Fed-ek interes tasak jaitsi ditu, 2008tik lehen aldiz

2019ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Lehen aldien unea izan zen atzo AEBetako Erreserba Federalean, Fed-en. Lehen aldiz apaldu zituen interes tasak 2008. urtetik, baina baita Jerome Powell buru duenetik ere. Orduko hartan, zeroan utzi zituen, lehertu berri zen finantza krisiari nola-hala erantzuteko. Oraingoan, ordea, egoera ez da inondik ere hain dramatikoa, eta, horregatik, mugimendu neurtua egin du AEBetako banku zentralak: 0,25 puntu jaitsi ditu, %2 eta %2,25 arteko tarte batera.

Jaitsierak ez du guztiz asebeteko Donald Trump AEBetako lehendakaria. Etxe Zuriko maizterren ohiko politika alde batera utzi eta presio egiten aritu zaio Erreserba Federalari, erakunde independentea dela ozen aldarrikatzea gogoko duen instituzio bati. Trumpek behin eta berriz eskatu du interes tasen «jaitsiera handi bat», uste baitu oraingoekin AEBek desabantaila duela Europako Batasunarekiko eta Txinarekiko.

Fedek, baina, handira baino, nahiago izan du txikira jokatu, nahiz eta atea irekita utzi duen hurrengo hilabeteetan tasak gehiago jaisteko. Baina analisten eta Fed-eko kideen artean badira tasak egokiak direla uste dutenak —bi gobernadorek bozkatu zuten jaitsieraren aurka—. Izan ere, AEBetako datu makroekonomikoak txukunak dira: hazkundea moteltzen ari da, baina oraindik ere %2,1eko erritmoan hazi zen bigarren hiruhilekoan; langabezia tasa azken 50 urteetako txikiena da (%4); eta kontsumo pribatua sendoa da (%4,3).

Horren aurrean, tasak jaisteko arrazoien artean daude industriaren motelaldia —Trumpek berak abiatutako merkataritza gerrek sustatutakoa, bidenabar—, inbertsioaren amiltzea, inflazioa ez dela %2 desiratura iristen, eta, batez ere, ekonomiak okerrera egingo duen uste zabaldu bati aurrea hartzeko borondatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.