Metala epeldu dute 2026ra arte

Bizkaiko metalgintzako sindikatuen gehiengoak eta FVEMek lan itun berria sinatu dute. Lan Sailak akordiora batzeko esan dio ELAri. LABek eskatu du grebalarien aurkako salaketak indargabetzeko

Metalgintzako Bizkaiko lan hitzarmen berriaren sinadura ekitaldia, atzo Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan. Ezkerretik eskuinera: Iratxe Azkue (LAB); Adolfo Rey (FVEM), Elena Perez Barredo Lan sailburuordea; Jose Maria Rojo (UGT), sinatzen; eta Luis Mouliaa (CCOO). OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Bizkaiko metalgintzako lan hitzarmen berria indarrean da. CCOOk, LABek eta UGTk, sektoreko 56.000 langileen %59 ordezkatuz, eta FVEM patronalak atzo sinatu zuten agiria. Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan izenpetu zuten, eta Elena Perez Barredo Enplegu sailburuordea izan zen anfitrioia. Hark egin ditu artekaritza lanak azken bileretan, eta desiraturiko argazkia lortu zuen. ELAk, aldiz, —%41eko ordezkaritza— ez zuen sinatu. Itun hobea lor zitekeela uste du, eta Mikel Etxebarria sindikatuko ordezkariak bere harridura onartu zuen beste sindikatuek «eszenifikazio» hori oparitu ziotelako Jaurlaritzari. Barredok, berriz, bere jarrera birplanteatzeko eskatu zion ELAri.

Hamahiru hilabeteko negoziazio eta borroka prozesua amaitu da. Besteak beste, 11 greba egun, 21 bilera, eta hainbat langileren aurkako salaketaren ondoren. Azkenean, %15eko soldata eguneraketa onartu dute 2022-2025ko eperako —%6,5eko iazko urterako; %4koa aurtengorako; %2koa 2024rako, eta %2,5ekoa 2025erako—. Haien amaieran, pilaturiko KPIa handiagoa bada, haren araberako doikuntza bat egingo da 2026aren hasieran.

Urrun gelditu dira lehen bileretako eskaintzak. FVEMek hiru urterako eskaintza batekin ekin zion bideari, bakoitzean %2ko soldata igoera eskainiz. Tamara Yague FVEMeko presidenteak enpresariek ahalegin handia egin dutela nabarmendu zuen, eta gogoratu zuen sindikatu batzuk KPIa gehi %4,5eko eskaerekin hasi zutela negoziazio prozesua.

Igoera horiek soldata tauletan aplikatuko dira. Alegia, sektoreko ituna duten enpresetan. Dena den, negoziazioak gertutik jarraitu dituzten iturrien arabera, azken bileretan gehien katramilatu den gaia gutxieneko bermearen batezbestekoa izan da. Gutxieneko bermeak zehazten du zenbat handituko diren sektoreko hitzarmenetik kanpo dauden enpresa hitzarmenetako soldatak.

Normalean, enpresa itunek sektorekoa hobetzen dute. Bada, akordioaren arabera, haiek izango dituzten soldata igoerak sektorerako onarturikoaren %75aren adinakoak izango dira, gutxienez. Aurreko kopuru bera da. ELAk gehien kritikatu duen baldintzetako bat da, tauletatik kanpo ere KPIaren araberako igoerak eskatzen zituelako. Puntu hau nola garatuko den idazteko dago.

Soldatez gain, sinatzaileek nabarmendu dute aurrerapausoak eman direla beste baldintzetan. Hogei urtean lehenbizikoz, lanaldia murriztu da —egun bat— eta subrogazio eskubidea zabaldu dute telekomunikazioekin zerikusia duten azpikontratetara. «Patronalak eskubideak ukatuz hasi zuen negoziazioa, beldurra sartzen, eta borrokak bere fruitua eman du», aldarrikatu zuen Luis Mouliaa CCOOko ordezkariak. Sindikatu guztietako ordezkariek esan zuten patronala mugitu bada, grebei esker izan dela.

Sindikatuek ukitu ezin izan duten puntuetako bat Aldi Baterako Lan Enpresen erabilera da. Metalgintzan oso ohikoak dira, eta enpresariek defendatzen dituzte lantaldea kudeatzeko malgutasuna eskatzen dutenean. Negoziazioan, sindikatuek haien erabilera sei hilabetera mugatzea eskatu zuten, langileko zein lanpostuko. Azkenean, baina, ezin izan diote eskaerari eutsi.

Zitazioak jasotzen

«Gu akordioa sinatzen ari garen bitartean hainbat langile epaitegietara bidean dira zitazioak jasotzeko», salatu zuen Iratxe Azkue LABeko ordezkariak. Haren ustez, Jaurlaritza lan gatazka errepresioaren bitartez konpontzen saiatu zen, eta langileen borrokak behartu du artekaritza. Alde horretatik, eskaera zuzena egin zion: «Ertzaintzari eskatzen diogu salaketa guztiak bertan behera utz ditzala». CCOOko eta UGTko kideek ere eskaera bera egin zuten. Dagoeneko hainbat langilek deklaratu dute metalgintzako grebetan egondako istiluengatik.

Desordena publikoa edo autoritatearen aurkako atentatua egozten dieten langileen kasuan, salatzailea Jaurlaritza da. Lan Sailak artekari rola hartu duen arren, atxilotu eta salatuen egoera ez da negoziazio mahaian egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.