Europako Batzordearen eta erraldoi teknologikoen arteko borrokan, beste round bat hasi da. Google, Amazon eta Apple miatu ondoren, Facebooken txanda iritsi da. Bruselak ikertuko du enpresa multinazional bilakaturiko sare sozialak monopolio jardunak darabiltzan ala ez. Publizitatearen eta iragarki laburren arloetan egozten dizkio jardun horiek, bere mesedetan erabiltzen dituelakoan sare sozialean publizitatea jartzen duten enpresen bitartez lorturiko datuak. Batzordearen susmoa da Facebookek datu horiek baliatzen dituela enpresei konpetentzia bidegabea egiteko iragarkien bitartez. Praktika horrek Europako lehiaren araudia urratuko luke.
«Ia 3.000 milioi pertsonak erabiltzen dute Facebook, eta ia zazpi milioi enpresa iragartzen dira bertan. Erabiltzaileen datu pila bat biltzen ditu, eta, horri esker, interes edo nahi jakin bat duten bezeroengana iristeko aukera du», azaldu du Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehia komisarioak. Batzordeak, orain, datu horien kudeaketa aztertuko du, Facebooki lehia abantaila ematen dioten ala ez ikusteko, «bereziki sareko iragarki laburren merkatuan».
Batzordeak arreta berezia jarriko du Facebook Marketplace iragarki laburren zerbitzuan, sare sozialera lotuta doan ala ez argitzeko. Izan ere, produktuen salerosketarako hainbat plataformak publizitatea jartzen dute Facebooken, eta, bide batez, lehia egiten diote Marketplace-ri. Honela azaldu du Bruselak bere susmoa: «Facebookek, esaterako, hauxe egin lezake: lehiakideen publizitatearen emaitzak aztertu, haien erabiltzaileen nahien inguruko datuak biltzeko, eta, gero, Facebook Marketplace egokitu erabiltzaileen gustuen neurrira».
Batzordeak ez dio eperik jarri bere buruari «sakoneko» ikerketa amaitzeko, eta «lehentasunezkoa» dela esan arren, haren iraupena ikerketaren zailtasunaren eta enpresaren kooperazioaren araberakoa izango da. Erresuma Batuak ere ikerketa propioa hasiko du, baina iragarri du lankidetza «estua» izango duela EBrekin. Ikerketaren ondorioen arabera, Facebookek bere negozio bolumen osoaren %10erainoko isuna jaso dezake. Iaz 70.611 milioi euroko diru sarrerak lortu zituen munduan.
Antzeko azken kasua Apple-ri jarritako salaketa izan zen, iragan apirilaren 30ean. Streaming bidezko musikaren banaketan «aginte egoeraren abusua» egotzi zion, eta Spotifyren moduko plataformei gehiegizko komisioak ezartzea. Amazonen aurkako ikerketa, aldiz, iazko azaroan hasi zen, Facebooki egotzitakoaren antzeko ustezko delitu bategatik. Orduan jakinarazi zuen Vestagerrek erraldoi teknologikoak kate motzagoan lotzen saiatuko zirela. Googleren auzia lehenago izan zen: 1.490 milioi euroko isuna ezarri zion 2019an, «lehiakortasunaren aurkako jardunengatik».
Facebookek bozeramaile baten bitartez erantzun du, eta, aurreratu duenez, enpresak lankidetza osoa eskaini dio EBri, akusazioek «oinarririk» ez dutela erakusteko: «Etengabe ari gara zerbitzu berri eta hobeak ikertzen Facebook erabiltzen duen jendearen eskakizunei ahalik eta hobekien erantzuteko». Era berean, azaldu du iragarki laburrek eta harreman pertsonalak lortzeko guneek aukera zabala eskaintzen diela erabiltzaileei, eta bi zerbitzuak lehiakortasun oso handiko merkatu batean murgilduta daudela.
Facebook miatuko dute orain
Europako Batzordeak monopolio jokaera egotzi dio sare sozialari. Publizitatea jartzen duten enpresen datuak bere mesedetan erabiltzen dituen ikertu nahi du, eta ea haiek baliatuz lehia bidegabea egiten dien
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu