Sorterria urruti dute. Baina Euskal Herrian Brasilen bezala sentitzen direla diote Adriana Cardoso (Forlaleza, Brasil, 1990), Renata Arruda (Refice, Brasil, 1999) eta Priscila dos Santos (Varghina, Brasil, 1993) Bera Berako jokalariek. Kontxa da orain haien Copacabana, eta Urgull mendia Kristo Corcovadokoa. Aberriak ez ezik, brasildarrek egunerokoari heltzeko duten alaitasunak eta baikortasunak batzen ditu, eta hori taldeari kutsatzen ahalegintzen dira.
Egun hauetan, baikortasun hori oso lagunarri du Dos Santosek. Sasoi honetan fitxatu zuen Bera Berak, Korona Kielce Poloniako taldetik, baina, sorbaldako lesio baten ondorioz, ezin izan du jokatu. Bueltatzear zegoen. Asteburu honetan itzuli nahi zuen, Espainiako Kopako zortziko finalean. Baina, duela hamar egun, entrenatzen ari zela, orpazurda apurtu zuen, eta beste zazpi edo zortzi hilabete eman beharko ditu jokatu gabe. «Egia esan, ezin nuen sinetsi. Hiru hiruren kontra jokatzen ari ginen; pauso bat atzera eman, eta krakateko bat entzun nuen. Taldekideren bat lurrera erori zela pentsatu nuen. Baina orkatila lurrean jartzera joan, eta konturatu nintzen ezin nuela, eta zerbait apurtu nuela».Bizkarreko gogorra izan dela ezin du ezkutatu. «Min hartu osteko lehen egunetan lur jota nengoen, batez ere animoz. Baina, ebakuntza egin eta gero, askoz hobeto nago, eta osatze prozesua hasteko irrikaz».
Taldekideen babesa eta animoak funtsezkoak izan dira egun hauetan. Cardoso eta Arruda herrikideak ondoan izan ditu une oro. «Min hartu zuen egunean, Renata eta biok harekin joan ginen larrialdietara, eta egun hauetan ere ez gara harengandik aldendu», dio Cardosok.
Hirurak oso batuta daude. Cardoso da Bera Beran denbora gehien daramana, bigarren aldia baitu Donostiako taldean. «Gure maistra da, eta errieta egin behar digunean, egiten digu», esan du, txantxetan, Arrudak, eta berehala esker oneko hitzak izan ditu harentzat: «Guretzat oso garrantzitsua izan da bera hemen egotea. Hariesker, askoz bizkorrago egokitu gara hirira eta klubera». Etengabe ari dira elkarri txantxak egiten. «Taldekideek askotan ez gaituzte ulertzen. Baina gu hitz edo begirada batekin barrez hasten gara», onartu du Arrudak.
Euskal Herrian «gustura» daude.Dos Santos, adibidez, Brasil barnealdeko herri batekoa da. Harentzat «oparia» da itsasoa horren gertu edukitzea, eta estimatu egiten du: «Azken lesio hau izan arte, ia egunero joaten nintzen osteratxo bat egitera hondartzara. Itsasoa ikusteak eta entzuteak asko lasaitzen nau. Mendira joatea ere oso gustuko dut, oso naturazalea bainaiz: Urgull, Ulia... Inguru zoragarriak dira». Cardoso lehen egunetik «maitemindu» zen Donostiarekin eta Pasai Donibanerekin. «Erdi zarauztarra naizela ere esaten dut. Han ditut lagunak. Gainera, hemengo ohiturak ezagutzea oso gustuko dut. Euskal Jaiak, estropada, sagardotegi garaia...». Patxada ere gustuko du, dena den: «Denboraldian zehar hainbeste bidaia egiten ditugunez, asko estimatzen dut etxean telebista ikusten egotea». Leku lasaiak bilatzen ditu Arrudak. Bertako bizimodutik gehien zerk harritu dituen galdetzerakoan, argi azaldu du Dos Santosek. «Euria egiten duenean jendea kalera ateratzen dela egiten zaigu bitxiena. Brasilen, euria egiten duenean, jendea etxean geratzen da».
Hain zuzen ere, familiarena eta lagunena ez ezik, eguraldi onaren eta janariaren falta sumatzen dute gehien sorterritik. Euskal Herriko jakiak «oso goxoak» direla onartu dute hirurek, baina prestatzeko modua oso desberdina dela azaldu du Cardosok. «Han espezie asko erabiltzen ditugu. Ni, adibidez, oporretara joaten naizen aldiro horiek ekartzen saiatzen naiz».Sukaldaritza da, hain zuzen ere, Cardosoren zaletasunetako bat, eta urtebetetzeetako afarietan hango platerak prestatu izan dizkie taldekideei. Oilasko haragiarekin egindako strogonoffa da izarra. «Lehen aldiz egin nuenean, asko gustatu zitzaien, eta tarteka prestatu egiten diet». Gozozalea da Dos Santos, eta Yucako bizkotxo bat egin zien duela gutxi taldekideei. «Entrenamendu ostean osorik jan genuen».Sukaldaria bainoago probatzaile ona dela dio Arrudak.
Teknologia berriei esker, maiz hitz egiten du etxekoekin, eta aukera dute Brasilgo albisteen berri gertutik izateko. Kezkaz ikusi dute Jair Bolsonaro agintera iritsi izana.«Kulturaren, hezkuntzaren eta osasunaren gisako gauzak alde batera uzten ari da; eta horren aurrean herritarrek etxean armak izatea bultzatzen ari da. Penagarria da», salatu du Dos Santosek.
Feminismoaren aurka izaten ari den jarrera gogorrarekin kezka azaldu du Cardosok. «Mezu oso okerra zabaltzen ari da, jendeari sinetsarazteko feminismoa eta matxismoa berdin direla. Gainera, emakume asko ari dira jazarriak izaten beren eskubideak defendatzeagatik. Lotsagarria da». Dos Santosen arabera, bada zerbait kezkagarriagoa: «Brasilen jende askok uste duenaren bozgorailu izaten ari da Bolsonaro».
Europarako urratsa
Espero dute egoera horrek ez eragitea Rioko Olinpiar Jokoen bultzada baliatuta Brasilgo kirola izaten ari den «gorakadan». Beraiek, adibidez, eskubaloian hasi zirenean, ez zuten sekula pentsatu Europara iristeko aukera izango zutenik. Izan ere, orain urte gutxi arte Brasilen eskubaloiak ez zuen egun duen indarrik. Futbola eta boleibola ziren nagusi, eta horiek sustatzen ziren. Hala, hirurak ezustean hasi ziren eskubaloian jokatzen: «Nik, adibidez, futbolean jokatu nahi nuen, baikirola zela, eta ez jokatzeko. Ernegatu egiten nintzen horregatik, eta egun batean bizilagun batek esan zidan ea eskubaloian jokatu nahi nuen. Baietz esan nion, eta berehala gustatu zitzaidan», gogorarazi du Cardosok.
Jokoen aurretik, ez zen ohikoa Brasilgo eskubaloi jokalariak Europara etortzea. «Orduan hasi ziren aurrenekoak etortzen. Haiei esker gaude gu hemen», uste du Cardosok, eta hori lortzeko Morten Soubak selekzioko hautatzaile ohiak egindako lana nabarmendu du. «Jokalari dezente ekarri zituen Europako liga indartsuenetara».
Jokalari horien bideari jarraituz, Europako taldeen eskaintzak jaso zituztenean, adibidez, Arrudak ez zuen bitan pentsatu: «17 urte besterik ez nuen Gijonen eskaintza jaso nuenean. Baina oso ausarta naiz, eta halako aukerak askotan behin baino ez dira suertatzen». Dos Santosi ere antzeko zerbait gertatu zitzaion. «Beldur pixka batekin hartu nuen, Poloniako bizimoduak ez duelako zerikusirik Brasilgoarekin. Baina, taldekideek asko lagundu ninduten, eta oso gustura egon nintzen».Europan jokatzea zen Cardosoren nahia ere, baina zalantza gehiago izan zituen erabakia hartzeko garaian. «Fisioterapia ikasten ari nintzen, etaurtebete baino ez zitzaidan falta amaitzeko. Gainera, aitak ez zuen nahi ni etxetik irteterik. Amak lagundu ninduen; hark esan zidan hori bazen nik nahi nuena, ausartzeko».
Espero dute beraiek ere eredu izatea Brasilen eskubaloian jokatzen ari diren neskatoentzat: «Pixkanaka, gero eta eskola gehiago daude, etahori funtsezkoa da. Izan ere, Europan, adibidez, umeak lehenago hasten dira jokatzen»,azaldu du Arrudak.Dena den, oraindik ere baliabide asko falta direla nabarmendu du Cardosok. «Guk, adibidez, material asko eramaten dugu eskola horietara: baloiak, zapatilak, kirol arropa... Oraindik ere, ume askok kalean eta txankletekin jokatzen dute». Komeriak komeria, harrobiko lan hori hobetzen segituz gero, Dos Santos ziur da Brasilgo eskubaloiak gora egiten segituko duela. «Hango liga indartu egingo da: antolakuntzan, kirol mailan... Izan ere, pena da hainbeste jokalarik handik joan behar izatea goi mailan jokatzeko».
Liga hobetzeak selekzioari mesede egingo lioke, hiruren esanetan. Hurrengo txapelketa garrantzitsua Tokioko Olinpiar Jokoak dira, hurrengo urtean. Han egotea «ametsa» da hirurentzat. «Zaila da. Jokalari asko gaude orain Europako liga indartsuenetan jokatzen, eta lehia handia izango da», azaldu du Dos Santosek. Baina «lanean jarraitzeko motibazio gisa» ere ikusten du hori Arrudak. «Egokiena horretan asko ez pentsatzea da, eta arreta osoa eguneroko lanean jartzea. Hor ondo arituz gero, aukera gehiago izango ditugu».
Jorge Dueñas bilbotarra da egun Brasilgo hautatzailea, eta hori «abantaila txiki bat» dela uste du Cardosok. «Berak gertutik aztertzen du Espainiako Ohorezko maila. Morten, aldiz, Brasilen bizi zen; aukera gutxiago zuen gure partidak ikusteko».
Sasoi amaierari begira
Denboraldi honetan Bera Beraren hainbat partida ikusi ditu Dueñasek. Granollersen aurka galdu eta gero, liga asko zaildu zaiela onartu du Cardosok. «Mimo handiz prestatu genuen neurketa, eta gauzak ez zitzaizkigun ondo atera. Denboraldian badira halako egunak, eta, zoritxarrez, horietako bat egokitu zitzaigun». Dena den, bat dator Imanol Alvarez entrenatzailearekin: «Jendeak uste baino aukera gehiago dago Ro'Casak huts egiteko. Challenge Kopako finala jokatu behar du, eta tartean Gijonen eta Valladoliden kontrako partidak izango ditugu. Bi talde horiek estu hartu dezaketela uste dut».
Aurretik, dena den, asteburu honetan, Espainiako Kopako azken faseajokatuko dute, Barakaldon. Final-laurdenetan Ro'Casa bera egokitu zaie. «Kanporaketa gogorra izango da, baina gogo handiz gaude. Ligako bi partidak irabazi egin genizkien, oso ondo jokatuta, gainera, eta horri eutsi behar diogu: defentsan gogor arituz, eta erasoan bizi». Ostiralean jokatuko da partida hori.
Behin denboraldia amaituta, Arruda da etorkizuna ziurtatua duen bakarra, orain aste batzuk berritu baitzuen kontratua Bera Berarekin. «Egia esan, oso gustura nago hemen, eta Mercheren [Castellanos] alboan asko ikasten ari naiz». Cardoso klubarekin hitz egiten ari da. «Baina oraindik ez dugu ezer adostu, eta datozen asteetan hartuko dugu erabakia. Nik jarraitu egin nahi duke». Dos Santosen geroa ere airean dago: «Osatzeko prozesua hemen egingo dut, eta gero gerokoak».
Euskal Herrian, Brasilen pare
Azken urteetan Brasilgo eskubaloiak izandako gorakadaren adibide dira Adriana Cardoso, Renata Arruda eta Priscila dos Santos Bera Berako jokalariak. Beste herrikide batzuen antzera, Europan jokatzeko esperientziarekin gozatzeko aukera izaten ari dira, eta egunero zukutzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu