da (Elkar) eta Eneko Bidegainen Bichta éder (Elkar) kalean dira jada, eta datozen asteetan aurkeztuko dituzte beste bi idazleren bigarren eleberriak: Oihane Amantegiren Cayo Hueso (Elkar), Florida eta Kuba arteko cayo batean kokatutako maitasun istorio bat, itsas kapitain zahar baten ahotik kontatua; eta Nerea Baldaren Azpimarrak (Erein), ama izan nahi duen protagonistaren eta ezusteko liburu batek eragingo dion desorekaren inguruko kontakizuna.
Ipuin liburuak, bestalde, zazpi izango dira urtearen lehen erdian; zazpiak, egileen lehen edo bigarren narrazio bildumak. Olatz Mitxelenaren opera prima da Igartza bekarekin ondu duen Arrain hezur bat eztarrian (Elkar); Esti Martinezek, estreinako lana poesian eman ondotik, leku intimoetan esan ezinda geratzen direnen inguruko istorioak bildu ditu Animalia domestikoak-en (Elkar); Iratxe Ormatzak XX. mendeko hamarkada bakoitzari kontakizun bat idatzi dio; eta Miriam Lukik egunerokoan ezustean gertatzen diren pitzadurak eta horiek sorturiko argiuneak bildu ditu Argialdiak (Susa) lehen liburuan.
Askotariko pitzadurez dihardute, hain justu, Garazi Arrula Ruizen istorio berriek, Lurraz beste (Txalaparta) izenburupean bildu dituenak; eta heltzear dira Aintzane Usandizagaren eta Xan Idiarten narrazio berrienak ere.
Izen handiak, testu berriak
Sortzez euskaraz idatzitako testuez harago, atzerritik helduko diren lanen uzta ere oparo dator. Edgar Lee Mastersen, Bertolt Brechten eta Mario Beneditteren poemak dira bidean, esate batera, Alain Lopez de Lacalleren, Irati Majueloren eta Inma Errearen itzulpenean, hurrenez hurren.
Beren-beregi itzulpenaz arduratzen den Igela argitaletxeak bi lan prestatu ditu udaberrirako. Gaito Gazdanoven Alexander Wolfen mamua da lehena; harekin helduko da estreinakoz egile errusiarra euskarara, Josu Zabaletaren eskutik eta Iñigo Aranbarriren hitzostearekin jantzita. Bigarrena, berriz, Idoia Santamaria Urkaregik ekarri du alemanetik: Karl Marxen Luis Bonaparteren Brumairearen hemezortzia. XX. mendeko langile iraultzen gaineko zeharkaldi bat egiten du bertan orduan kazetari gazte zen Marxek, eta haren obran lehen urratsak egiteko liburutzat jo dute argitaletxetik. Sail berri bat abiatuko dute harekin, gainera, literaturaren bueltako baina pentsamendutik hurbil egon daitezkeen testuak plazaratu asmo dituena.
Zerrenda osoko beste klasiko eztabaidaezin bat Katakraken eskutik iritsiko da, edizio berrituan: Hannah Arendten Eichmann Jerusalemen. Gizakiaren hutsaltasunaren gaineko txosten bat. Adolf Eichmann buruzagi naziaren kontrako epaiketaren ingurukoak, eta, batik bat, ardura eta erantzukizun politikoari buruzko planteamendu berriak mahaigaineratu zituen pentsalari alemanak bere lanik sonatuena den horretan, eta Koro Navarrok 2008an egindako itzulpena berregin du. Oso bestelako bi proposamen ere batu ditu bere katalogora Katakrakek: Epikuro filosofoaren testu bat eta Rote Zora kolektibo feministaren manifestuen eta elkarrizketen bilduma bat. Alferrikakotzat hartzen diren jakintzen aldeko Nuccio Ordineren pentsamendu lana, Emilienne Malfattoren eleberri laburra (Gouncourt saria izan zen) eta Antonio Turielen saiakera ekosoziala ere azpimarragarriak dira itzulpen lan berrien artean.
Saiakeren apalean ageri dira, azkenik, udaberri honetan bueltan etorriko diren egileak zein lehen aldiz helduko direnak. Juan Kruz Igerabidek Ura saltoka (Alberdania) aurkeztuko du, esaterako, haurtzaroko eta gaur egungo paisaiak letretan jarrita; Jon Urzelai Urbietak musika jaialdiek Euskal Herrian izan duten egitekoa aztertu du Su festak-en (Susa), mende erdian eremu globalean zein lokalean gertatu direnak josita; eta 1990. urtean Irunberriko arroilan (Nafarroan) bi ETAkideren heriotzarekin amaitutako gertakariak berreskuratu ditu Pako Aristik bere lan berrian. Bollera kondizioaren inguruko pentsamendura batu dira, denboran bat eginda, bi argitalpen ere: Amaia Alvarez Uriaren eta June Fernandezen eskutik bata, eta Eva Perez-Ponsen sinadurapean bigarrena.
Antzerkian, ale bakarra aurten: Gotzon Barandiaranen Hildako haurra (Ganbila bilduma, Susa). Bestelako argitalpenen artean, berriz, Irati filmaren oinarrian dagoen istorioaren bolumen osoa atondu du Ereinek (Juan Luis Landa eta Joxean Muñoz).