Azken asteetan goiburuetara itzuli da Lorenzo Juarros Loren (Mambrillas de Lara, Espainia, 1966), Realeko kirol zuzendari ohia. Josean Arruza kirol psikologo eta kolaboratzaile estu izandakoarekin batera, La transición de joven talentoso a deportista excelente liburua idatzi du (Talentuzko gazte izatetik kirolari bikain izaterainoko trantsizioa). Realean bizitako esperientzia oinarri hartuta osatu dute testua.
Klubetako egunerokoaren zurrunbilotik urrundu arren, Lorenek ez du futbolaren haririk galdu: «Ikusi al duzue Bartzelonan gertatzen ari dena? Ez sinestekoa da», esan du, Ernesto Valverderekin gertatutakoaz mintzatzean.
Nola sortu zitzaizuen liburu bat idazteko ideia?
Joseanek [Arruza] animatu ninduen horretara. Hamar urtez nirekin egin zuen lan. Pertsona eta profesional bikaina da, eta oso lagungarria izan zait, niretzat eta Realeko formakuntza arloan. 2008an, sartu nintzenean, argi nuen nolako kluba nahi nuen; harrobiarekin ariko ginen, gazteekin. Ahalik eta ondoen hezi behar genituen, eta argi nuen zer alor landu behar ziren: teknikoa eta taktikoa, gaitasunak, eta kirol psikologia. Egun futbolean dagoen exijentziarekin, formakuntzan ditugun beharrekin, ez dut ulertzen nola klub gehienetan ez den kirol psikologia lantzen: errendimendua, etengabeko hobekuntza, antsietatearen eta estresaren kontrola, eta abar.
Zergatik da garrantzitsua kirol psikologiaren alorra lantzea?
Hiru alderdi daude. Hasteko, gazteekin lan egiten dugunean, jakina da klubean hasten diren gehienak ez direla iristen lehen taldera. Prestatu behar dute jarraituko ez duten une horretarako, apur bat traumatikoa baita. Gero, saiatu behar dugu ahalik eta jokalari onenak izan daitezen; argi izan behar dute zein den klubaren nortasuna eta filosofia, eta guk, ahalik eta mailarik gorenean jokatu nahi badugu jokalarien %80 etxekoak izanda, prestatu egin behar ditugu. Arlo tekniko-taktikoan eta fisikoan oso aurreratua dago guztia, baina badirudi arlo psikologikoa ez dela existitzen, eta ezinbesteko garrantzia duela uste dut. Hiru alor horiek integratzea arrakastaren zati bat da. Azkenik, badirudi jokalari batzuek lehen taldera iristean amaitu dutela hobekuntza prozesua, eta hori ez da horrela. Lehen taldean egon arren, 18 urteko jokalari batek ez du amaitu formakuntza: oraindik hobetu beharra du. Ni 35 urterekin erretiratu nintzen, eta ordura arte ikasten segitu nuen.
Gida gisara antolatu duzue liburua. Nori zuzendua dago?
Egia da oso teknikoa dela. Kirolarekin harremana dutenei zuzenduta dago. Futbolaz ari gara, baina beste edozein kiroletara heda daiteke. Arlo tekniko-taktikoa futbolari lotua dago, baina alor psikologikoa edozein kirolekin lotu daiteke. Ikasi nahi duenarentzat da, azken hamar urteetan Realean nola lan egin dugun jakin nahi duenarentzat. Hasi entrenatzaileetatik, eta kaleko zaleetaraino; baita kirolarientzat ere, noski. Bizitako esperientziak azaltzen dira, eta gurasoentzat ere baliagarria da.
Bertan egin dituzun hamar urteetan nola aldatu da kirol psikologiaren garrantzia Realean?
Hobera egin du. Nik gertutik bizi izan nituen prestatzaile fisikoen hasierak. Lehendabizikoa, Julen Masach, Zubietara iritsi zenean, gogoan dut fiskalizatzaile bat balitz bezala ikusten genuela: proba fisikoak egiten zizkigun, entrenatzaileari esango zion hura ni baino azkarrago zela... Etsaia zen. Gero, denborarekin ohartu ginen hobetu egiten ginela. Psikologiarekin, berdin. Hasieran, futbolariei kosta egiten zitzaien, arazo moduan ikusten zuten: sentitzen zutena, bizi zutena, kontatu egin behar zuten, eta zuzenketak egin behar genizkien. Beharrak-eta esatea kostatzen zitzaien; denborak aurrera egin ahala, naturalagoa bihurtu zen; jokalariak hasi ziren ohartzen hobera egiten zutela lanabes horrekin. Badaude jokalariak guk egindako bidea hasieratik bizi izan dutenak eta hobekuntza igarri dutenak. Egun, lehen taldean daude horietako batzuk.
Psikologiaren balioa ezberdina izango da harrobian eta lehen taldean. Beharrak ere halakoak dira.
Lehen taldean, jokalari bakan batzuekin izan ezik, ez dugu lan hori egiten talde gisa. Behetik etorritako batzuek segitu dute erabiltzen, baina taldean ez dugu integratu. Elitean, entrenatzaileei kosta egiten zaie halakoak txertatzea; haiek ez badute sinesten, jai duzu. Onena da behe mailetan oso ondo barneratua dagoela.
Oso gutxi erabiltzen da?
Kontua da zaila dela pertsona egokiak aurkitzea. Begira, liburuaren hitzaurrea Julen Lopetegik egin du; bizi guztiko lagunak gara. Eta esan zidan Realean lan ona egiten ari ginela, gaztetxo jatorrak genituela. Gisa horretako lanean sinesten duela esan zidan, baina horretarako pertsona egokirik ez zuela. Guk Josean Arruza genuen; goi mailako kirolariekin 40 urteko esperientzia du. Saiatuko gara liburuaren bidez psikologia fakultateetara iristen, eta profesionalek aurrerako urrats bat egin dezaten, lan hauetarako trebatu daitezen.
Liburuak piztu du grinarik?
Idatzi digute posta elektronikoaren bitartez-eta. Entrenatzaile batzuek galdetu dute metodologiaz; Josean Arruzak badu tresna bat, eta haren bitartez jokalari eta entrenatzaile guztiei lotzen ginen. Lanabes horrek laguntza handia eman digu, guztia jasota geratzen baita. Esan digute futbolean halakorik ez zela, eta oihartzuna izan duela.
Beraz, dibulgatzeko helburua lortu duzue?
Argi dago. Guretzat, lehendabizikoa hau zen: Realaren unerik zailenetako batean egindako lanaren lekukotza uztea liburuaren bidez. Taldeak hiru urte egin zituen Bigarren Mailan, Jokinen [Aperribai, presidentea] ailegaera ere halakoa izan zen, zaleak erdibituak zeuden... Iritsi ginenean izandako ikuskeraren berri eman nahi genuen, lan integral baten gisa. Horren ondoren, jendeak aprobetxa dezala azaldutako hori.
Hamar urte horietan une onak eta txarrak izan zenituen. Nola kudeatzen dira gorabeherak halako klub batean?
Uste dut lortu genuela kide izatearen sentipen bat sortzea. Bai zuzendaritzaren aldetik, baita kirol zuzendaritzaren aldetik ere. Luki Iriarte hor dago, behe mailetan egin duen lanarekin. Kide guztiok transmititzen genuen klubaz genuen ideiarekiko argitasun bat. Jokalariek beti igarri dute Realak aukerak ematen zituela; jokalari gazteak sentitu behar du hobetzen badu aukera bat izango duela. Hori lortu zen, eta igoeraz geroko guztia hazkundea izan da. Sartu ginenean, izan zen lehen fase bat non zaleak, oro har, oso beldurtuta zeuden, urte txarrak izan genituelako. Ondoren, exijentzia geroz eta handiagoa izan da; Eusebio [Sacristan, entrenatzaile ohia] eta ni klubetik atera ginen urtean Europa Ligan aritu ginen. Horrek jada ez zuen balio; ona da hori, jendeak gosea izatea, baina memoria ere izan behar da. Kontuz ibili behar da ematen diren pausoekin. Nik ideia argi bat dut; uste dut Realak, nortasunagatik eta filosofiagatik, parametro batzuk izan behar dituela. Hala bizi izan dut beti, eta Reala lan egiteko modu horretatik atera zenean, Bigarren Mailan amaitu genuen. Kontuz hori haustearekin.
Hamar urte egin zenituen kirol zuzendari. Ez da aldi laburra. Beharrezkoa da garatu nahi den proiektua sendotzeko?
Garrantzitsua da, finkatzeko. Alegia, hau ez da urte batean lortzen, eta hirutan ere ez. Bost urteren ondoren, metodologia apur bat ezar dezakezu, baina, gutxienez, bost-hamar urte behar dira. Azken bost urteetan hasi ginen emaitzak ikusten; begira lehen taldera igo diren jokalariak, edo Bigarren Mailako taldeetan utzita daudenak. 30-31 jokalari inguru aritu dira lehen taldearen jiran, baina guztiak ezin dira geratu. Futbol profesionalera iritsi dira. Gero, oinarri on bat izan dugu, nik lortutako guztiaren oinarri ditut, eta onartu egin behar zaie: Mikel Gonzalez, Markel Bergara, Jon Ansotegi, David Zurutuza eta gainontzekoak. Klubean zeuden lehendik, apur bat bazterrean, eta haiek josi zuten guztia, gero lan hau egiteko.
Uste duzu Realeko jokalariak balio jakin batzuk bereganatu behar dituela?
Oso garrantzitsua da. Bestela, lan hau ezin da egin: sakrifizioa, exijentzia, lotura, konpromisoa... Gure lana horretan oinarritzen da, eta, niretzat, Realak hori ondo gogoan izan behar du. Hori makaltzen denean, Realak arazoak izaten ditu. Horregatik diot Realak den hori izaten segi dezan beharrezkoa dela harrobiko jokalariei partaide izatearen sentipena txertatzea eta lehen taldera iristeko aukera dutela sinetsaraztea—eta iritsi, iristen dira—.
Alde horretatik, bete da zuen helburua?
Baietz uste dut. Ni oso kontent nago, eta hamar urte hauetan parte hartu duten profesional guztiok oso argi dugu zer lortu den egoera kaskarretan. Diru gutxi zegoen, baina ez fitxatzeko; azpiegituretarako, teknologiarako eta halakoetarako baizik. Hobetzeko behar genuen gauzetarako, alegia. Klubari eman zaion irauliaz argi dugu; Reale Arena ez da egin xeke arabiar bat etorri delako 50 milioi eurorekin. Honen guztiaren errendimenduaren ostean eraiki da.
Nola ikusten duzu Reala?
Oso ondo. Gaitasunarekin ikusten dut: ekonomikoa ere bai. Jokalariak saldu genituenean, saldu behar zirelako saldu genituen, ez nahi genuelako. Hasteko, maila handiko talde indartsuek etete klausulak ordaintzen zituztelako. Ezin genien eutsi, haiek joan egin nahi zutelako. Izan ere, oso talde indartsuak ziren; Valentzia edo Sevilla zure bila baldin badatoz, agian ez zara joango, baina, datorrena Real Madril edo Bartzelona bada, normalena joatea da. Taldea ondo ikusten dut, eta eragozpen bakarra dut, oso argi dudana: nire ustez, Realaren harrobiko lana, filosofia, lehen taldean islatu behar da.
Alegia, harrobiko jokalari gutxi ikusten dituzula?
Nik lau jokalari ikusten ditudanean.... Edo, taldean kanpoko 11 jokalari eta etxeko hamalau daudenean... Badakit nahia ahalik eta goren egotea dela, baina uste dut etxekoekin ere egon daitekeela goian, nahiz eta urteren batean zailtasun gehiago izan. Nik bizi izan dudana da: hortik urruntzen garenean, kontuz, erorikoa oso gogorra izan daiteke eta. Hori oso argi dut.
Funtsezkoa da etxekoen eta kanpokoen arteko oreka on bat lortzea, ezta?
Aurkakorik frogatzen ez den bitartean, Realaren historian, kirol eta ekonomia egonkortasuna—biak lotuta doaz, eta biek izan dezakete arrakasta— lotuta egon da premisa eta oinarri horiek ez galtzearekin.
Nola dago taldea zelaian?
Ondo. Azken urteetan ezarritakoaren jarraipena ikusten dut. Liburuan azaltzen dut; Realean sartu nintzenetik, jokalari diferentzialak sortzen saiatu gara, agian ohikoa zuen jokatzeko eratik ezberdindutako era baten bila. Erasokortasunarekin, intentsitatearekin, baina futbol maila handiarekin. Zubietak sortzen ditu horretarako jokalariak, eta estilo aldetik segida ikusten dut. Oso joko alaia da, aurrealdean ausart ari da, eta kanpotik heldutako jokalari batzuk sartu dira, arrastoa uzten ari dira. Azken urteetan bilatu den joko hori egiten dute. Halere, berriz diot: zera bakarra hori da, etxeko eta kanpoko jokalarien kopuruarena; ez dadila harago joan. Segidarena, hor dago: Imanolekin [Alguacil, entrenatzailea] Reala B-n landutakoa ikusten ari naiz zelaian. Hain justu, liburuan datoz haietako batzuk, eta berehala identifikatu daitezke.
Azkenaldian, teknikari asko atera dira Zubietatik: Imanol bera, Mikel Labaka, Jon Ansotegi...
Bai. Formakuntzaren beste adar bat da. Kirol psikologiaren arloan, jokalariekin egiten da lanik garrantzitsuena, baina baita entrenatzaileekin ere. Haiei ere hobekuntza eta ekimena txertatzen saiatu gara; bereziki harrobiko futbolean errazagoa da, metodologia aldetik analitikoagoa delako. Nik argi nuen Reala B-n, hirugarren taldean eta gerora, gazteen mailan, zenbait jarraibide ezarri behar zirela. Esaten nien nola jokatzen saiatu behar genuen, eta gero bakoitzak ikusiko zuela nola entrenatu. Bakoitzak ikusiko zuen entrenamenduetan zer lan egin jokatzeko era hori lortzen saiatzeko, eta gero hitz egingo genuen. Jagoba Arrasatek erakutsi zuen, Imanol ere ari da...
Zeure burua ez duzu aulkian ikusten?
Egon nitzen. Bai kimu mailan, baita Gonzalo Arconadaren laguntzaile ere Reala B-n, eta Jose Mari Amorrorturekin lehen taldean. Baina, gerora, honetara bideratu nintzen; ez dut sinesten bulegotik aulkira eta aulkitik bulegora dabilenarengan. Bi lan ezberdin dira. Guztiok gara entrenatzaileak, baina ezinbestekoa da jakitea bakoitzaren eginbeharrak zein diren. Ni antolatzaile bat naiz: egituratzea da nire lana.
Talderik gabe zaude 2018ko martxotik. Gertu da itzulera?
Gogotsu nago. Futbol asko ikusten dut, bidaiatzen ari naiz... Prestatzen ari naiz zerbait sortzen denerako. Aseko nauen zerbait egin nahi dut, eta ikusiko dugu.
Lorenzo Juarros. Realeko kirol zuzendari ohia
«Oso argi dut Realak zer izan behar duen»
Realean izandako esperientzia oinarri, futbolaren lan alorrak xehatzen dituen liburu bat argitaratu du Lorenzo Juarros 'Loren' Realeko kirol zuzendari ohiak, Josean Arruza psikologoarekin batera: «Kirol psikologiak ezinbesteko garrantzia duela uste dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu