Kataluniako sei hedabidetako sei kazetari elkartu ditu Tota la veritat liburuak (Ara Llibres). Horien artean, Odei Antxustegi-Etxearte (Santa Coloma de Gramenet, Herrialde Katalanak, 1982) Vilaweb-eko erredaktorea eta Ferran Casas (Bartzelona, 1977) Nació Digital-eko zuzendariordea. Bi urteko ikerketaren eta ehun protagonistaren testigantzen emaitza da Katalunian 2017ko urriaren 1ean egin zen independentzia erreferendumari buruzko lana.
Bi urteko ikerketa, sei kazetari; lan konplexua izango zen, ezta?
FERRAN CASAS: Hasieratik argi izan genituen bi gauza, eta iturriekin eta editorialarekin hala hitz egin genuen. Batetik, liburuan ez genuela ezer inoren ahotan jarriko, hau da, off the record erabatekoa izango zela, gauza gehiago esplikatzea errazteko. Bestetik, liburua [urriaren 1eko erreferendumaren auziko] sententziaren ostean argitaratzea, esandakoek ondorio penalak izan zitzaketenez, egon zitezkeen beldurrak uxatzeko.
Protagonistek ba al zuten gogorik gertatutakoaz hitz egiteko?
ODEI ANTXUSTEGI-ETXEARTE: Denetik topatu dugu. Iturrien aldetik, bi oztopo nagusi aurkitu genituen. Bata, prozesua amaitu gabe egonik, gerra baten erdian xehetasun guztiak azaltzea ez zela egokia, eta bestea, esandakoek ondorioak izan zitzaketela epaitegietan. Horrez gain, testigantzek are gehiago urrundu zitzaketela JxCren eta ERCren arteko jarrerak, lehenagoko zauriak ireki zitzakeelako. Baina, gero, sei hedabidetako sei kazetari ginenez, horrek berme moduko bat eskaintzen zuen liburua ez zela alde batekoa izango. Horrek lana erraztu digu.
Tota la veritat izenburuak anbizio handikoa dirudi. Zergatik izenburu hori?
O. A. E.: Izenburua asmoen deklarazio bat da. Ahalik eta kontakizun objektiboena egin dugu, jakinik ez dela existitzen gauzen egia bakar bat. Baina zati handi bat bai, azaldu dugu. Helburua da irakurleak hasieratik jakitea ahalegin bat dagoela horretarako, orain arte egin ez den bezalakoa, garatu dugun ikerketaren zabalerarengatik eta sei hedabidetako sei kazetariren artean egin dugulako. Pozik gaude, ez dugulako gezurtapen bakar bat ere jaso.
Liburuan oso argi gelditzen diren gauzatako bat da JxCren eta ERCren arteko zatiketa sakona. Zenbaitetan oso gordinak dira elkarri leporatzen dizkiotenak.
F. C.: Bai, baina Lizarra-Garazi akordioan EAJren eta ezker abertzalearen artean egon ziren mesfidantza berak dira. Azkenean, lehian ari diren bi indar independentista dira, eta bien arteko berdinketa batean iritsi zen erreferendumaren prozesua. Indarrak berdinduta daudenean, ez dago argi lema nork daraman. Hegemoniaren lehia ez dago amaituta oraindik, eta, nire iritziz, horrek asko zailtzen du bietako batek lidergo argi bat izatea, proiektu politiko bat proposatzea, eta besteak lidergo hori onartu eta proiektuari ñabardurak egitea.
Kontatzen duzuenez, erabakigarria izan zen erreferendumaren antolaketaren zati bat gobernutik kanpoko talde baten esku uztea.
O. A. E.: Estatu Nagusia existituko ez balitz, erreferendumaren antolaketa logistikoa haren esku utzi izan ez balitz, urriaren 1ean ez zen erreferenduma egingo.
Gobernuko zenbait ordezkarirekin batera alderdietako buruzagiak, ANC eta Omniumeko presidenteak eta enpresa munduko zenbait konfiantzazko kide biltzen zituen Estatu Nagusi horrek gobernuko blokeoa askatzen lagundu zuen, baina, aldi berean, mesfidantza sortu zuen hainbat kontseilarirengan.
