Pentsioak: gutxi dira gustura

Kotizazioak igotzearen aurka azaldu da Confebask, baina ELAk eta LABek diote motz geratu dela eta erreformek pentsioak txikituko dituztela. Elkarrizketa sozialaren emaitzak defendatu ditu Sordok

Emakume bat pentsiodunen manifestazioan, joan den larunbatean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Motz geratu da batzuentzat, luze besteentzat, eta botea leku egokian egin du pentsio erreformaren azken pilotak gutxi batzuentzat. Astelehenean, Espainiako Gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek akordioa lortu zuten gizarte kotizazioak 0,6 puntu handitzeko eta hortik lortutako diruarekin pentsioen erreserba funtsa betetzeko. CEOEk ez zuen sinatu nahi izan, eta Confebaskek babestu egin du erabaki hori. ELAk eta LABek, berriz, ez dute gaizki ikusi kotizazioak handitzea, baina iruditzen zaie ez dela nahikoa «pentsio duinak» bermatzeko, eta nabarmendu dute indarrean jarriko den neurri sortak pentsioak txikituko dituela.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronala CEOEren kide da, eta jakinarazi du hark esandakoa bere egiten duela «hitzez hitz»; hau da, kotizazioak handitzeak enpresen gastuak handituko dituela eta, hortaz, haien lehiakortasunari kalte egingo diola. «Kontratazioaren eta suspertzearen hegaletan beruna jartzea da», esaldia baliatu du Confebaskek akordioa salatzeko, nahiz eta kotizazioak ez diren 2023ko urtarrilaren 1era arte igoko. Batez beste, enpresek hamar euro gehiago kotizatu beharko dituzte hilero, eta langileen soldata garbia pare bat euro txikituko da.

Sindikatu abertzaleek ez dute lekurik izan Madrilgo negoziazio mahaian, baina han izan balira ere nekez izango luke akordioak haien sinadurarik. Bakoitzak bere aldetik kaleratutako agirietan, ELAk eta LABek antzeko argudioak eman dituzte ituna kritikatzeko. Horrela, batek zein besteak nabarmendu dute kotizazioak 0,6 puntu handitzea motz geratzen dela. «Kotizazioei eskua sartuta ere ez dira bermatuko pentsio publiko duinak», esan du LABek, eta oso «urrun» jarraituko dute 1.080 euroko gutxieneko pentsioek, sindikatu abertzaleek eta Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak eskatutakoak. LABen arabera, Madrilen sinatutakoak «norabide argi bat» dauka: «Pentsio publikoen sistema hezurretan utzi, bizirik irauteko adina justu emango duen prestazio gisa, eta pentsio pribatu osagarrien eredua hedatu».

«Manipulazio nabaria»

ELAk ere «pentsio publikoen hobekuntza nabarmena» nahi du, eta argi du horretarako zergekin ere ordaindu beharko direla. Gainera, «manipulazio nabaria» ikusi du Belaunaldien arteko Ekitate Tresnari buruzko berrietan. «Lehen osagaia baino ez baita azpimarratzen», hau da, gizarte-kotizazioak 0,6 puntu handituko direla, baina badu bigarren puntu bat ere, eta horretan aukera zabaltzen da 2033tik aurrera pentsioen gastuaren ehunekoa murrizteko neurriak hartzeko. «Beste era batera esanda, pentsioak murrizteko konpromisoa hartu dute».

Era berean, gogorarazi du azken akordioa pentsioen erreformaren zati bat baizik ez dela, eta Kongresuan eztabaidatzen ari diren lege proiektuak erretiro aurreratuetan murrizketak egiten dituela eta ez duela «benetan» bermatzen erosteko ahalmena. Izan ere, Espainiako Gobernuaren asmoa da urtarrilean 2021eko batez besteko inflazioaren arabera igotzea pentsioak (%2,5 inguru), eta ez azarokoaren arabera, lehen ohitura zenez. LABi ere «iruzurra» iruditu zaio pentsioak batez besteko inflazioaren arabera eguneratzea, eta nabarmendu du ez dela azkena izango: «Bruselarekin kotizazio urteak 25etik 35era luzatzeko konpromisoa ezagutu berri dugu, baita pentsio pribatuak hedatzeko egitasmoak aurrera egiten duela ere ».

«Bruselarekin hainbat murrizketa egiteko konpromisoarekin» haserre dago ELA ere, eta, horregatik, alderdi politikoei exijitu die beren botoekin ez ditzatela neurri horiek onartu, eta 2011ko eta 2013ko pentsio erreformak indargabetu ditzatela.

Langileei eta beste gizarte eragileei begira dago LAB erreformei erantzuna emateko: «Madrildik eta elkarrizketa sozialetik datorrenari geldirik eta begira geratzea akatsa litzateke [...]. Arrazoiak sobera daude Euskal Herritik eta Euskal Herrian errealki eragiteko greba orokorra egiteko».

Igotzeko tartea

Baina erreformak badu nork babestu. Horien artean dago bultzatzaile nagusia, Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroa. Patronalari zuzendu zaio, erreformari ezetz esateko beren argudio nagusia arbuiatuz: «Axola duena lan kostua da [...]. Espainia, lan kostuetan, [igotzeko] tartea duen egoera batean dago». Kotizazioen igoera «izugarri apala» izateaz gain, beharrezkoa dela gaineratu du: «Ongizate estatua ordaindu egin behar da, eta gurearen antzeko sistemak dituzten herrialdeetan modu honetara [kotizazioak handituta] egiten dute».

ELAri eta LABi zuzendu zaie, berriz, Unai Sordo Espainiako CCOOko idazkari nagusia, Bilboko Herri Irratian. «Esaten zuten jasangarritasun faktoreak legedian jarraituko zuela, eta ez da hala; esaten zuten pentsioei buruzko akordioak pentsioak jaitsiko zituela, eta ez da hala». Sordoren arabera, sindikatu abertzaleek «zail dute» beren jarrera justifikatzeko: «Betidanik egurtu dute gizarte elkarrizketa, baina oso fruitu garrantzitsuak ematen ari da. Espainian hiru milioi lanpostu salbatu ditu; milaka batzuk Euskadin, eta hamarnaka mila enpresa salbatu ditu gure herrian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.