Baionako EELV Europa Ekologia-Berdeak alderdiak Henri Etxeto sozialista bozkatzera deitu zuen atzo. Agiri batean salatu zuen konfinamenduak iraun duen bi hilabeteetan kanpoko indar batzuk Baiona Berdea eta Elkarkidearen erabakian eragiten saiatu direla, Jean Rene Etxegarai auzapeza berriz hautatua izan zedin. «EELVk ez du ezkerra galaraziko Baionan». Joan den larunbatean,Henri Etxetorekin aliantzarik ez egitea erabaki zuten ezkerreko abertzaleak, ekologistak eta Frantzia Intsumisoaren zati bat batzen dituen Baiona Berdea eta Elkarkideako kideek, bi bozen aldearekin. Erabaki hori ulergaitza zaie ekologistei: «Nola ukatu liteke ezkerreko hiru zerrenden aliantza, negoziazioan BBEko kideek emandako mandatuak eskatzen zuen guzia lortu ondotik?».
«Suntsitze sistematikoa»
EELVren hitzetan, konfinamenduak iraun duen bi hilabeteetan BBE zerrendatik kanpo «suntsitze sistematiko bat» antolatua izan da, «berri faltsuen bidez», eta horrek bigarren itzulirako aliantza zabala ezinezkoa zelako ideia garatu du. Baionako EELVk eskerrak eman dizkio Jean Claude Iriart BBEko zerrendaburuari, «baldintza zailetan» kanpaina eramateagatik. Baina agirian erabilitako tonu gogorrak dudak sor litzake BBEren etorkizunaz: «Gaur egun dugun penaz eta lotsaz harago, afera honek zauri iraunkorrak utziko ditu».
Bozak Euskal Herrian
Baionako Berdeek Henri Etxetoren alde bozkatzera deitu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu