BI ERRALDOIREN KATEAN LOTUTA

Donbass gerran da 2014az geroztik, baina herritarren artean kezka piztu da guda Ukrainan hedatuko ote den, Errusiaren eta NATOko kideen presio militarra areagotu dela eta; «ziurgabetasunez» bizi dute egoera. Ukraina euren intereserako erabiltzea leporatu diete Ekialdeko eta Mendebaldeko blokeei.

BI ERRALDOIREN KATEAN LOTUTA.
Mikel O. Iribar.
2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Azken egunotan AEB Ameriketako Estatu Batuaren eta Errusiaren arteko tentsioa behin-behinean apur bat baretu bada ere, haize ufadek eragindako sugarrak ez dira erabat itzali. Ez behintzat Ukrainan. «Jende asko beldur da gerra piztuko ote den. Ez dakigu bihar nola egongo garen ere. Nazkatuta gaude ziurgabetasun handiz bizitzeaz. Arrainak ontzi batean itzulinguruka ibiltzen diren bezala gaude», atera zaio barru-barrutik Oleksii Sologubi. «Errusiaren eta Europako Batasunaren artean gaudenez, guztiek konkistatu edo erabili nahi gaituzte euren interesetarako. Ezegonkortasunean bizitzera ohitu gara, eta barneratuta daukagu beti horrela izango dela», gehitu du Irina Tovitxek. Kieven bizi diren bi herritar gazteren gogoetak dira horiek, BERRIAri adierazitakoak. Errusiaren eta Mendebaldearen hatsa gertu sentitzen dute ukrainarrek.

Tovitxek eta Sologubek beste begi batzuekin egiten diote so Euskal Herriari, hemen egonak baitira. Sologub 2005ean etorri zen lehendabizikoz, Txernobyl elkartearen bitartez. «2017ra arte, urtero joaten nintzen Ortuellako [Bizkaia] familiarengana. Bisita egitera joat en naiz oraindik ere, ahal dudanean». Txernobyl ondoko Rusaki herrian jaio zen, baina hiriburura joan zen, lana aurkitzeko zailtasunak zituela eta. Egun, elektrikaria da. Tovitx, berriz, gaztelania irakaslea da Kieveko hizkuntza eskola batean. 2011n Bilbora etorri zen Aisialdiko Proiektuen Kudeaketa Masterra egitera, eta 2013an itzuli zen sorterrira.

Harik eta Maidango protestak hasi ziren arte. Viktor Janukovitx Ukrainako orduko presidenteak Europako Batasunarekin merkataritza akordiorik sinatu ez zuela eta, milaka herritar kalera atera ziren protestara. Aleksei Albuk, Borotba alderdi marxistako kideak, gogora ekarri du gertaera hura: «Janukovitxen erregimenaren aurka geunden. Oligarka zen. Nolanahi ere, Maidango Iraultza hasi zenean, ohartu ginen indar armatuko gehiengoa eskuin muturrekoa zela, eta neonaziak gehitu zitzaizkiola protestari, AEBen kontrolpean. Hala, Maidanen kontrako jarrera hartu genuen; zehazki, komunistok mugimendu antifaxista eraiki genuen, eta beste ideologietako kideak batu zitzaizkigun». Odesan jaio zen Albu, eta eskualdeko herritarren «%90 inguruk» errusiera dute lehen hizkuntza. 2014an, neonaziek sarraskia egin zuten errusiazaleen eta antifaxisten Odesako kanpalekuan, eskualdeko departamenduko buruzagietako batek aginduta, Borotba alderdiko kideak azaldu duenez. Gobernuak bera eta alderdiko beste hainbat kide atxilotzeko asmoa zuela jakin zuenean, Krimeara ihes egin zuen, eta handik Donetskera. Luhansken bizi da 2015eko maiatzetik, eta 2018an Euskal Herrian izan zen, Askapena erakunde internazionalistak gonbidatuta.

Gatazkaren muina non dagoen itaunduta, Albuk argi du: «Krisi kapitalista neoliberalaren ondorioa da, eta agerian geratu dira sistema horrek dituen gabeziak eta kontraesanak. Ekonomia kanibal sistematikoa da; hau da, sistemako alderdi batek beste alderdi bat zanpatzen du». Praktikara eramatean, honela azaldu du: «Errusiak sistema kapitalista du, baina Europaren eta AEBen aurkaria da. Azken bi horiek [SESB] Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren ondorengoko merkatu sistema bereganatu nahi dute. Kontua da Mosku dela Sobietar Batasunaren ondorengoko ekonomia sistemaren epizentroa».

Horiek hala, Albuk dio Washingtonek eskura dituen aukera guztiak baliatzen dituela Moskuren sistemari erasotzeko eta ahultzeko; «esaterako, zigor ekonomikoak ezarriko dizkio mehatxu eginda, edota Ukrainako neonaziei haizea eman eta beren interesei erantzungo dien gobernu bat jarrita, hots, Volodimir Zelenski presidentea. Gisa horretara, Kievek independentzia osoa galdu du, eta AEBak gabe ez da gai erabakiak hartzeko».

Tovitxen eta Sologuben iritziz, berriz, egungo gatazkaren aferak 2014an du jatorria. Parlamentuak Janukovitx kargutik kendu ondoren, Errusiak Krimea anexionatu zuen, eta, handik gutxira, Donbass eskualdean gerra piztu zen, Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken aldeko miliziano errusiazaleen eta Ukrainako armadaren artean. Sologubek hitza hartu du: «Ukrainar gehienok uste dugu Janukovitxek aurrez prestatua zuela jokaldia. Argi zuen: 'Boteretik kentzen banaute, beste giltza bat daukat'. Eta hala gertatu da. Errusiari Ukrainan sartzen utzi diogu».

Errusiarentzat nola, Europarentzat ere herrialde «garrantzitsua» da Ukraina, «estrategikoa», Sologuben esanetan. «Nekazaritzarako lursail handiak izateaz gain, meatzeetatik burdina ateratzen dugu, Europara doan gasbidea gure herrialdetik igarotzen da...». Hori dela eta, Kremlinek «marra gorria» jarri dio NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeari, Albuk aditzera eman duenez. «Moskuk argi esan dio Mendebaldeko blokeari: 'Ukraina ez duzue hartuko'. Halere, NATOko kide AEBek eta Erresuma Batuak hamar base militar dituzte Ukrainako herrialdean barreiatuta. Beraz, Errusiak mehatxutzat hartu du Mendebaldearen hedatzea. Urduri dago».

Egoera horretan, Vladimir Putin Errusiako presidenteak«kontrolpean» eduki nahi ditu SESBek zituen herrialdeak, Tovitxek nabarmendu duenez. Sologub, berriz, hau botatzera ausartu da: «Putinek iraganeko SESB berreraiki nahi du. Bielorrusia berea du, eta Ukraina ere haren eskuetan geratzen bada, Errusia herrialde indartsua izango da». Tovitx ere bat dator: «Errusiak kikildu egin nahi gaitu bere eskuetan egoteko. Xantaia egiten ari zaigu, esanez NATOra batzen bagara konkistatu egingo gaituela. Beraz, NATOri ezin diogu laguntzarik eskatu. Moskuk, Ukrainako Gobernua ahuldu, eta agerian utzi nahi du Zelenski presidenteak herrialdea gobernatzeko gabeziak dituela, hartara Errusiaren aldeko gobernu bat ezartzearren». Hain justu, Sologub kritiko mintzo da Ukrainako estatuburuaz: «Gobernuak zer-nolako erabakia hartuko duen ez digu esaten. Zelenski herritarrak erabiltzen ari da, eta ez digu mezu argirik helarazten, ezta konfiantzarik ere. Ez dakigu nori sinetsi».

Bi herrialdeen arteko tentsioa handitzeak «gorakada» eragin du Ukrainaren patriotismoan, Kieveko bi gazteen ustez. «Ukrainarrak eta europarrak sentitzen gara, Sobietar Batasunaren itzala atzean dugula, noski». Tovitxen aitortza da. Areagotze horrek, ordea, arriskua dakar errusiarren arteko harremana «gaiztotzeko», haren hitzetan. Urruneko senitartekoak ditu Errusian. «Denbora da ez dudala haiekin hitz egiten. Oso zaila da. Errusian bizi direnez, bestelako iritzia dute, baina errespetatu behar zaie». Alta, ñabardura bat egin du: «Errusiako agintariak eta herritarrak bereizi egin behar ditugu, eta ez ditugu denak zaku berean sartu behar, Ukrainako agintariak eta biztanleak bezalaxe».

Erantzuteko «prest»

Hirurek ez dute uste gerra piztuko denik, Errusiari «alde guztietatik garesti» aterako bailitzaioke. «Baina gure auzokoa nor den jakinda, edozer gerta dakiguke. Ezin da aurretik jakin Putinek zer egingo duen», esan du Tovitxek. Errusiak erasora jotzen badu, Ukrainako armada «prest» dago erantzuteko, Sologuben esanetan. «Hori bai: ziur naiz nazioartetik ez genukeela inolako laguntzarik jasoko, ez Europatik, ez AEBetatik. Ukrainako militarrak bakarrik ariko lirateke errusiarren aurka. Agintariak euren eserlekuetan lasai ederrean egongo dira, eta ez zaie ezer gertatuko; gizarte zibilari bai, ordea».

25 urtetik gorakoak entrenamendu militarrak egiten hasi dira, Ukrainako armadak gidatuta. 20 urte betetzean soldadutza egitera behartuta daude, urtebete eta erdi. «23 urte ditudan arren, oraindik ez dut soldadutza egin, auto istripu bat izan nuelako. Medikuaren ziurtagiria urtero erakutsi beharra dut. Edonola ere, gerra pizten bada, armadara joatera behartuta nago: gidari moduan, sukaldari, laguntzaile, elektrikari… Gure herrialdea defendatuko dugu, kosta ahala kosta», azaldu du Sologubek. Imajinatu daitekeen egoerarik okerrena ere irudikatu du behin baino gehiagotan. «30 urtez atzera egingo genuke herrialde gisa. Ondorio latzak izango genituzke, hala ekonomian nola gizartean».

Ukrainatik denbora batez irtengo ote liratekeen galdetuta, Kieveko bi gazteek ez dute zalantzarik: «Okerrago pasatuko genuke familia etxean utzita», esan du Tovitxek. «Joango banintz, senitartekoei nola begiratuko nieke? Eta haiek niri?», galdegin dio bere buruari Sologubek. Biek espero dute agintariek mahaian eserita bide diplomatikotik konponbidea emango diotela gatazkaren aferari; Albuk, berriz, Minskeko Ituna bete beharra nabarmendu du. Ukrainarrek, egunez egun bizi diren arren, sendo eusten diote euren nahiari. «Askatasun osoz bizi nahi dugu, inoren esku hartzerik eta inolako jazarpenik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.