O. A. E.: PDeCATeko kontseilariek dute mesfidantzarik handiena, horiek baitute informazio gutxien. ERCk dio alderdiak bere kontseilariak informatu zituela hartu ziren erabakiei buruz. Carles Puigdemontek, ordea, ez du komunikazio ona bere kontseilariekin, eta erabakigunetik alboratuta sentitzen dira, jakinik agian beraiek jasango dituztela ondorio judizialak. Puigdemontek gobernuan azken aldaketak egin aurretik, kontseilariek ez zuten inolaz ere uste kartzelara joateko arriskuan zeudenik. Inhabilitazioaz edo ondasuna galtzeaz mintzo ziren, baina ez zuten aintzat hartzen kartzelaren arriskua.
Jendearen antolaketa erabakigarria izan zen, adibidez, hautetsontziak Kataluniara eramateko eta erreferendumaren sistema informatikoa sortzeko?
F. C.: Bai. Gertatzen dena da, liburuan diogun bezala, horren antolaketa ez zela jendearena izan, gobernuarena baizik: alderdiak eta Estatu Nagusia. Urriaren 1a ez zuen jendeak egin; jendeak defendatu egin zuen. Informatikariak Generalitatearen jauregian egon ziren, ez edonoren etxean. Publizitate instituzionala jarri zuena Generalitatea izan zen, eta ondorioak —erbestea eta kartzela— bere gain hartu zituena Generalitatea izan zen, ez boto emaileak. Jendeak, bai, urriaren 1a defendatu zuen. Une kritiko batean, polizia oldarraldi oso indartsuz jositako goiz baten ostean, erreferenduma bertan behera uztea aztertu zen, eta aurrera jarraitzea erabaki zen jendeak erreferenduma defendatu zuelako.
Erreferendumaren ostean bide orriarekin jarraitzeko izan ziren zalantzak ere jaso dituzue. Iritzi desberdinak izan ziren une hark eskatzen zituen urratsei buruz.
F. C.: Kontua da erreferendumaren emaitza ez zela behar besteko irmoa izan parte hartzearen aldetik eta aurreikusi gabeko indarkeria izan zela. Horrek estrategia apurtu zuen. Hiru talde eratu ziren. Talde batek —Artur Mas, Marta Pascal, Carles Mundo, David Bonvehi— uste du urriaren 1eko indarra baliatu beharra dagoela hauteskundeetara deitzeko, bozetan %50 gainditzeko, eta ikusteko ea galdeketarekin eta hauteskundeekin zilegitasun nahikoa lor zezaketen bide orriarekin aurrera jarraitu ahal izateko; edo ez, baina hori zen argudioa behintzat. Beste muturrean, talde batek zioen urriaren 1ean aginte bat jaso zutela, eta, erreferenduma loteslea zenez, bide orriarekin jarraitu beharra zegoela. Horien artean zeuden Lluis Llach, Marta Rovira, Jordi Turull, batzuetan Jordi Cuixart... Tartean beste talde bat zegoen, handiena: Puigdemont, Oriol Junqueras, Jordi Sanchez eta gainerako kontseilariak. Horiek uste zuten erreferendumaren emaitzarekin ez zegoela nahikoa indar errepublika bat aldarrikatzeko. Baina ikusi nahi zuten zer urrats egin zitezkeen Espainia negoziazio batera behartzeko.
Erreferendumaren ostean Kataluniako independentzia deklaratzeko bi diskurtso prestatu zirela ere kontatu duzue. Horietako bat, irakurri ez zena, Quim Torrak idatzi zuen.
F. C.: Logika horretan azaltzen da urriaren 10ean zer gertatu zen. Bi diskurtso prestatu ziren. Horietako bat trantsiziorako legearen araberakoa zen, errepublika aldarrikatu eta indarrean jarriko zuena. Torrak egin zuen. Besteak, berriz, urriko logikari erantzuten dio: bitartekaritza bat eta negoziazio bat egon dadila estatuarekin edo nazioarteko eragileekin. Orduan jo zuten hainbat enpresarirengana, Iñigo Urkullu lehendakariarengana, nazioarteko bitartekariengana, Elizarengana... Aukera guztiekin ahalegindu ziren Mariano Rajoy presidentea mahai batean esertzeko, baina, bitartekaritza bat posible izateko, bi aldeen borondatea behar da. Euskadin gauza bera gertatu zen bake prozesuarekin.
Liburuan diozue Puigdemonten iritziz Urkullu ez dela bitartekari egokia, lerratua ikusten duelako.
F. C.: Arazoa da Urkullu eragile kutsatua dela, berak aldeetako batekin —estatuarekin— interesak dituen neurrian. Rajoyrekin duen harremanak baldintzatuta dago, eta Euskadi barruan ezker abertzalearekin duenak ere eragiten dio. Ezker abertzaleak prozesu honetan asko begiratzen dio Kataluniari, eta presio egiten dio EAJri. Ondoren, EAJk ere abantaila bilatu du esanez: «Ikusten duzue Katalunian zer gertatu den? 155.a ezarri diete, Convergencia pikutara joan da... Guk ez dugu nahi hori Euskadirentzat».
O. A. E.: Bitartekaritza horiekin frogatu da estatuak ez zuela ezer ere negoziatu nahi, Puigdemonti ez baitzion inolako bermerik eman Katalunian hauteskundeetara deituz gero 155.a alboratuko zuelaargi uzteko. Azkenean, hori izan zen bozetara deitzea baztertzera eramango zuten faktoreetako bat. Horri gehitu behar zaio bere taldekoen eta ERCren presioa. Independentzia deklarazioa egingo du, eta badakite ezin izango dutela hura indarrean jarri.
Asko hitz egin da erbestera joateko eta Katalunian gelditzeko hautua egin zutenen estrategiek izan duten eraginkortasunari buruz. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiak balio du hori neurtzeko?
F. C.: Okerra iruditzen zait aukera bat bestearekin kontrajartzea. Azken batean, erbestearen kontakizuna ez litzateke horren sinesgarria izango bederatzi pertsona hautetsontziak jartzeagatik kartzelan egongo ez balira zigor oso handiekin. Kartzelan inor ez balego, erbestekoei esango zieten: «Baina zertan ari zarete, Espainia herrialde demokratiko bat da eta. Ez zarete preso politikoak izango. Ez dizuete mendeku justizia bat ezarriko». Era berean, kartzelan daudenei oso komenigarria zaie kanpoan bozgorailu bat izatea, gatazka gehiago nazioartekotzeko.
O. A. E.: Zenbaitek argi izan zuten beren aukera, baina beste askok azkenera arte izan zituzten zalantzak, eta erabakia arrazoi pertsonalengatik hartu zuten, oso presio handiarekin. Hautu horien atzean ez dago estrategia politiko oso landu bat.
Zer bide hartu dezake orain prozesu independentistak?
O. A. E.: Ikusi beharko da PSOE negoziatzeko prest ote dagoen inbestiduratik harago, eta egiaz gatazka politikoa konpondu nahi ote duen. Nik zalantzak ditut. Liburuak argi uzten du independentismoak estrategia bateratu bat ez izateak asko zailtzen duela erreferendumaren ostean beste proposamen bat adostea. JxC eta ERCk ez dute horretarako gaitasunik erakutsi oraindik.
F. C.: Independentismoa kontraesan bat kudeatzen ari da. Batetik, PSOEren gobernuarekin ezinezkoa da epe motz edo ertainera autodeterminazio erreferendum bat eta amnistia adostea, baina jakitun daude ez dela jokaleku hobe bat egongo Espainiako Kongresuan orain dagoena baino. Inoiz estres test bat egin behar bazaio Espainiari gatazka politikoa konpontzen saiatzeko, jokaleku hau da onena. Elkarrizketaren bidea aldarrikatu nahi bada, edo bide hori amaieraraino probatu, hortik pasatzea derrigorrezkoa da.
O. A. E.: Beste paradoxa bat ere badago. Aldebakarreko bidearen defendatzaileek, beren tesiak gauzatzea horren erraza ez dela ikusi ondoren, behar dute agerian gelditzea PSOErekin negoziatzeak ez duela fruiturik emango. Negoziazioa eraginkorra izan ala ez, independentismoak argudioak izango ditu estrategikoki indartzeko eta, PSOErekin negoziatzea posible ez dela frogatzen bada, aldebakarreko bideari ekiteko.
Ferran Casas eta Odei Antxustegi-Etxearte. Kazetariak
«U- 1eko parte-hartze emaitza ez zen behar bezain irmoa izan»
'Tota la veritat' liburuaren bi egilerekin hitz egin du BERRIAk. Urriaren 1eko erreferendumari buruzko kronika da. Nabarmendu dute «alde batekoa» ez den kontakizun bat egitea izan dutela helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu